Larunbat eguerdi honetan jokatu du Saski Baskoniak denboraldiaurreko lehenengo dema. Ateak itxita, Txus Vidorretak zuzentzen duen La Laguna Tenerife taldearen aurka neurtu ditu indarrak talde gasteiztarrak Buesa Arena pabiloian eta 74-78 galdu du.
Momentuz emaitzak ez dio axola, baina ederra izango litzateke hainbeste une azpimarragarri izan dituen astea –bereziki ostegun arratsaldean ikusleentzat ateak irekita burutu zen entrenamendua– garaipen batekin borobildu izan balu talde gasteiztarrak, baina tira, uneotan hori da gutxienekoa.
Markus Howardi atsedena eman dio Pablo Laso entrenatzaileak; bere lekua Joseba Kerejeta gazteak bete du –Josean Kerejeta presidentearen seme gazteenak, hain zuzen–. Ondorioz, taldea beste era batera osatu behar izan du entrenatzaile gasteiztarrak. Trent Forrest, Timothe Luwawu-Cabarrot, Tadas Sedekerskis, Chima Moneke eta Donta Hall izan dira aurreneko bosteko titularrean. Chima Moneke izan da gasteiztarren artean jokalaririk aipagarriena, 25 puntu eta 5 errebote pilatu dituelarik. Fitxaketa berriei dagokien ez, Luwawu-Cabarrot hegaleko frantsesak 14 puntu sartu ditu eta ordezkoen aulkitik atera den Kamar Baldwinek, berriz, 12.
«Oraindik bide oso luzea dugu aurretik, baina lan txukuna egin dugulakoan nago», adierazi du partidaren ostean Kamar Baldwin joko antolatzaileak. «Oraindik taldearen sendoguneak eta ahulguneak zeintzuk diren ikasi behar dugu; hori ez da egun batetik bestera lortzen, baina horretan gabiltza: taldekide bakoitzak nola jokatzen duen ikasten eta taldeak behar duen kimika hori sendotzen», gaineratu du.
Test serioa
Emaitzak emaitza, test oso serioa izan da talde bientzat. Estatistikei so eginez gero, azken emaitza ez ezik, ia edozein alorretan erabateko parekotasuna nabarmendu da; akaso asistentziei dagokienez Vidorretarenak hobeto aritu dira, 18 asistentzia pilatu dituztelako, Baskoniak 11 banatu dituen artean. Asmatu ezin izan diren jaurtiketek, hirukoek bereziki, zerikusia izan dute tarte horretan. Bakarrik botatako hiruko bat jaurtiketa ona da, baina kale eginez gero, estatistikak hutsegiteari bakarrik erreparatzen dio, jokaldia egokia izan den ala ez aztertu gabe. Zentzu horretan, Baskoniak hirukoetan 25etik 8 saskiratu baditu –erdiak, Monekek–, Tenerifek 29tik 10 sartu ditu. Bi puntuko jaurtiketetan, berriz, Baskoniak 21 saskiratze egin ditu 38 ahaleginetik eta 20 Tenerifek, 32 aldiz jaurtita. Parekotasun handia estilo oso ezberdineko bi entrenatzailek gidaturiko taldeotan.
Gasteiztarrek zazpi baloi lapurtu dituzte eta hori lan zaila da Tenerife bezalako talde baten aurka, Vidorretarenek baloia bikain babesten dutelako, nahiz eta Huertas gabe jokatu. Hurrengo neurketetan zer gertatzen den adi egon beharko da, baina badirudi defentsan asko estutzeko gaitasuna baduela Baskoniak.
Orotara 13 jokalariek jokatu dute –esan behar Tenerifekoen artean Marcelinho Huertas antolatzaile brasildarra falta izan dela–.Chima Moneke izan da Baskoniari dagokionez gehien jokatu duena. 23 minutu pasatxo jokatuta. Orotara, Moneke, Sedekerskis, Luwawu-Cabarrot, Khalifa Diop eta Donta Hallek 20 minutuz goitik jokatu dute. Forrest, Baldwin eta Raiestek, 15 minuturen inguruan; Ousmane Ndiaye, eta Nikos Rogkavopoulosek 11 minutu inguru eman dituzte kantxan, eta 10 minutuz behetik aldiz, Joseba Kerejetak Pavel Savkovek edta Ognjen Jaramaz iritsi berriak. Bide batez, harritzekoa izan da nola Kerejetak gehiago jokatu duela ikustea Savkovek eta Jaramazek baino.
Pozgarria izan da, bestalde, iaz lesioekin hainbeste sufritu zuen Khalifa Diop itxura baten arazorik gabe aritu dela ikustea, baita Chima Moneke ere, apirilaren 16tik partidarik jokatzeke egon eta gero orkatilako lesio baten erruz.
Partidari dagokionez, Vidorretarenek bigarren laurdenaz geroztik hartu dute aurrea eta Baskoniak, markagailua berdindu badu ere, azken minutuetan berriz ere Tenerifek jarri du emaitza bere alde. Fran Guerra eta Bruno Fitipaldo izan dira Tenerifekoen saskiratzaile nagusienak, baina azken buruan, puntuak sartzeko ardura Baskoniak baino askoz gehiago banatu dute eta horri etekina aterata irabazi diote Baskoniari Zurbaon. Hala ere, hori da uneotan gutxien ardura duena.
Gasteiztarren denboraldiaurreko hurrengo partida datorren asteazkenean izango da: Malagan, Coviran Granadaren aurka.