NAIZ

Ikusle orokorrak murriztu arren, ETB1 gazteengana iritsi da telebistan eta plataformetan

Azken 20 urtetan ikusleen ia erdiak galdu ditu ETBk. Aldiz, ‘Irabazi Arte’ edo ‘Go!azen’ telesailek «inpaktu handia izan dute telebista tradizionalean zein plataforma digitaletan», EHUko Kazetaritzako Graduko Ana Mendieta irakasleak egindako ikerketaren arabera.

Ana Mendieta, EHUko Kazetaritzako Graduko irakasleak, telebistaren eta bideoaren industriaren etorkizuna ikertu du.
Ana Mendieta, EHUko Kazetaritzako Graduko irakasleak, telebistaren eta bideoaren industriaren etorkizuna ikertu du. (EHU)

2004tik ikusleen ia erdiak galdu ditu ETBk. EHUko Kazetaritzako Graduko Ana Mendieta irakasleak ‘The Future of Television and Video Industry’ (Telebistaren eta bideoaren industriaren etorkizuna) liburuan parte hartu du. Bertan argitaratutako ikerketaren arabera, EITBren gisako korporazioek «plataforma anitzeko eta hedapeneko hainbat estrategia jarri behar izan dituzte martxan eta eduki digitaletan oinarritu behar izan dute, bizirauteko eta ikusle berriengana iristeko».

Telebistaren etorkizuna aztertzen du liburuak, eta ‘The Digital Transformation of the Basque Public Television: New Audiences and OTTs’ (Euskal Telebista Publikoaren eraldaketa digitala: Audientzia Berriak eta OTTak) izeneko kapitulua idatzi du Mendietak. Bertan, ikusle kopuruaren murrizketari eta streaming plataformen lehiakortasunari aurreko egiteko EITB-k egindako eraldaketa digitala aztertu du.

Over-The-Top plataformak iritsi zirenetik (OTT plataformak, hala nola Netflix, HBOMax edo Disney+), telebista tradizionalak protagonismoa nola galdu duen ikusi du EITBk. «Proiekturik berrienen artean honakoak daude: Primeran streaming plataforma, 100.000 erabiltzaile dituena; WhatsAppen bidezko Orain informazio zerbitzua; haurrentzako edukien Makusi marka, 3Kluba ordezkatzen duena; eta Guau audio plataforma, gazteak soinu edukietara gerturatzeko», esan du Mendietak.

Azterlanak EITBk martxan jarritako formatu digitalak jarri ditu balioan, gazteen kontsumo ohituren aldaketa azkarrari aurre egiteko eta, aldi berean, euskarazko online edukien eta euskal ekoizpenen kontsumoa handitzeko.

Lehenengo emaitzak

«EITBk ezarritako aldaketen ondorioz, hala nola gazteen kontsumo ohitura berrietara egokitzeko formatu digitalak txertatu izanaren ondorioz, haurrentzako eta gazteentzako telesailek, hala nola ‘Irabazi Arte’ edo ‘Go!azen’ telesailek, inpaktu handia izan dute telebista tradizionalean zein plataforma digitaletan», adierazi du Mendietak.

Honako datuak eman ditu irakasleak: gazteei zuzendutako ‘Irabazi Arte’ telesaila lehen denboraldian liderra izan zen 4 eta 12 urte arteko ikusleen tartean, % 51eko ikusle kuotarekin. Halaber, ‘Go!azen’ telesailaren zortzigarren denboraldia da beste adibide bat eta % 35eko ikusle kuota lortu zuen gazteenen artean.

«EITB txikienengana iritsi da ETB1en eta eitb.eus-en aldi berean emititutako bi telesail horiekin, eta milaka bistaratze izan dituzte YouTuben. Gainera, ‘Go!azen’-en kontzertuek eta aurrestreinaldiek 160 agertoki baino gehiago bete dituzte EAEn eta Nafarroan 2015etik», esan du Mendietak.

Gainera, Instagramen zein WhatsAppen hedatutako EITBren albiste zerbitzu berriak, Orain izenekoak, 4.500 jarraitzaile lortu ditu Instagramen sei hilabetetan. «Plataforma digitalek gazteen artean sortzen duten interesa gero eta handiagoa dela erakusten du horrek eta, hortaz, horien garrantzia ere gero eta handiagoa dela».

«Uste dut EITB apustu handia egiten ari dela ikusle gazteengana iristeko, gazteei interesatzen zaizkien edukiak hainbat pantailatan erakutsita. Apustu berria da, eta arrakasta nabariak izan ditu, hala nola Irabazi Arte telesailarena. Gizartean ere izan du inpaktua telesail horrek. Oraindik goiz da gainerako egitasmoen emaitzak ikusteko», esan du Mendietak.