Kazetaria / Periodista

Trumpekin lehiatzeko, Harrisek bere irudia zuhur taxutu du konbentzio demokratan

Historian geratuko den unea da Chicagon ostegun gauean ikusitakoa. Lehendakarigaia den lehen emakume beltza da Kamala Harris, baita asiar jatorriko estreinakoa ere. Demokratek konfiantza berreskuratu dute, eta sinetsita daude azaroan irabazi egingo dutela. Baina benetako lehia orain hasiko da.

Kamala Harris, konbentzio demokratan
Kamala Harris, konbentzio demokratan (Saul LOEB | AFP)

Estatubatuarrek inork baino hobeto dakite marketina lantzen, eta distiratik eta emoziotik asko izan dute demokraten konbentzioko lau egunek. Zer esanik ez Harris lehendakarigaiaren itxiera-hitzaldiak. Bai, ezinbestean ehun mila puxika gorri, urdin eta zuri bota zituzten amaieran, detaile txikiena ondo aztertutako diskurtsoa izan zen, baita zuzeneko emanaldirako errealizazioan ere. Horretarako dira ekitaldi hauek, azken batean, AEBetan zein Euskal Herrian. Marketinak ez luke ezkutatu behar une historikoaren garrantzia, horratik. Distirarekin batera argi-ilunak bilatzea azterketa kritiko baten oinarria izanda ere.

Kamala Harrisek bazekien bere bizitzako diskurtsorik garrantzitsuena zuela. Hitzaldiko zati handi bat bere burua aurkezteko erabili zuen, eta hautagaitza onartu zuen jarraian: «Herriaren izenean, estatubatuar guztien izenean, edozein dela ere alderdia, arraza, sexua edo zure amonak hitz egiten duen hizkuntza, nire amaren izenean eta inoiz bere bidaia ezezagunean abiatu diren guztien izenean; haien istorioa lurreko nazio handienean bakarrik idatz zitekeen horien izenean, zuen izendapena onartzen dut». Datozen urteetan ere gogoratuko den pasartea da.

Orain arteko asteetan estratega demokratek lortu dute nahi zutena: beraien mezua gailentzea, aurkariek eman nahi zutenaren gainetik. Harris ez da figura berri bat, baina era berean marketineko ‘produktu’ gisa modu askotara molda zitekeen. Joe Bidenen presidenteordea da, Kalifornian fiskala izan zen, emakume beltza da, gurasoak unibertsitateko irakasle zituela esan liteke, edo indiar etorkin baten alaba dela. Denak dira egia, baina bata ala bestea nabarmendu, aldatu egiten da pertzepzioa.

Horregatik esan ohi da biografia garrantzitsua dela, eta Harrisen kasuan bere sinesgarritasunaren zati handi bat ostegunean egon zen jokoan. Eta hitzez hitz eta esaldiz esaldi neurtutako diskurtsoan, publikoki erakutsi nahi duen pertsonaren oinarriak markatu zituen. India aipatu zuen, ingelesean azentua zeukan ama, jamaikar aita aipatu zuen jarraitzaile beltzen bozkariorako, elkar babesten duen komunitatea aipatu zuen, ama langilea gogoan.

Kontzeptu berriak

Indarra, askatasuna eta aldaketa izan zituen diskurtsoaren mezu nagusietakoak. Ez dira elementu hutsalak. Lehenak Trumpen aurkako talka dakar. Presidenteordearen argudio nagusia da, indartsua dela. Bidenen aurrean balio zuen kontzeptua da, baina Harris oso indartsu ageri da. Fiskalaren rolak lagundu egiten dio, biografian agerian utzi zuenez: larderiaren aurka, herritarrei jazartzen zaien konpainia boteretsuen aurrean, bortxatzaileen aurrean emakume indartsua izango dela azpimarratu zuen. Horrekin batera, indar hori amarengandik hartua eta elkar babesten duen komunitatean oinarritua dela gogorarazi zuen. Oaklanden, eskubide zibilen aldeko mugimenduaren gune garrantzitsuenetako batean hazitako emakumea da, azken batean.

Aldaketa; hori zen «saltzeko» elementu konplikatuenetakoa beharbada. Azken batean, gaurko gobernuko presidenteordea da. Harrisek Bidenekiko esker ona adierazi zuen hasieran, haren lana goraipatu zuen handikiro. Eta horrekin batera, aurrera egin zuen diskurtsoan, berriz ia aipatu ere ez egiteraino. Komeni zenean zertzeladaren bat bai, administrazio honen zati dela azpimarratzeko, baina oro har hautagai berri eta berritzaile gisa aurkeztu zuen bere burua. Bide batez, markoa definitzen ere laguntzen dio horrek: Trumpekiko erreferenduma da bozketa hau, eta ez Bidenen administrazioari buruzko azterketa. Egia da Bidenen beraren estrategia ere hortik zihoala, ziur aski beste aurkari errepublikano batekin izango ez lukeen aukera izateko herrialdea autoritarismora eraman nahi duen hautagaiaren polarizazioarekin jokatuz.

