NAIZ

Koldobika Jauregi omendu eta Juan Antonio Urbeltzi Garoa saria eman diote

Ekainean zendu zen Koldobika Jauregiri omenaldia egin diote larunbat honetan Plazaolan, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan. Juan Antonio Urbeltz koreografo eta dantzariari Garoa saria eman diote, Azken Muga jaialdiaren barnean.

Juan Antonio Urbeltz, Garoa sariarekin.
Juan Antonio Urbeltz, Garoa sariarekin. (AZKEN MUGA)

Joan zen ekainean ustekabean hil zen Koldobika Jauregi artistari omenaldia egin diote larunbat honetan Azken Muga jaialdiaren barnean. Plazaolan izan da ekitaldia, Leitzan, Berastegiko mugatik gertu dagoen garai bateko apeadero inguruan.

Eskultore alkizarrari eskainitako arte lan efimero edo «mantala» Iñigo Aiestaran eta Amaia Conde artistek burutu dute, Azken Mugaren ikonoa eta ‘Aundiya’ aulkiaren itzalean. Ekitaldian hogeita hamar artista inguruk hartu dute parte, basoan obra hori jarriz. Performanceak, musikak, eta bertsoak ere izan dira.

Omenaldiarekin batera, Juan Antonio Urbeltz koreografo eta dantzariari aurtengo Garoa saria eman diote; Berastegi eta Leitzako alkateen eskutik jaso du. Euskal kulturaren pertsona garrantzitsu bati urtero ematen zaion saria da. Urbeltzek, gainera, Koldobika Jauregirekin partekatu zuen ‘Dantza’ filmaren lanketa prozesua.

Jauregi Alkizakoa zen sortzez, eta Euskal Herrian eta nazioartean sona handiko artista izan zen, berrogeitik gora urte eman baitzituen harria, egurra, metala eta paretak zizelkatzen, mota guztietako materialak eta teknikak erabilita.

Alkizan bertan Ur Mara museoa eraiki zuen Jauregik, natura eta artea lotzen duen gune ederra. Momentuz itxita dago.