NAIZ

Senegalen lanean ziharduen Bermeoko arrantzale bat hil dela jakinarazi du LABek

Arrantzaren sektorearen lan baldintzei buruz ohartarazi du LAB sindikatuak Senegaldik iritsitako albiste latz baten harira. Bermeoko langile bat hil da bertan. «Ofizialki heriotza ez-traumatikotzat jo da», aipatu du.

Arrantzale batzuk, Bermeoko portutik abiatzen.
Arrantzale batzuk, Bermeoko portutik abiatzen. (Luis Jauregialtzo | Foku)

Zoritxarreko albistea heldu da Senegaldik. Ostiral honetan jakin denez, abuztuaren 25ean Bermeoko Pesquería Vasco Montañesa SA (PEVASA) enpresarako lanean ari zen P.M.S. arrantzalea hil zen Dakar ondoko uretan. «Itsasontzian arrantzan ziharduen langile bermeotarraren heriotza ez traumatikotzat jo da ofizialki», helarazi du LABek.

Senide, lagun eta lankideei elkartasuna eta samina helarazi ondoren, zenbait salaketa plazaratu ditu sindikatuak. Hasteko, «mota honetako istripuak aztertzeko eta argitzerako orduan ikaragarrizko trabak eta gardentasun eza aurkitzen ditugu».

«Era berean, nabarmendu behar da heriotza ez traumatikoen atzean faktore ezberdinak daudela eta lan karga, erritmoak, estresa eta jarduera mota honetan presente dauden faktoreek eragin zuzena dutela», erantsi du.

Honengatik, «LABetik irmoki salatu nahi dugu heriotza hau. Arrantza sektorean gertatzen diren diren eskubide urraketak, hitzarmen duinen falta, segurtasun neurririk eza, etenik gabeko lanaldiak edo sektorearen ezaugarri diren lan neurri gogor eta arautu gabeak dira heriotza hauen errudunak».

«Heriotza hauek eragiten dituztenak ez dira aurretik aipatutako arrazoiak bakarrik. Euskal Herriko enpresak dira Senegalgo eta beste hainbat lekutako itsasoak ustiatzen eta arpilatzen dituztenak, hemengo agintarien laguntzarekin. Ezaguna da Eusko Jaurlaritzak atunontzi handiak dituzten eta altura handiko flora kudeatzen duten enpresen alde egiten duen apustu irmoa. Baliabideak arrantzaleen segurtasuna bermatzeko erabili beharrean, armak erosteko ematen diete dirua, hauekin piraten erasoetatik babesteko».

«Baxurakoa bezalako beste arrantza arteak gutxiesten dituzte, askoz ere jasangarriagoak eta hurbilagoak direnak, eta plan estrategiko baten beharrean itotzen ari direnak. Arrantza sektore osoak behar du lan baldintzen aldaketa eta arauketa legala. Aski da orain dela urte askotako araudiekin eta ohiturekin lanean aritzeaz. Arautzeak eragina izango luke istripu eta heriotzen tasan», erantsi du LABek.

Honekin batera, 2024. honetan jada gutxienez 40 langile hil dira istripuz gogora ekarri du LABek, «eta horietatik 6 abuztuan».