NAIZ

Bilboko konpartsa baten aurkako salaketa jarri du etxebizitza turistikoen Aparture elkarteak

«Pozarren gaude horrelako elkarteek onartzeagatik gure azoetako miseriaren eragileak direla», erantzun du Kranba konpartsak Aparture elkarteak Bilboko epaitegi batean haien aurka salaketa jarri duela jakin eta gero.

Kranba konpartsaren aurtengo txosna, legez kanpoko etxebizitza turistikoez ohartaraziz.
Kranba konpartsaren aurtengo txosna, legez kanpoko etxebizitza turistikoez ohartaraziz. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Euskadiko Erabilera Turistikoko Etxebizitzen Elkarteak (Aparture) salaketa jarri du Bilboko epaitegi batean Kranba konpartsaren txosnaren arduradunen aurka, «mehatxuak» egitea leporatuz eta etxebizitza turistikoak legez kanpo okupatzeko deia egiten duela argudiatuz.

Salaketa honen arabera, Bilboko jai gunean jarritako txosna horrek «mehatxuzko kartelak» erakusten ditu, eta Aste Nagusiaren esparruan etxebizitza turistikoak legez kanpo okupatzera bultzatzen du.

Aparturek epaitegiaren aurrean zehaztu duenez, Kranbak publikoki erakutsi dituen mezu hauek guztiz esplizituak dira. Honako hau diote kartelek, beti ere salaketa honetan arabera: «Baduzu etxebizitza turistikorik? Okupatu egingo dizugu». Eta higiezin horiek legez kanpo okupatzeko jarraibide zehatza dakartela erantsi du salatzaileak.

Elkarte horren ustez, ekintza horiek, etxebizitza turistikoen jabeak zuzenean mehatxatzeaz gain, «delituak egitera bultzatzen dute, eta segurtasunik gabeko giroa sortzen dute sektorean».

Kranba: «Pozarren gaude»

Ohar baten bitartez, Kranbak azaldu du hedabideen bitartez jaso duela salaketaren berri eta ofizialki «fantasia» horren inguruko jakinarazpenik iritsi ez bazaie ere «pozarren daudela» nabarmendu dute, haien iritziz elkarteak onartzen baitu «gure auzoetako miseriaren eragileak direla, negozio-eredu horrek etxerik gabe uzten gaituelako».

Gogorarazi dute Kranba okupazio mugimenduaren konpartsa dela eta, hortaz, «herri antolakuntza eta etxebizitza eskubideak» dira beraien xedeak, «okupazioaren bidez ere».

«Kartela kentzea eskatzen digute –diote oharrean–. Ez dakigu zeri buruz ari diren, gure txosnak 15 metroko luzera baitu. Baina ez diogu kalte handiagorik egin nahi haien sentikortasunari, beraz, kendu egingo ditugu, beranduenez, astelehenean bertan, desmuntatze egunean». Ildo horretan gonbitea ere egin diete elkartekoei: «Gogoz baldin badaude, laguntzera etor litezke, eta lan komunitarioa zer den ikusi, errentetatik bizitzera ohituegiak baitaude».

Erabilera turistikoko etxebizitzen aferak garrantzia handia hartu du Euskal Herrian zein ondoko gainerako herrialdeetan, eta mobilizazio ugari eragiten ari da nonnahi. Izan ere, honek izan duen hazkundea eta etxebizitzen salneurrien garestitzea elkarlotuta daudela antzeman daiteke. Gazteei bereziki oso era zuzenean eragiten dio honek, alokairuak nabarmendu zaildu egiten direlako. Bilbon eta gainerako euskal hiribuetan dagoen egoera erreportaje honetan landu du GARAk.