NAIZ

Iruñeko Alde Zaharrak baditu jada bere jaietarako kartelak

Adur Garralda Uriz, Guratz Feliu Hipolito eta Naia Beramendi Basabe dira Iruñeko Alde Zaharreko San Fermin Txikiko jaiak iragartzeko kartelen lehiaketaren irabazleak. Antolatzaileek jaiak birpentsatzeko prozesua egin dute, auzotarrak zentroan jarriz.

Ezkerretik eskuinera: Adur Garralda Uriz (15 urtetik beherakoen kategoriako irabazlea), eta Naia Beramendi Basabe eta Guratz Feliu Hipolito (helduen kategoriako irabazleak).
Ezkerretik eskuinera: Adur Garralda Uriz (15 urtetik beherakoen kategoriako irabazlea), eta Naia Beramendi Basabe eta Guratz Feliu Hipolito (helduen kategoriako irabazleak). (ALDE ZAHARREKO JAI BATZORDEA)

Suziri, erraldoi, kiliki, zezentxoak, musika taldeak, Aldapako San Fermin eliza eta santua bera dira aurtengo San Fermin Txikiko jaiak (irailaren 20tik 22ra osaptzen dira) iragartzen dituzten irudiak. Jaietako kartel lehiaketan irabazle suertatu diren bi lanetatik egiten dute: Adur Garralda Urizek, 15 urtetik beherakoen kategorian, eta Guratz Feliu Hipolitok eta Naia Beramendi Basabek, adin horretatik gorakoen kategorian.

Aurten, Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatutako lehiaketara 19 kartel aurkeztu dira, bost helduen kategorian eta hamalau kartel 15 urtetik beherakoan. Lan irabazleak sistema gurutzatu baten bidez aukeratu dira. Sistema gurutzatu horretan, 200 bat auzokidek parte hartu duten herri bozketa, aditu batzorde baten balorazioa eta Jai Batzordearen beraren balorazioaren arteko elkarketa egin da. Egindako proposamenengatik, helduen kategorian irabazle izan diren Guratzek eta Naiak 400 euro eskudirutan eta Santo Domingoko Merkatuan gastatzeko 50 euroko balea jasoko dituzte. Adurrek, 15 urtetik beherakoen kategorian irabazleak, jaietako egitarauan iragartzen diren auzoko edozein saltokitan erabili ahal izango duen ehun euroko balea jasoko du.

Jaiak birpentsatzen

San Fermin Txikiren antolaketaz, Alde Zaharreko kolektiboek eta bizilagunek osaturiko Jai Batzordea arduratzen da, «eta erabat kontziente gara auzoak egunez egun jasaten duen presioaz, gehienak auzo bizitzatik kanpokoak diren ekitaldiez gainezka gaudelako eta espazio publikoa irabazi asmoko interes pribatuak elikatzeko erabiltzen delako», azaldu dute. Hori dela eta, azken hilabeteotan Jai Batzordeak hausnarketa eta eztabaida prozesu sakona burutu du, jai herrikoien papera eta hauek auzokideen ongizatearekin uztartzeko modua aztertzeko.

«Auzoko espazioa auzo bizitzatik kanpoko ekintzetarako etengabe erabiltzearen aurrean, Jai Batzordeak funtsezkotzat jotzen du Alde Zaharra bera, egunez egun ehuntzen eta hazten jarraitzen duen eta auzo sentimendu handia duen komunitate antolatuaren espazio gisa aldarrikatzea. Horretarako, beste hainbat elementurekin batera, ezinbestekoa da jai eta kultura antolaketa propioa, komunitarioa eta herrikoia bultzatzea», gaineratu dute.

«Baita, beti auzokideenganako zainketatik bultzatzea jai hauek. Horregatik Jai Batzordeak San Fermin Txikin antolatzen dituen jarduerak bideratzen dituen irizpide batzuk adostu ditu, aurten bertan indarrean jarri direnak. Hala, gidalerro berrien arabera, Jai Batzordeak ez du kaleko jarduerarik antolatuko 24:00etatik aurrera; musika emanaldiek gehienez hiru orduko iraupena izango dute; kale estuetan eta eremu saturatuetan soinu inpaktua duten jarduerak saihestuko dira; edota programan soilik izaera laikoa eta doakoa duten ekitaldiak sartuko dira, besteak beste», azaldu dute.