Jon Ormazabal

Udako aukera bakarraz gozatzeko modurik ez diote utzi Laso-Imazek Urrutikoetxeari

Bizkarreta-Gerendiaingoak eta oiartzuarrak partida borobila jokatu duten bitartean, Jon Mariezkurrenak ez du ohikoa duen nagusitasunik izan atzeko koadroetan. Altuna-Martija izango dira Baikokoen aurkariak igandeko finalean.

Unai Laso Mikel Urrutikoetxea baino eraginkorrago aritu da erasoan.
Unai Laso Mikel Urrutikoetxea baino eraginkorrago aritu da erasoan. (Oskar_MATXIN_EDESA/FOKU)

2022ko Binakako finala errepikatuko da igandeko Bilboko Aste Nagusiko finalean, Altuna-Martijaren osteguneko garaipenaren ostean, Laso-Imaz Urrutikoetxeari gailendu baitzaizkie bigarren finalerdian.

Mastersetik eta udako feria nagusi gehienetatik at, etxekoak behar zuen Mikel Urrutikoetxearentzat gozatzeko torneoa, enpresak ere jartzerik zuen bizkartzainik onena jarri dio, baina gaurkoan Jon Mariezkurrenak ez du, urrutiegira joan gabe, duela hiru egun eskas, Bizkaia frontoian bertan nagusitasunik izan. Tarteka pilotakada latzen bat jo badu ere, –esaterako 7-12koan errebotean jarri du pilota– Berriozarko atzelaria gozakaitz antzean ibili da partidako zatirik handienean, batez ere hasieran, eta erasoan baino, defentsan nahi baino denbora gehiago eman behar izan dute gorriek. Zaratamokoak erakutsi du tantoa amaitzea ez zaiola ahaztu, ale oso ederrak utzi ditu 4-10eko eta 13-20 gantxo ikusgarrietan esaterako, baina bere atzelariak agintzen ez duenean bultzatzea garai batean baino gehiago kostatzen zaio.

Urdinek, ordea, partida borobila jokatu dute, Unai Lasori ezkerrak berriz ere egunik onenetan bezala funtzionatu dio, batez ere txokoan, eta Ander Imazek oso partida sendoa jokatu du, pilota bakarra galduz. Indartsu ekin diote partidari nafarrak eta gipuzkoarrak eta lan erdietarako (11-4) lehia oso bideratua zutela zirudien, markagailuan bezala jokoan, oso nagusi izan direlako.

Alperrikako susperraldia

Hortxe heldu da bizkaitarraren eta nafarraren partidako unerik gozoena, hein handi batean, Jon Mariezkurrenaren susperraldiak eraginda. Ordura arte ez bezala gozatu du Berriozarkoak tarte horretan pilota eskuinez, Urrutikoetxeak ere bikain lagundu dio tantoak amaitzerakoan eta emaitza bi tantora estutzera heldu dira (11-13), zaratamoarrak txokoan utzitako pilota bati esker.

Baina Laso-Imazek haizea kontra izan dutenean sufritzen ere jakin izan dute, tanto oso gogor batean defentsa lan bikain bati esker aurkariei tanto batera gerturatzea galarazi diete eta hortik aurrera berriz ere erraz egin dute ihes markagailuan. Bakoitza berean, Laso eta Imaz bere aurkariak baino hobeak izan dira eta merezita lortu dute finalerako txartela.

 

FITXA TEKNIKOA

Urrutikoetxea-Mariezkurrena: 13

Laso-Imaz:22

Pilotakadak: 452. Iraupena: 62,42 minutu. Markagailua: 0-3, 1-3, 1-4, 2-4, 2-9, 3-9, 3-10, 4-10, 4-11, 6-11, 6-12, 9-12, 9-13, 11-13, 11-15, 12-15, 12-20, 13-20, 13-22. Sakeak:  2 Lasok. Egindakoak: 6 Urrutikoetxeak, 2 Mariezkurrenak,  10 Lasok eta 2 Imazek. Galdutakoak: 3 Urrutikoetxeak, 5 Mariezkurrenak,  4 Lasok eta 1 Imazek. Gorabeherak: Sarrera polita, 1300 lagun inguru Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Lehen sakea gorri.