Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Alex Antunez eta Gabriel Ocina
Aktoreak

«Ezagutu ditugun drag queen-ak XXI. mendeko gizon errenazentistak dira»

Ilunpean egon ohi diren bi errealitate biziki desberdin fokuen azpian jarri dituzte: bata, drag queen edo transformisten bizipenak; bestea, alzheimerra, gaixotasun latza. Kabaret estiloan eta 35 urtetan antzerkian metatutako jakinduriarekin osatu du Hortzmugak ‘Bidaiaren amaieran’ koktela.

Alex Antunez eta Gabriel Ocina, antzezlan honen protagonistak.
Alex Antunez eta Gabriel Ocina, antzezlan honen protagonistak. (Oskar MATXIN | FOKU)

Aurpegian nekearen zantzuak biek, eta, Alex Antunezen eskuei erreparatuta, ‘artisteoan’ ari direlako susmoa izan dezake, itzalaren bila, Bilboko goiz bereziki bero honetan, gure ondoan eseri den turista bikoteak.

Laranja koloreko azazkala faltsu eta deigarriak daramatza aktore honek, gauetan Divina Pedrea izeneko drag queen-aren azalean sartzen baita Euskalduna jauregian datorren igandera arte (irailak 1) ikusgai dagoen ‘Bidearen amaieran’ antzezlanean. Bueno, antzerkia, kabareta, showdrag-a, komedia... modu askotan definitu daiteke Hortzmuga talde bizkaitarrak bukatu berri den Aste Nagusiari begira martxan jarri zuen proposamena. Esperimentuak luzapena izango al du?

Kaleko antzerkian ibilbide luzea duen konpainia honek kalea du jokaleku gustukoena eta ohikoena... orain arte. Kalerako sortu zuten duela hiru bat urte, eta orain antzokirako moldatuta dator ‘Bidearen amaieran’ (gaztelaniaz, ‘Al fin del camino’) antzezlana. Ostegunean, 29an, euskaraz egingo dute –honek badu bere ‘zera’, Aste Nagusian euskaraz programatu den talde pribatu bakarra izan baita–, eta abuztuak 30, 31 eta irailaren 1ean, gaztelaniaz. Saio guztiak 20.00etan.

Divina Pedrea eta Pedro, bere aita. HORTZMUGA

Abiapuntua: Divina Pedrea drag-a (Alex Antunez) bere jaioterrira itzuli da. Duela 20 urte etxetik bota zuen, eta, orain, alzheimerraren ondorio izugarriak pairatzen ari den aitarekin, Pedrorekin (Gabriel), elkartu da berriro. Istorioak beste kutsu bat hartuko du; izan ere, Pedro Euskalduna ontzioletako sindikalista ohia da; hau da, ihes egin behar izan zuen hiriko Aste Nagusi betean semeak bere ikuskizunarekin lehen aldiz zapalduko duen eszenatoki dotorea dagoen lekuan zegoen lantegiko behargina izan zen.

Naturaltasun osoz dabil Antunez azazkal luze horiekin. Ez zaizkio apurtu; agian kale antzerkiak duen ‘zama’ handi bat kendu duelako? Kaleko emanaldietan furgoneta hustu eta betetzea ez da lan makala-eta!  

Orain urte batzuk kalerako sortutako antzezlan hau Euskaldunan sartu duzue. Freskotasuna galtzeko beldur al zarete?

Alex Antunez: Ez, hori da gure hizkuntza edo gure zigilua: publikoarekin harremana izatea, publikoa gure ikuskizun guztietan beste pertsonaia bat delako. ‘Bidearen amaieran’ ikustera datozenean, ez dira areto batean sartzen, ez dira eserlekuan esertzen, ez dute argia itzali eta ‘ni ikusle voyeur bat naiz’ esaten. Sartzean bi dantzarirekin jolasten dute, gero xanpaina ematen dugu... eta nire pertsonaiak, Pedrin edo Divina Pedrea, drag queen bat denez, publikoarekin asko hitz egiten du. Publikoa istorioko beste pertsonaia bat bihurtzen dugu.

Hau ez da zuen bidearen amaiera, teorian bizitza luzeagoa izango duelako lan honek, baina ezta hasiera ere, ezta?

