‘Eldiario.es’-ek argitaratu duenez, Zaldibarko hondamendiaren gaineko hirugarren ikerketa bat abian da Durangoko Auzitegian, 449/2023 delakoa. Estatuko Fiskaltzak kaleratu berri duen urteko txostenean agertu da datua, orain arte ezagutzen ez zena. Arrazoi orokorra baino ez da jakitera eman, ordea, ez du ezer argitzen: «Lurraldearen antolaketaren aurkako ustezko delitua» da ikertzen ari dena.
Sekretupean den neurrian, momentuz zergatik eta noren aurka abiatu den prozedura berri hau ez dago jakiterik. Suposatzekoa da beste bi ikerketen osagarria izango dela «Lurraldearen antolaketaren aurkako delituaren» tipifikazio penalak legearen kontrako jardunak ahalbidetu dituzten funtzionarioak zigortzea ahalbidetzen du. Aski jakina denez, irregulartasun asko pilatu zituen Verter Recycling enpresak zabortegian baina guztiak garrantzi gutxiagokotzat jo zituzten. Honela azaldu zuen Iñaki Arriola sailburuak Legebiltzarrean.
Oraindik epaitu gabe dagoen bigarren ikerketan jada Administrazioko ordezkari batzuk agertu dira auzipetu gisa, enpresaren ordezkariekin batera. Iazko ekainean jakitera eman zenez, ikerketa sei hilabetez luzatzen zuen idatzian, hamahiru pertsona ziren auzibidean, haien artean Lakuako hiru teknikari. Gainerakoak, Verterren hiru arduradun, Lurtek aholkularitza-enpresaren bi geologo eta Geyser ingeniaritzako lau teknikari ziren.
Denboran luzatzen ari den sumario honetan ingurugiroari egindako kaltea da ardatz. Jada amaituta dagoen lehenengo auzi judizialean lan istripu gisa ikertu eta zigortu zen gertatutakoa; lur jauziaren ondorioz hil ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren familiekin akordioa lortu ondoren, sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zitzaien Verterreko arduradunei, 2021eko irailean.
Lau urte eta erdi igaro da jada hondamendia gertatu zenetik, 2020ko otsailaren 6an hain zuzen ere.
‘Eldiario.es’-ek aipatu duenez, hirugarren ikerketa hau Laura Yuste Durangoko epaikeraren ardurapean gelditu da ere, abian den bestea bezala.