Xaria lege islamikoarekin bat eginez, «bertutea sustatu eta bizioa prebenitzeko» arau berri bat onartu dute talibanek Afganistanen, Justizia Ministerioak baieztatu duenez. Besteak beste, hijaba derrigorrezkoa dela berretsi eta emakumeei publikoki bozgoran kantatzea, errezitatzea edo mikrofono baten aurrean hitz egitea debekatzen die legeak.
Hijabari erreferentzia egiten dion artikuluan, arauak ezartzen du emakumeek ezinbestean estali beharko dutela aurpegia eta gorputza, «tentazioa» saihesteko.
35 artikuluk osatzen dute legea eta uztailaren 31n argitaratu zen Afganistango Egunkari Ofizialean. Oro har, islamiar emirerrian ezagunak diren hainbat debeku ezartzen ditu, baina kontrol zorrotzagoa ere ahalbidetu dezake.
«Lege horren arabera, Ministerioa behartuta dago ongia ezarri eta gaizkia debekatzera (...), eta bakearen eta jendearen arteko senidetasunaren erantzule ere izatera», adierazi du Barkatullah Rasooli Justizia Ministerioko bozeramaileak, Tolo News Afganistango kateak argitaratutako adierazpen batean.
Gainera, Rasoolik gaineratu du Ministerioak gidariei debekatu egingo zaiela emakume helduak garraiatzea legezko tutore gizonezkorik gabe.
«Xaria eta hijabaren inplementazioa dira gure marra gorria. Ezin dugu gai horietaz inorekin negoziatu», esan du agintariekin egindako bilera batean Mohammad Khalid Hanafi Bertutearen eta Bizioaren ministroak, Tolo News-en arabera.
Arauak baditu, bestealde, hedabideei buruzko xedapen orokorrak eta betebeharrak, «musulmanak umiliatzeko edo iraintzeko» debekua, baita izaki bizidunen irudiak sartzekoa ere.