Larrazabalek maila bikainean eta garaipena lortuz ordezkatu du Artola Beotibarren

Arabarrak ikuskizuna eskaini du Tolosan, eta Rezustarekin bikote osatuz 20-22 nagusitu da Altuna eta Iztuetaren aurka.

Larrazabalek ederki baliatu du Tolosan izan duen aukera.
Larrazabalek ederki baliatu du Tolosan izan duen aukera. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ez da ohikoa irailaren 1ean Tolosako Beotibar pilotalekuan profesionalen jaialdia programatzea. Baina jendeak ongi erantzun du, seguruenik Martxel Iztueta herriko semeak jokatzen zuelako eta Altuna eta Artolaren arteko gipuzkoarren lehiak beti erakartzen dituelako inguruko zaleak. Azkenean Iñaki Artolak ezin izan du jokatu, ezker izterrean min hartuta, baina bere ordez aritu den Iker Larrazabalek sekulako partida jokatu du eta puntu garrantzitsua eskuratzen lagundu dio alegiarrak eta Rezustak Caixabank Mastersean osatzen duten bikoteari.

Larrazabalek eta Rezustak batera jokatzen zuten lehen aldia zen, eta aurreneko tantoetan nabaritu egin da. Bien artera joan diren pilotak eramateko arazoak izan dituzte eta atzelari bergararrak normalean ezkerrez galtzen ez dituen pilota batzuk galdu ditu, pilota behetik bizi ibiltzen zelako-edo. Gorriak 9-3 aurreratu dira markagailuan eta ordurako Rezustak bost pilota zituen galduak. Altuna ez zen gehiegi sartzen jokoan, baina pare bat tanto sinatu ditu hasiera horretan.

Baina bergararrak ohikoa duen sendotasuna berreskuratu duenean, jokoak oso tankera desberdina hartu du. Iztueta gero eta atzeragotik jokatzen joan da, eta Iker Larrazabalek gero eta aukera gehiago izan ditu aurreko koadroetan. Eta baita ongi baliatu ere. Guztira 10 tanto egin ditu jokoan, sakez beste bat gehiago, eta erremate ikusgarriak egin ditu, Jokin Altunaren mailako pilotari baten aurka are eta meritu handiagoa dutenak.

Boleaz egindako hiru horma-biko, txokoan bikain utzitako lau pilota... Erremateak ederrak izan dira, baina horrez gain partidari sartu dion erritmoa ere garrantzitsua izan da Martxel Iztueta erasaten joateko. Urdinek 11-11koan lortu dute lehen aldiz markagailua berdintzea, eta 11-13 ere aurreratu dira une horretan.

Hala ere, ongi jokatzea ez da nahikoa izaten Altunari irabazteko. Gaur ere amezketarrak asmatu du nola-hala jokoa nahasi eta amaierara arte bizirik jarraitzeko. Amorruz ospatu duen horma-biko eder batek bultzatuta eta aurkarien beste akats pare bat baliatuz, gorriak 16-13 aurreratu dira berriz ere. Baina ikusten zen norgehiagokaren amaiera estua izango zela eta detaile txikiek erabakiko zutela.

Martxel Iztueta ere nahiko nekatuta antzematen zen, eta Altunak asko arriskatu behar izan du azken txanpa horretan. Gaur ez zaio ongi atera eta azkenean 20-22 nagusitu dira Larrazabal eta Rezusta, Mastersaren ligaxkako hirugarren puntua eskuratuz. Jardunaldi baten faltan nahiko eskura dute azken bi postuetatik ihes egin eta kanporaketak jokatzeko aukera ziurtatzea.

«Altunak presio handia sartzen du, urduritasuna ere sortzen du bere aurka jokatzeak, niretzat ametsa da bere aurka irabaztea», onartu du Iker Larrazabalek pozik neurketa amaieran. Arabarrak ez du ezkutatu partida hasieran kosta egin zaiela elkar hartzea Rezusta eta biei, baina lortutako puntuarekin oso pozik agertu da.

Beñat Rezusta ere, ostiral gauean Donostia Hiria Torneoa irabazi ostean, pozik zen Mastersean bizirik jarraitzen dutelako berak eta Artolak. «Puntu garrantzitsua zen. Gaur galduz gero jada besteen emaitzei begira hasi beharra geneukan eta orain, aldiz, beste lasaitasun batekin jokatu dezakegu», adierazi du. Bere jokoari dagokionez, onartu du hasieran jarri ezinik ibili dela: «Hasieran kosta egin zait pilotetara jartzea eta asko galdu ditut. Ikerrekin ere agian kosta egin zait ulertzea. Baina gero hobeto sentitu naiz eta ikusi da Iker sartzen zenean beste erritmo bat jartzen zuela».

Altunak eta Iztuetak, bere aldetik, lau punturekin jarraituko dute sailkapenean, oraindik finalerdietara zuzenean sartzeko txartela ziurtatu gabe.

FITXA

Pilotakadak: 535. Partidaren iraupena: 63 minutu eta 33 segundo. Markagailuak: 3-0, 3-1, 4-1, 4-2, 6-2, 6-3, 9-3, 9-7, 11-7, 11-13, 16-13, 16-17, 18-17, 18-20, 20-20 eta 20-22. Sakez: 3 Altuna III.ak eta 1 Larrazabalek. Jokoan egindakoak: 6 Altuna III.ak, 1 Iztuetak, 10 Larrazabalek eta 1 Rezustak. Galdutakoak: 7 Altuna III.ak, 3 Iztuetak, 4 Larrazabalek eta 6 Rezustak. Gertaerak: Masterseko partida Tolosako Beotibar pilotalekuan. Lehen sakea, gorri.

Emaitza berdina Eltziegon

Caixabank Masterseko beste partida bat ere jokatu da gaur, Eltziegon, eta bertan Lasok eta Tolosa ordezkatu duen Arangurenek 22-20 menderatu dituzte Peio Etxeberria eta Mariezkurrena II.a.

Partida parekatua izan da hau ere, gogorra, eta markagailuan gora-behera dezente izan dituena. Guztira 709 pilotakada jo dituzte eta 81 minutuko iraupena izan du.

baina azkenean Lasok eta Arangurenek hirugarren puntua eskuratu dute eta urrats handia eman dute kanporaketak jokatzeko. Etxeberria eta Mariezkurrena jada finalerdietarako sailkatuta dira.