Oñatin ospatu dute igande honetan aurtengo Nazioarteko Euskal Diasporaren Egunaren VII. edizioa. Omenaldi bezala aukeratu dute Oñati, 1974ko irailean, gaur 50 urte, Estatu Batuetako Idahoko estatuko Boise hiritik bertara joandako 90 ikasle eta irakasleak gogoratzeko.
Lakuako Gobernuko ordezkariak, tartean Imanol Pradales lehendakaria, eta Izaro Elortza Oñatiko alkatea izan dira ekitaldian, beste agintari batzuen artean. Pradalesek adierazi duenez, «gaur pozik egoteko eguna da, duela 50 urte 90 laguneko talde bat iritsi baitzen hona. Pat Bieter Boiseko irakasleak bultzatutako euskaldun talde bat. Helburua sorterrira itzultzea zen. Kulturaz gozatu, euskara ikasi. Eta horixe egin zuten».
Lehendakariak eskertu du, halaber, une hartan abentura hori ekiteko erakutsi zuten «ausardia», orain «euskararen hazia egunero zabaltzea» ahalbidetzen duen bidea ireki baitzuen.
Pradalesek aipatu du, gainera, 15 herrialdetan ari dela ospatzen egun hau, ehun ekitaldi baino gehiagorekin, «eta horrek esan nahi du egun hau euskal diasporan errotzen ari dela». Horrela, beste herrialde batzuetara joan behar izan zutenak ere izan dituzte gogoan, hala nola Miguel Mari, Baztango Haranekoa zena eta Mexikora emigratu zuena.
Duela 26 urte ezagutu zuen Mari Imanol Pradalesek. Esan duenez, «hura izan zen euskal diasporarekin izan nuen lehen kontaktua. Herri migratzailea ere bagarela garbi ikusi nuen».
«Asko jokoan» nazioartean
Etorkizunari begira, lehendakariarentzat «Euskadik asko du jokoan nazioarteko testuinguruan datozen urteetan». «Sare berriak ehundu behar ditugu, eta balioa ematen duten nodoekin konektatu. Euskal herritarrok gure herriarentzat oparotasun bila itsaso eta mundu berriak berriro zeharkatzeko estrategia globala eta nazioartekoa», azpimarratu du.
Testuinguru horretan «prestakuntza jaso ondoren atzerrira ateratzen diren ehunka euskal herritarrak» aipatu ditu. Horrekin, Pradalesek azpimarratu du «Euskadirentzat garrantzitsua» dela iristen diren etorkinak hartzea, euskal herritarrek ere «harrera egin ziotelako eta egiten jarraitzen dutelako».