NAIZ

Lan istripuei eta grebei buruz jarraituko dute hizketan Torresek, sindikatuek eta enpresariek

Lakuako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak eragileekin landutako gaien dekalogo bat identifikatu du; Enpleguaren Euskal Legearen garapena, lan harremanen ereduaren berrikuntza, istripuen aurkako borroka, gatazken azterketa, lanaldiaren murrizketa eta gizarte ekonomiaren sustapena.

Torresek Confebaskekin asteazken honetan egindako bilera.
Torresek Confebaskekin asteazken honetan egindako bilera. (IREKIA)

Mikel Torres Lakuako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak adierazi du gizarte eragileekin «elkarrizketa bideak irekita mantentzeko konpromisoa» duela, «legegintzaldiko erronka nagusiei aurre egiteko». Patronal, hainbat sindikatu eta enpresa eragilerekin aste honetan izandako topaketen balorazioa egin du

Erronka horien artean enpleguari buruzko legearen hedapena, lanaldiaren murrizketa, laneko ezbeharren aurkako borroka eta gizarte ekonomia sustatzea aipatu ditu erronka gisa.

Eskerrak eman dizkie aste honetan zehar bileretan parte hartu duten eragile ezberdinei. «Eremu soziolaboralean eta politikoan hausnarketak partekatzeko prestutasunagatik, Elkarrenganako Konfiantzazko Guneak sortzeko asmoz, modu anitzean eta parte-hartzailean lan egin ahal izateko, bai eta alde biko moduan ere, datozen 4 urteetan aurkeztuko zaizkigun erronkei proiektuak, hausnarketak eta konponbideak planteatzeko».

Horrela, adierazi du «pozik» dagoela «kezkatzen gaituzten alderdi nagusiei buruzko diagnostikoan ados egoteagatik». Honela, « elkarrizketatik lan egiten jarraitzeko konpromisoa» hartu du. «Espero dezagun adostasunetik ere», gehitu.

Horretarako, Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak, adierazi duenez, gizarte eragileekin landutako intereseko gaien dekalogo bat identifikatu du, eta horien artean nabarmendu ditu Enpleguaren Euskal Legearen garapena, lan harremanen ereduaren berrikuntza, laneko ezbeharren aurkako borroka, laneko gatazken azterketa, talentua erakartzeko eta atxikitzeko beharra, lanaldiaren murrizketa eta gizarte ekonomiaren sustapena.

Lehendakariordeak adierazi du enpleguak «bilakaera positiboa» izan duela azken 4 urteetan, «langabezia-tasa murriztea, behin-behinekotasuna jaistea eta Gizarte Segurantzako afiliazioa handitzea lortu baita». Aurrerapen horiek, gehitu du, «baterako lorpentzat hartu behar dira, Gobernuek enpresak eta langileak babesteko ezarri dituzten politika publikoekin eta gizarte-eragileek enplegu hori sortzeko baldintzak hobetzeko egindako ahaleginarekin lotuta».

«Bide horretan sakontzen jarraitu behar dugu. Gure legegintzaldiko helburu nagusietako bat enplegu betea lortzea da, baina ez edozein enplegu, baizik eta kalitatezko enplegu inklusiboa, benetako aukera-berdintasunean eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean oinarritua, langileen eskubideak bermatuko dituena eta enpresen aukeretarako balioko duena, eta gizarte aurreratuago eta kohesionatuago bat eraikitzen lagunduko duena», azpimarratu du

Horretarako, funtsezkotzat jo du «ordezkaritza handieneko sindikatuekin eta enpresa-erakundeekin adostasunean sakontzea», eta balioztatu ditu «Elkarrizketa Sozialaren Mahaia eta abian dituen lantaldeak».