Iraitz Mateo

‘Coca-cola bat zurekin’ eleberrian Frank O´Hara poetaren bizitza nobelatu du Beñat Sarasolak

Beñat Sarasola donostiarrak bere bigarren eleberria aurkeztu du asteazken honetan. Aitortu du gaztetatik izan dela Frank O´Hara poeta estatubatuarraren zalea, eta bere poema batek sortutako galdera batetik abiatuz nobelatu du poetaren bizitzaren zati bat.

Beñat Sarasola, ‘Coca-cola bat zurekin’ eleberriaren aurkezpenean.
Beñat Sarasola, ‘Coca-cola bat zurekin’ eleberriaren aurkezpenean. (Jon Urbe | FOKU)

«Coca-cola bat zurekin hartzea are dibertigarriagoa da Donostia, Irun, Hendaia, Miarritze, Baionara joatea baino», hala dio Frank O´Hara poeta estatubatuarraren poema ezagunenetako batek. Eta poeta zein poesiaren zalea izaki, galdera bat pausatu zuen estrofa horretan Beñat Sarasolak bere bigarren eleberrirako: «New Yorkeko poeta batek zergatik aipatzen ditu Euskal Herriko hiri horiek?».

Asteazken goiz honetan aurkeztu du ‘Coca-cola bat zurekin’ eleberria Sarasolak Donostian, «poema bati idatzitako nobela bat da», aitortu du idazleak. Izan ere, O´Hararen zalea izanik, 59ko abuztuan hasi eta 61eko irailean amaitzen den poetaren bizitzaren zatia ekarri du eleberrira. «Benetako bitalismo bat, lagunekin eta inguruarekin konprometituakoa» aurkitu daitekeela argitu du Leire Lopez Susako editoreak.

Aurkitu zuen Euskal Herriko ibilien arrazoia idazleak: 1960ko udaberrian, New Yorkeko MoMA museoko arte komisario gisa zuzendu behar zuen lehen erakusketa ‘Spanish Painting and Sculpture’ izenekoa zen; Oteiza eta Chillida izan ziren erakusketa horretarako hautatutako bi artista, eta horien lanak bisitatzen izan zen Euskal Herrian. Komisariotza horren harira bisitatu zituen Madril, Bartzelona, Donostia eta Paris ere. Eta, hain zuzen ere, Donostiatik Pariserako bidaia jasotzen du eleberriari izenburua ematen dion poemak.

Lopezek azaldu du ildo ezberdinak jasotzen dituela liburuak, eta hiru aipatu ditu: MoMAn egin zuen Estatu espainoleko pintura eta eskutura berriari buruzko erakusketaren ingurukoak, batetik. Bigarrenik, Vicent Warren dantzariarekin sasoi hartan izan zuen maitasun harremana. Eta hirugarrenik, Oteiza eta Chillidaren ingurukoa, besteen pisu bera hartzen ez badu ere.

Artea eta maitasuna

Sarasolaren ustez ere bi zutabe nagusi ditu eleberriak, arteari lotutakoak: «Erakusketaren antolamendua, erakusketa bera martxan jartzea eta ondorenak; hor kontu asko agertzen dira, tartean kontuan hartu behar da frankismoa ari zela saiatzen artearen bidez bere burua zuritzen nazioartean. Eta, beraz, kontestu politiko-artistiko bizi bat da Espainian eta Estatu Batuetan ere; espresionismo abstraktua deitzen den korrontea bizi bizirik zegoen». Eta bigarren zutabe gisa Vicent Warren dantzari kanadiarrarekin bizitako maitasun istorioa aipatu du idazleak, «harreman oso sutsua, ez oso luzea, eta harreman sutsu gehientsuenak bezala, oso gorabeheratsua», zehaztu du.

Idazle donostiarrak kontatu du berak hautatutako poema ziurrenik ere Warren maitaleari eskainia izango zela, izan ere, «O´Harak beti idazten zion musa bati», gaineratu du. «Bere bizitzako maitasun sutsuena» gisa definitu du bi artisten arteko harremana. Ezagutu zirenean Warrenek 22 urte izango zituela kontatu du Sarasolak, eta O´Harak, 33.

Pertsonaia asko agertzen dira eleberrian, artistak asko, baina protagonista O´Hara dela argitu du idazleak. Berarekin batera Warren eta hirugarren pertsonaia nagusi gisa Joe LeSueur aipatu du: «Urte luzetan O´Hararen pisukidea izan zen, seguraski gure kontzepzioetatik oso zaila da azaltzen beraien harremana, ze maitasunezko amorante-lagun modukoak izan ziren, baina hala ere, edo agian horregatik, urte luzetan lau etxe ezberdinetan bizi izan ziren, eta oso harreman interesgarria izan zuten».

Dokumentazio lana

«Forma ez da edukitik banatutako zerbait hemen ere», azaldu du Lopezek eleberriaren formari erreferentzia eginez. Izan ere, ez da ohiko eleberria, forma eta estilo ezberdineko testuek osatzen dute nobela. Badira O´Hararen ibilerak erakusten dituzten pasarte narratiboak, badira Oteizak Montevideon egindako hilabeteei buruzko monologo bi eta Gonzalez Robles arte komisario frankistaren beste monologo bat; koadroak aukeratzen ibili zen garaian O´Harak idatzitako ‘Spanish Diary’ egunerokoa ere badago, antzezlan baten laburpena, poemak, gutunak…

Eta esanguratsua da eleberrian zehar argazki bidez txertatutako dokumentu errealak daudela, baita bestelako argazkiak ere. Izan ere, dokumentazio lan sakona egin du Sarasolak liburu honetarako, eta zorrotz ikertu ditu poetari eta garaiari lotutakoak.

«Lagun batek aipatzen zidan neurri batean iruditzen zitzaiola argazki fijo batzuk halako batean nobelan bizia hartzen dutela, eta nik uste dokumentazio lanarekin emaitza ona denean hori gertatzen dela, dokumentu geldoak dira eta literaturak dokumentu horiei bizia eman ahal die», adierazi du aurkezpenearen amaiera aldera, eta aitorpen txiki bat ere egin du, «liburu hau porrot baten ondorioa da» esanez. Saiakera literario bat idaztea baitzen bere hasierako ideia, baina literaturara eta fikziora jotzen zuela bere buruak, eta eleberria kaleratzen amaitu duela.