Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Indartsu dator gure zinema Zinemaldian: Williams anaiak, Chaplin eta Benito Ansola

Euskal film batek (‘Marco’, hemen Perlak atalean ikusiko duguna) nazioarteko ‘langa’ Venezian saltatu duen egunean, Donostian gure zinemagintza indartsu agertu da. Zinemaldian gure zinemak presentzia handia duelako.

Benito Ansola (txapelarekin) eta Jose Luis Rebordinos ‘Zortzitik infinitura’ filmeko taldearekin.
Benito Ansola (txapelarekin) eta Jose Luis Rebordinos ‘Zortzitik infinitura’ filmeko taldearekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Irudia adierazgarria zen: datozen irailaren 20tik 28ra egingo den Zinemaldiaren edizio berriaren barnean Zinemira atalean ikusiko diren lanen aurkezpenerako Donostiako Tabakalerako auditoriuma lepo egon da, gure ikus-entzunezkoen jendez beteta. Ekoizleak, zuzendariak, gidoigileak, aktoreak... duela urte batzuk, eman dezagun hamar urte, euskal zinemak ez zuen horrelako presentziarik ezta indarrik ere Zinemaldian; hedapen bat, sendotze bat egon da.

Guztira 20 lan −15 film luze, hiru telesail eta bi film labur− izango dira Zinemaldiaren 72. edizioko euskal partaidetza osatuko dutenak, eta ia sail guztietan programatuta egongo dira: Sail Ofiziala, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made in Spain, Belodromoa, Haurrentzako zinema eta EITB Gala. Han aurkeztuko dituzte beraien lanak, esaterako, Alauda Ruiz de Azúak, Jon Garañok eta Aitor Arregik, Izibene Oñederrak, Galder Gaztelu-Urrutiak, Iratxe Fresnedak edo Andrea Jaurrietak.

Eta aurtengo Zinemira saria aktore ezagun batentzat izango da: Elena Irureta.

«Jauzi erraldoi bat»

Jose Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak, argi hitz egin du: «Azken zortzi urteetan gure Sail Ofizialean euskal filma bat egon da beti eta hori euskal zinemaren bilakaeraren adierazle garbia da». Era berean, Rebordinosek zoriondu nahi izan die ‘Marco’ ekoizpenaren egileei, «jauzi erraldoi bat izan baita, bai filmarentzat baita euskal zinemarentzat, haiek Venezian egotea».

Nagore Aranburu aktoreak (Azpeitia, 1976), NAIZi egindako adierazpenetan, argi zuen ere: «Gu orain dela hamar urte, ‘Loreak’ filmarekin egon ginen Zinemaldian [Jon Garañok eta Jose Maria Goenagak zuzenduta, 2014ko Zinemaldian estreinatu zen] eta oso gutxitan gertatutako zerbait zen euskal film bat Sekzio Ofizialean egotea. Errealak jokatzen duen egunetan bezala hartu gintuzten. Eta orain ikusten da askoz gauza gehiago egin ari direla eta hemen ekoitzitako gauzak, bertako profesionalekin, poliki hazten ari direla. Orain ez dugu Madrilera joan behar hiru hilabete lan egitera». 

Hamar urteren buruan, baina lehiatik kanpo, Sail Ofizialera bueltatu du azpeitiarra ‘Querer’ telesailarekin. Alauda Ruiz de Azúaren (‘Cinco lobitos’) lan berri honen protagonista da Aranburu: 30 urte ezkonduta eman ondoren senarra utzi eta behin eta berriz bortxatzeagatik salatuko duen emakume baten azalean sartu da. «Oso gutxitan tokatzen da horrelako ibilbidea duen pertsonaia bat egitea», aitortu digu.

Sail Ofizialean ere lehiatuko da euskal ekoizpena duen ‘Soy Nevenka / I Am Nevenka’, Iciar Bollainen filma. Tabakaleran Urko Olazabalen egon da, alkatearen papera egiten duena.

