Duela bi urte, Bizkaia Frontoian bertan, elkarrekin jokatzen eta arerio berdinen aurka, ihes egin zien Binakako txapela adina ez, baina amorruz ospatu dute Unai Laso eta Ander Imazek Bilboko Aste Nagusiko torneoko garaipena. Arantza kentzeaz harago, iazko udatik beste inork lortu ez duena egin baitute, Jokin Altuna final batean garaitzea –Lasoren kasuan aste honetako bigarrena litzateke, gainera, taldekako Bizkaia Torneoa kontutan hartuta–. Elkarren arteko besarkadak aringarritik ere izan du puska bat, bigarren atsedenaldi luzean (18-11) esku-eskura izan duten garaipenak ihes egingo zienaren beldurra handia izan baita partidaren azken txanpan.
Halakoetan erabiltzeko erraza den topikoaz harago, lehendik ondo ez bazekiten, partidak 22. kartoira heltzean irabazten direla ondo ikasi dute Baikoko ordezkariek, zer esanik ez, parean amezketarra baldin badago. Izan ere, irabaz daitezkeen txapel eta garaikur guztiak Larrunarriren azpiko txoko batean gordetzen badira ere, Altuna III.aren gosea asegaitza dela erakutsi du berriz ere Aspeko aurrelariak. Emaitza horrekin, eta zortzi egunetan jokatu duen seigarren partida izanda –bihar Donostian bederatzigarrena jokatuko du– errazena amore eman eta garaipenari ihes egiten uztea bazen ere, egungo Buruz Buruko txapeldunak partidaren lehen hiru herenetan ihes egin inspirazioa berreskuratu eta, Martija sendo baten laguntzarekin, ezinezkoa zirudien partida iraultzetik gertu egon da. Bi aldiz gerturatu dira tanto bakarrera (18-19 eta 20-21), baina aste bikaina osatu duen Unai Laso ere ez zegoen barkatzeko eta merezitako garaipena eskuratu dute erroibartarrak eta Oiartzungo atzelariak.
Merezitako garaipena
Izan ere, partida osotasunean hartuta, Baikoko ordezkariek partida askoz osoagoa jokatu dute Lasok eta Imazek. Partida zalantzaren batekin hasi badute ere, bakoitzak pilota argi bat galdu du lehen bi tantoetan, ia lehen pilotakadatik Unai Laso eta Ander Imaz nagusi izan dira, kantxan bezala markagailuan ere. 3-1ekoan atzelariak bigarren pilota bat ere galdu arren, oiartzuarrak ikaragarrizko lana borobildu du, denborarik gehienean Julen Martijari bizkarra erakutsiz. Egia da Jokin Altunak erasora pasatzeko aukera gutxiago izan dituela, baina aurrean ere Unai Lasok amezketarrak izan ez duen eraginkortasun bat erakutsi due tantoak amaitzerakoan lehen erdi luzean.
Gipuzkoarra aurkako atzelaria bultzatu eta ezkerrez pilota ondo gurutzatu ezinik ibili den bitartean –aurkariari hanketara jokatu bai baina zabaleko marra aurkitu ezinik– Unai Lasoren esku horrek ostiraleko sentsazio onak itxura baino zerbait gehiago direla berretsi du, era guztietako tantoak amaituz, txokoan asko, baina zabala ere ondo topatuz. Marrekin zalantzazko zenbait jokaldietan zortea ere alde izan du gainera aurrelari nafarrak.
Denbora luzez, arrakalarik gabeko bikotea osatu dute Laso eta Imazek eta inor gutxik espero zezakeen Bilboko feria etxera eramateko hainbeste sufritu behar izango zutenik. 11-17koan lortu du Jokin Altunak ezker airez bere lehen tantoa eta hortxe argiren bat piztu balitzaio bezala izan da, azkenerako 10 tantorekin amaitu baitu partida, horietako sei izan direlarik airez lortuak. Julen Martijak ere izan du zeresanik azken txanpako partida aldatze horretan, pixkanaka behetik gora egin baitu etxeberriarrak nabarmen eta berak ere Imaz dezente estutu baitu.
Suspertzea ez da nahikoa izan Bilboko garaipena ere eskuratzeko, bai, ordea, Bizkaia Frontoian izan direnak asetzeko, zutik jarrita agurtu dituzte eta finaleko lau protagonistak.
FITXA TEKNIKOA
Altuna-Martija: 20
Laso-Imaz: 22
Pilotakadak: 736. Iraupena: 81,22 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 3-1, 3-7, 5-7, 5-10, 6-10, 6-14, 7-14, 7-16, 8-16, 8-17, 11-17, 11-18, 13-18, 13-19, 18-19, 18-21, 20-21, 20-22. Sakeak: 2 Altuna III.ak eta 3 Lasok. Egindakoak: 10 Altuna III.ak, 1 Martijak, 12 Lasok eta 1 Imazek. Galdutakoak: 5 Altuna III.ak, 1 Martijak, 5 Lasok eta 3 Imazek. Gorabeherak: Sarrera polita, 1500 zale inguru Bizkaia Pilotalekuan Bilboko Aste Nagusiko torneoaren finalean. Unai Lasok eraman zuen finaleko pilotaririk onenaren saria. Lehen sakea urdin.