2022ko agintaldi erdiko hauteskundeak ondo irten zitzaizkien estrategia horrekin. Baina Biden ez da 2022koa. Eta ordukoaren gakoetako bat abortu-eskubidea galtzetik etorri baldin bazen, Harrisek Bidenek baino askoz indar handiagoz defendatuko du eskubide hori. «Ez goaz atzera», aldarrikatu zuen Harrisek, konbentzioko une gorenetako bat errepikatuz: asteartean Lil Jon rap kantaria taula gainera igo zenekoa. Areto guztia dantzan jarri zuen, bere herrikide Georgiako ordezkariak batez ere (2020ko hauteskunde lehiatuena izan zen Georgia).

Kontzeptu interesgarriena, baina, askatasunarena da. Beyonce ez zen Chicagon egon (izan zen zurrumurrurik egongo zela), baina ‘Freedom’ kanta demokraten doinu bihurtu da. Azken urteotan eskuinak (era indibidualistan, noski) aldarrikatu duen kontzeptu hori Harrisen taldeak bereganatu du asteotan, ordea, errepublikanoen kalterako. Horrekin batera, diskurtso patriotikoa izan zuen Harrisek, militarismoa ere bere egiteraino: «Munduko armada indartsuena izango dugu gero ere». Estatubatuar arruntarekin konektatzeko azken gakoa, Tim Walz hautagaiaren eskutik iritsi da azken asteotan: weird (arraro) deitzea Trumpi eta JD Vanceri. Mezua laburbiltzeko: haiek dira arraroak, gu jende normala gara. Markoa.

Mezu kalkulatua

Dozenaka mila lagun espero ziren ezkerreko taldeen protestetan. Astelehenean eta, batez ere, ostegunean, jende asko izan da, baina hedabideetatik hauspotutako istiluen arrastorik ere ez. Konbentzioaren segurtasun-guneko polizia-lerroarekin egondako bultzada batzuk gorabehera, protesta baketsuak izan dira Union Park-en.

Kritikak ez dira konbentzioaren kanpoaldean soilik egon, ordea. Lau egunotan, ia inork ez du aipatu nahi izan Gazako egoera. Salbuespenak: Alexandria Ocasio-Cortez kongresukide ezkertiarra, Israeli armarik ez saltzeko eskatuz. Egia da lehen egunean areto nagusitik urrun egindako paneletako bat Gazako egoerari eskaini ziotela. Hamasek urrian bahitutako gazte baten gurasoek ere semearen askatasuna eskatu zuten taula gainetik. Une hunkigarria izan zen. Alta, primarioetan uncomitted edo ‘konpromisorik gabe’ kritikoa bozkatu zutenen ordezkariei (Chicago ingurukoak asko) ezetz esan diete. Azkenean, eserialdia egin zuten United Center-eko atarian. «Harris-Walzen aldeko emakume musulmanen elkarteak» taldea desegitea erabaki zuen. «Eszenatokian izan zen bahituaren familiak gure hautagaiak edo konbentzioak baino enpatia handiagoa agertu du palestinarrekiko», salatu zuen.

Eta Harrisek berak? Israel estu hartzeko Biden baino zorrotzagoa dela aipatu izan da. Hitzez hitz neurtu zuen zer eta nola esan: «Beti bermatuko dut Israelek bere burua defendatzeko gaitasuna izatea». Israel armatzen jarraituko duela esanda, «baina», «ordea», zetorrela zirudien. «Gazan gertatutakoa ikaragarria da. Hainbeste bizi errugabe galduta», esan zuen, «galdutako» bizi horiek Israelek «galarazi» zituela aipatu gabe, noski. Su-etena eskatu zuen, bahituak askatzeko eta «duintasunerako, segurtasunerako, askatasunerako eta autodeterminaziorako duten eskubidea gauzatu dezaten palestinarrek». Mezu kalkulatu hori da, nonbait, AEBetako palestinar komunitate handiena daukan hirian Harrisek gehienez esan dezakeena. Haien botoak erabakigarriak izan litezke arabiar biztanle asko dituzten mugako bi estatuetan, Wisconsinen eta Michiganen, zehazki.

Fase berria

Hemendik aurrera hasten da benetako lehia. Ez omen dago gidalibururik zure hautagaia hauteskundeetatik ehun egunera aldatzen duzunean nola jokatu esateko; are gehiago, argi dago asteotan ari dela liburu hori idazten. Hauteskunde-kanpaina eremu berri batera sartu da orain. Distira eta ilusioari eusten saiatuko dira demokratak, noski, baina hemendik aurrera zehaztasunak eskatu dizkiote herritarrek, kazetariek, eta aurkariek, noski. Presioak gora egingo du datozen asteotan.

Operazioa oso ondo irten da Alderdi Demokratarentzat. Hautagai-aldaketatik konbentziora arteko bidean zalantza ugari zeuden uztailean. Baina laster uxatu ziren: egun gutxian alderdi guztia bildu zen Harrisen atzean, etxe barruan ez zen lehiarik egon. Konbentzioan ere ospakizuna izan da nagusi. Orain, mitinekin eta herritarrei eskua ematearekin batera, elkarrizketen unea dator. Horrekin bat, eztabaidak datoz. Irailaren 10ean Donald Trumpekin hitzartutako debateak berebiziko garrantzia izango du azken asteotan egindako urratsak Etxe Zuriraino doazen jakiteko.