Aurtengo uztan badago zer ikusi

Zinemirari dagokionez, berariaz euskal zinemari eskainitako sailean, bederatzi proposamen bilduko ditu; horietako zortzi mundu-estreinaldiak eta, horrenbestez, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagaiak. Irizar Sariaren bidez 20.000 euro emango zaizkie filmaren ekoizleei.

Kutsu ‘bizkaitarra’ eta futbolzalea izango du irekierako filmak. Raúl de la Fuentek (Iruñea, 1974) ‘Williamstarrak / Los Williams  (The Williams)’ ez-fikziozkoarekin inauguratuko du saila, Athletic Clubeko jokalari diren bi anaiaren eta horien familiaren historiaren inguruko lanarekin, hain justu.

Horretaz aparte, Carmen Chaplin aktoreak zuzendutako ‘Chaplin | Espíritu gitano / Chaplin | Spirit of The Tramp’ film luzean, Charlie Chaplinen senitartekoak familiaren ijito-herentziaren bilaketan murgilduko gara, edo Eduardo Chillidaren eskultorearen lanetan Arantxa Aguirrek zuzenduta ‘Ciento volando’ filmean. Jone Laspiur aktoreak ‘gidari’ lanak egingo ditu.

Zinemagile historiko batzuk ere presente egongo dira aurtengo Zinemiran: Ernesto del Ríok, esaterako, Bilboko Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiko zuzendari ohiak, Bilbon hasi eta Habanan bananduko den bikote baten aldizkako harremana erretratatuko du ‘Ezer ematen ez dizun mundu hori / Ese mundo que no te da nada / That World That Gives You Nothing’.

Beraien lehen filmean, Jone Ibarretxe de la Calek eta Nere Falagan Martinek Ibarretxe anaien (hots, egilearen aita Josemi eta bi osabak) argi-itzalak aztertuko dituzte ‘Hau ez da Hollywood (Ibarretxe anaien amaitu gabeko istorioa)’ filmean. Euskal ikus-entzunezkoen hiru aitzindari horiekin egon ziren aktore eta zinemagileei egindako elkarrizketak biltzen ditu hiru anaiak erretratatzeko.

Eta ‘Zortzitik infinitura’ lanean, Naia Laka Arrizubietak zuzendu duen lehen lanean,  euskal zinemaren historia kontatzen digu, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren sortzaile Benito Ansolaren ibilbidetik abiatuta –Donostiako aurkezpenean egon da, 96 urte ditu– eta Miren Agur Meabe idazlearekin batera.

Miguel Alba Ricok, Nino Fontánek eta Itziar Bernaolak euren lehen zinema-lana erakutsiko dute ere: ‘Los poderes de Lolo’ dokumentala, Miguel Alba Ricoren ama Lolo Ricori buruzkoa; ‘La bola de cristal’ telebista-saio mitikoa sortu zuen Lolo Ricok, eta aipatzekoa da haren 40. urteurrena betetzen dela aurten.

Azkenik, ‘Erreplika’ da Pello Gutiérrezen bigarren film luzea eta bakarka zuzendutako lehena. Hausnarketa bat XIII. mendeko Zikuñagako Ama Birjinaren tailu baten desagerpenaren, zuzendariaren aita Juanmi Gutiérrez zinemagilearen heriotzaren, hutsune horiek betetzeko irudiak sortzeko moduaren eta absentzien inguruan.

Saila lehiaz kanpoko emanaldi batek osatuko du: ‘Indarkeriaren oi(h)artzunak / Let It Know / Que se sepa’, Tamara Muruetagoienaren testigantza gordinaren ingurukoa, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian Publikoaren Sari Nagusia eta Nazioarteko Amnistiaren aipamen berezia lortu zituen. Zuzendariak Amaia Merino eta Ander Iriarte dira.

Guzti hauek Irizar sariaren lehian izango dira, baita ere David Perez Sañudo bilbotarra, aurten New Directors sailean ‘Azken erromantikoak’ aurkeztuko baitu .

Eta Veneziatik igaro ondoren, Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako ‘Marco’ izango da Perlak sailari amaiera emango dion lana Belodromoan, lehiaz kanpo.