Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Kern Pharma: handi pentsatu, handiekin lehiatzeko

Talde txikiei kostatzen zaie tropel buruan ukondoa sartzea. Kern Pharmak, jarreraz, ukondoa eta gorputz osoa sartu ditu goi mailan. Faktore askok bat egin dute: harrobiaren aldeko apustua, helburua mimoarekin prestatzeko aukera eta konfiantza tonaka... Kasualitatea ez da horietako bat izan.

Urko Berrade, Arabako helmugan.
Urko Berrade, Arabako helmugan. (Ander GILLENEA | FRANCE PRESSE)

Vuelta, ofizialki, Lisboan hasi zen abuztuaren 17an. Kern Pharmarentzat, aldiz, askoz lehenago abiatu zen. Aspalditik zekiten Vueltan egonen zirela eta, beste batzuen aldean, haiek ez zuten tamaina honetako beste helbururik. Beraz, Lisboan beharrean, haien Vuelta aste batzuk lehenago 11 txirrindularik Sierra Nevadan egindako kontzentrazioan hasi zela esan liteke. «Dena dinamika bikain honetan amaitu da», adierazi zuen Orozek Madrilen.

«Oso harro egon behar dugu denon artean lortu dugunarekin, sinisten jarraitu behar dugu, horrek ekarri baikaitu honaino», dio taldeko kirol zuzendariak.
Eta gakoetako bat hor egon daiteke. Izan ere, gogoan izan behar da nola ekin zion denboraldi honi Kern Pharmak. Pro Tourrean maila ona ematen duten txirrindularien bila ibili ohi dira World Tourreko taldeak. Hala, iazko denboraldiaren amaieran Roger Adriak, Raul Garcia Piernak eta Igor Arrietak taldea utzi eta, hurrenez hurren, Bora, Arkea eta UAE taldetara salto egin zuten.

Kritikak, eredu

Pentsa liteke honen ondorioz zerotik abiatu behar zuela taldeak, baina oinarria harrobian duen blokea izanik, gazte talentua gazte talentu gehiagorekin ordezkatu da. Horren erakusle nagusia Pablo Castrillo izan da.

Gauza bera esan daiteke esprintetan presentzia handia eman dien Pau Miquel katalanaren inguruan ere. Arabako etapan, gainera, esprinter huts bat baino askoz gehiago dela ere erakutsi zuen.

Eta lanari txapela Urko Berrade iruindarrak jarri dio. Galizan oso gertu egon ostean, Muzkiko etapan besoak altxa zituen. «Hainbeste sakrifiziok merezi du!», esaten zion aitak, besarkatuta, helmuga gurutzatu ostean. Urteetan arazoak izan eta gero, badirudi afizionatuetan aurreikusten zitzaion tokia topatu duela tropelean, taldeak urteetan pazientziaz eraman ostean.  Burgosen laugarren tokian amaitu zuen sailkapen nagusian, eta espainiar itzuli handian, garaipenaz gain, azken etapa gogorrean bosgarren amaitu zuen, sailkapen nagusiko txirrindulariekin lehian.

Eta horren atzean, talde lana. Izan ere, hiru izen hauek nabarmendu ahal izateko beste bostek lana gogor egin behar izan dute. Hau nabarmendu zuen Orozek berak lasterketa amaieran: «Txirrindulari guztien konpromisoa azpimarratuko nuke, talde interesak lehenetsi baitituzte euren interesen gainetik».

Mimoa eta konfiantza

Urte hasieratik zekien taldeak Lisboako irteeran bere tokia izango zuela. Eta lasterketa mimoz prestatzeko aukera ere eman dio horrek, beste helburu batzuetan indarrak xahutu gabe. Izan ere, Vuelta aurretik, garaipen bakarra zeraman taldeak denboraldi osoan. Horrek ez du helburu nagusiari aurre egiten laguntzen.

Baina taldeak zerbait erakutsi baldin badu, egiten ari zenean zuen konfiantza izan da. Bi garaipen poltsikoan zituela, kritikak jaso zituen taldeak Santanderrera bidean esprinta bermatzeko tropelaren buruan lan egiteagatik. Miquel egun hartan laugarren izan zen, eta Kaden Grovesek nagusitasun garbiz lortu zuen bere hirugarren garaipena. Hala ere, egun hori izan liteke Kern Pharmaren Vuelta hobekien definitzen duen eguna. Talde txikia izanik, talde handi gisa pentsatu, talde handi baten emaitzak lortzeko.

Eta zenbakiak hor daude. 21 etapatatik hamabitan sartu dute norbait lehen hamarren artean. Eta 1.419 UCI puntu poltsikoratu dituzte. Soilik sei taldek eskuratu dute puntu gehiago. Txirrindularitzak mailakako sailkapen zorrotz hau martxan jarri zuenetik, 2009tik, bigarren mailako talde gonbidatu batek ez du horrelako harrapakinik izan, ez Giroan, ez Tourrean, ezta Vueltan ere.

Eta zaila izanen da errepikatzea. Castrillo eta Berraderi kontratua amaituko zaie, eta ez zaie eskaintzarik faltako. Orozek biak mantentzeko itxaropena azaldu du. Baina, haiekin edo haiek gabe, etorkizuna bermatuta dauka taldeak. «Kern Pharmaren kultura ez aldatzen saiatuko gara, orain denok gauza handiak egiteko gai ikusten dugulako geure burua eta urte askotako lanaren emaitza delako. Finisher taldeko gazteak zaintzen jarraituko dugu, gosea, talentua eta hazteko gogoa dutelako, eta horrela jarraituko dugu iristen garen tokiraino. Gure lan-filosofia da», dio Orozek.

Aurten Vueltak Kern Pharma eta Euskaltel-Euskadi gonbidatu zituen. Ofiziala ez izan arren, denek segurutzat ematen zuten lasterketa hasi baino lehen hurrengo urtean Caja Rural eta Burgos izango direla gonbidatuak. Aurten erakutsitakoak, baina, ez du batere erraza egiten Orozen taldea kanpo uztea. Azken honek gainera Tourreko atea botatzeko asmoa iragarri du. Handi pentsatu, handiekin lehiatzeko.