Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Nostalgia gora eta behera

Originaltasun falta larriagatik-edo, film industriak urteak daramatza ditxosozko remake edo jarraipenekin gora eta behera baina aurtengoa bereziki emankorra izaten ari da; ‘Alien’ berriki estreinatu da, gaur bertan ‘The Crow’ (‘El Cuervo’) iritsi da eta datorren astean ‘Bitelchús’. Urtea amaitu aurretik ere hortxe ditugu zain ‘Gladiator’ edota ‘Nosferatu’ esaterako.

Itzulera hauetan guztietan, ez dut uste sormen arrazoirik dagoenik. Modu batean edo bestean, trama horiek itxi egin zituzten edo, behintzat, ez zegoen inolako arrazoi zinematografiko-artistikorik horien itzulera justifikatzeko. Kontuan izanik eduki aldetik ez direla produktu berriak, azken urteotan loratu den efektu bat aprobetxatu nahian ari direla uste dut: nostalgia. Bai, nostalgia modan dagoela nabarmena da, ez nago ezer berria deskubritzen ari. 80ko hamarkadan jaio eta hazi ginenok batez ere ohartuko gara hamarkada horretako zenbat film eta telesail bihurtu diren kultuzkoak. Ikaragarrizko lotura eta konexioa sortzen da txikitan bizi izan genituen istorioekin. Ekoiztetxe handietako arduradun asko zirrara hori guztia aprobetxatu nahian ari dira, izenburu jakin horrek atzean sortzen dituen zeharkako diru etekinak gako bihurtu daitezkeelako.

Nostalgiaren jonkiak bilakatzeko bidean gaude. Ez al zaizue iruditzen, sarritan, era tranpatian erabilitako zerbait izaten dela? Entretenigarria baina hutsala, su artifizial gehiegi baina eduki gutxiegi. Maite dut txikitako une ahaztezin horietara garraiatzen laguntzen nauen edozertaz gozatzea, baina ez gaitezen itsutu, ustezko ‘omenaldi’ horien atzean gauza kaxkarrak ere egiten direlako. Fran Lebowitz handiak dioen moduan: «Nostalgia kulturaren barruan pozoia besterik ez da».