NAIZ

Hau Pittu Hau konpartsaren Euskara Saria jaso du Presoen Euskara Irakasle Taldeak

«Bazterretatik baztertuekin» egindako zubi-lanaren aitortza gisa, Hau Pittu Hau Euskaldunon Konpartsak aurtengo Euskara Saria eman dio Presoen Euskara Irakasle Taldeari Aste Nagusiko ostegun honetan.

Presoen Euskara Irakasleen Taldeko kideek jaso dute Euskara Saria.
Presoen Euskara Irakasleen Taldeko kideek jaso dute Euskara Saria. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Presoen Euskara Irakasle Taldea izan da Hau Pittu Hau Euskaldunon Konpartsak urtero banatzen duen Euskara Sariaren irabazlea. Boluntario talde hau duela zazpi bat urte hasi zen lanean, urruntzea jasaten ari ziren presoei euskara irakasten, urrutitik urrutira, gutun bidez, eta dispertsioa amaitzea lortu zenean, bertatik bertarako eskolak ematen.

Presoak hurbildu arren, «espetxea bera deserri eta baztertzaile denez, presoek, edozein euskaldunek bezala, euskara ikasteko eskubidea bermatuta izan behar dute, eta horixe izan da Presoen Euskara Irakasleen xedea zazpi urte hauetan», jakinarazi du konpartsak.

Bide horretan, euskara irakasteaz gain, euskal kultura hauspotzen aritu dira; hor daude, esaterako, Basauriko eta Zaballako Bertso Eskolak, edo espetxeetan garatutako bestelako ekimen kulturalak. «Lan horiek guztiek agerian uzten dute bai euskarak espetxeak aldatzeko zein indar duen, eta baita euskarari presoek zer ekarpen egin ahal dioten ere», baloratu du Hau Pittu Hauk.

Presoen Euskara Irakasle Taldeak ibilbidea bukatu du, eta espetxeetan euskara irakasteko lekukoa erakundeei eta euskaltegiei pasatu die: «Orain, eurei dagokie euskaldunon euskara ikasteko eskubidean aurrera egitea».

Euskara Saria banatzen duten testuinguruari dagokionez, konpartsak salatu du «euskaldunon aurkako oldarraldi politiko eta juridiko betean, epaitegiek euskaraz aske jarduteko eskubidearen aurka egiten dutela aktiboki eta, bitartean, beste erakunde publiko batzuek zapalkuntzari bide egiten diote, utzikeriaz».

«Urrutira joan gabe hemen, Bilbon, udal ordenantzaren beharra aldarrikatzen ari gara, euskaldunon eskubideak egunez egun mugatuago baitaude. Egunerokotasunean euskaraz ezin aritzeak baztertu egiten gaitu, bigarren mailako hiritar bihurtzen gaitu gure herrian. Bigarren mailako hiritar gisa, bazterretik», deitoratu dute.