A.A.: Erdigunean dago. Ni zirkulua itxi dugulakoan nago. Kalean hasi zen bidaia, alzheimerra eta drag queen-en egoerak plazaratu nahi genituelako egun argiz. Badirudielako askotan pertsona bat, gaixotzen denean, familiak egoitzara eraman edo etxe barnean ezkutatzen duela. Eta drag queen-ei dagokienez, nahiz eta beste kontu bat izan, urteak egon dira sartuta taberna zehatz batzuetan, ordutegi zehatz batzuetan. Eta ‘hetero’ mundua bakarrik joaten da beraiek ikustera, ezkondu aurreko festetan ‘maromo’ batek ipurdia ukitu diezaien eta barre egin dezaten. Gaur egun beste errekonozimendu bat lortu dute, baina ez da erabatekoa. Guk ezagutu ditugun drag queen-ak XXI. mendeko gizon errenazentistak dira, denetarik egiten dutelako: arropak, makillajea, testua, abestu, dantzatu.. eta hori baloratu egin behar da.

«Eskaintza pribatuari dagokionez, Aste Nagusian euskaraz egon diren bi emanaldi bakarrak gureak izan dira»


Aurten 35 urte bete dituzue. Ez duzue ospatuko?

Gabriel Ocina: 35 bete ditugu aurten?

A A.: Bai. Gu oso arraroak gara: 35 urteak kaleko ikuskizun bat areto itxi batera sartuta ospatzen ditugu [barrez]. Hurrengo urterako ikuskizun berezi bat prestatuko dugu ospatzeko.

Kalekoa, baita ere? Ez al zaizue gogorik piztu beste mota bateko antzerkia egiteko?

A.A.: Kaleko antzerkiak zeozer dauka, ‘engainatu’ egiten zaitu... Guk egin ditugu gauzak aretoetan, baina kaleko zerbaitekin nahastuta beti.

Agian jendeak ez daki, baina zuek beste mota bateko ikuskizun handiak ere egiten dituzue. Esaterako, Aste Nagusian Marijaiaren agurra.

A.A.: Aurten ere egin dugu, bai. Marijaia itsasadarrean agurtzen denetik, guk egin dugu ikuskizuna.

G.O.: Hamar urte baino gehiago daramagu.

A.A.: Baina hor protagonismoa Marijaiak du. Igandean ‘Bidearen amaieran’ bukatu genuenean, azkar-azkar desmakillatu eta korrika hurbildu nintzen ikustera. Negar batean egon nintzen.

G.O.: Bilboko Olentzero ere neu naiz, ez al nauzu ezagutu? [Olentzeroren ahotsa jarri du]. Ia 20 urte daramatzat Olentzero izaten.

‘Bidearen amaieran’ antzezlanarekin esfortzu berezia egin duzue. Euskaraz programatzea zaila baita.

G.O.: Konpetentzia handia zegoen.

A. A.: Baina eskaintza pribatuari dagokionez, Aste Nagusian egon diren bi emanaldi bakarrak gureak izan dira.

Apustu handi bat da, gezurra dirudi 2024an horrelako zerbait esatea.

G.O.: Aurreko hamarkadan eskaintza gehiago zegoela iruditzen zait niri. Nik ez dakit zer gertatu den, baina inpresioa daukat jaitsiera bat egon dela.

A. A.: Esan behar da guk ikuskizun familiarrak egiten ditugula. Eta Euskal Herrian egiten ditugun ia emanaldi guztiak euskaraz dira, kalean eta euskaraz. Baina bat-batean, areto batean sartzean, bi emanaldi aurrera egin eta kostatzea... Guk bagenekien, baina egin beharreko zerbait zen. Hau apustu handia izan da Hortzmugak-entzat: dantzariak, ikus-entzunezkoak sartu ditugu... Entsaiatu behar izan dugu berriz, zeren ez da berdin kalean edo areto batean egin, baina, aldi berean, pentsatu dugu: «Hau aukera bat izan daiteke ‘Bidearen amaieran’ aretoetan plazaratzeko». Guk uste dugu baietz, eta lanean ari gara horretan, programatzaileak gonbidatuz. Nik uste oraintxe bertan ez dagoela horrelako ikuskizunik: kabaretaz mozorrotutako antzerkia da, dibertsioz mozorrotutako antzerkia.

Memoria ariketa bat ere bada, bikoitza, gainera.

G.O.: Aitaren pertsonaia Euskalduna ontziolako langile ohia da, eta ikusle batzuentzat drag queen-ak izango dira deigarrienak, baina beste jende askorentzat ez: «Ene, nora eraman nauzue? Bat-batean hamarkada horretan nago, Deustuko zubiaren borrokan!». Jende askorentzat oso gogorra izan zen, eta ordutik aldatu dute hiria goitik behera. Pedrok oihukatzen dituen leloak dira gaur egun pentsiodunen ekitaldietan entzuten direnak.