NAIZ

Ordezko irakasleen lan baldintzen okertzea salatu du LABek

Ikasturte hasierako lehen aste honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan mobilizazioak deitu ditu LABek ordezko irakasleen lan baldintzen harira. Hezkuntza Sailari hezkuntza publikoa indartu eta inbertsio publikoa handitu dezan esan dio LABek, kalitatezko hezkuntza publikoa helburu.

Ordezko ikasleen egoera salatzeko LABek egin dituen mobilizazioetako bat, Bilbon.
Ordezko ikasleen egoera salatzeko LABek egin dituen mobilizazioetako bat, Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

«Kalitatezko hezkuntza publiko bat izateak, besteak beste, administrazioaren prozesuak edota esleipenak modu egokian, baliabide tekniko egokiekin eta dagokien garaian egitea eskatzen du. Izan ere, arrazoi teknikoak aitzakia hartuz, azken urteetan estruktural bilakatu da ikasturte hasierako ordezkagunean hautaketa eta esleitzea egin ondoren hau bera atzeratzea, honek ordezko langileengan suposatzen duen guztiarekin», salatu du LABek.

Sindikatu honek nabarmendu duenez, egoera honek «karrerako funtzionariei» ere eragiten die. «Horren lekuko dira, esaterako, lekualdatze lehiaketan, administrazioa jakinaren gainean egon arren, existitzen ez ziren behin betiko lanpostuak esleitu ondoren 2024-2025 ikasturteari begirako uztaileko esleipenetan parte hartzera behartuak izan ziren hainbat eta hainbat irakasle», gaineratu du LABek.

«Kalitatezko hezkuntza publikoa izateak ikasturteko lehen lan egunetik langileak lan zentroan bertan izatea ere eskatzen du, horrek kudeaketa eta hornikuntza egoki bat eskatzen duelarik. Bide honetatik, urrats bat gehiago emango litzateke ordezko langileen lan baldintzak hobetzeari begira, baita lan zentroen funtzionamendua hobetzeari begira ere. Honetaz gain, ikaslea erdigunean jarri eta hezkuntza komunitatea osatzen duten familiei begira ere jartzea litzateke», aldarrikatu du sindikatu honek.

«Kalitatezko hezkuntza publiko bat izateko eta benetan ikaslea erdigunean jartzeko, langileon lan baldintzak hobetu behar dira, izan bitarteko langile zein karrerako funtzionario. Hezkuntza Sailak, aldiz, aldebakarrez 2023-2024ko ikasturtean ordezko irakasleen lan baldintzak aldebakarrez okertu ditu udako kobraketari dagokionez. Horregatik, LABek borrokan jarraituko du, besteak beste, ordezkoen lan baldintzak arautzen dituen araudia berritu, lan zamak arindu eta gazteberritze neurriak lortzeko», gaineratu du.