Arazo globalei, tokiko ikuspegitik begiratzearen zalea da Xabier Aierdi soziologoa eta Begirune Fundazioko kidea. Ostegun honetan EHU eta Donostiako Udalak elkarlanean antolatutako ikastaroan ‘Migrazioaren errealitatea Euskadin: tokiko ikuspegia’ hitzaldia eman du, eta Euskal Herria bizitokitzat duten migratzaileen egoeraz mintzatu da, beraienaz eta euskal herritarron begiradaz. Datuetatik abiatu eta tendentzia posibleak ere azaldu ditu, «eszenatoki zailenean jarri behar gara irtenbide onenak pentsatzeko» da bere leleoa.
«Eskatzen duzun immigrazioa da heltzen zaizuna, erabaki indibidualak metatzen direnean ikusten da fenomenoa», esanez laburtu du Aierdik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako immigrazio eredua. Hitz gutxitan, feminizatua da, 20-40 urte bitartean etorria eta egun zaintza lanak betetzen dituena. Euskal jendartean berriz, tolerantziak behera egin du, eta proposamen politikoek «estrategia sendo bat» falta dute, bere ustez.
«Guztiak gaude adi zer gertatzen den Mediterraneaon edota Melillan, baina oso gutxi hitz egiten da bizitokitzat Euskal Herria hartzen duten immigrazioen inguruan, eta immigrazioaren %98a mota honetakoa da», ohartarazi du Aierdik.
Egungo datu eta joerei erreparatuta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako argazkia zein den azaldu du soziologoak: 2022an 19.000 pertsona berri iritsi ziren, eta 2023an ere 20.000 migratzaile pasa iritsi zirela kalkulatzen da; pandemia aurreko zifrak ere antzekoak dira. Kalkulu bat plazaratu du Aierdik: hurrengo urteetan, urtero 25.000 pertsona berrik hartzen badute Euskal Herria bizitokitzat, 2050ean 500.000 gehiego izango dira, egun bizitokitzat EAE duten 300.000ak gehituta, 800.000 inguru izango dira. «Tendentzia normala mantentzen bada, horiek izango dira kopuruak», adierazi du. Eta beraz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztaleria osoaren %40a izango da jatorriz kanpokoa.
Egungo joerak jarraitzen badu, 2050ean 800.000 izango dira kanpoko jatorria duten biztanleak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Horietatik heren batek du Estatu espainoleko nazionalitatea, eta Aierdik gaineratu du kopuru horien «osaera» aztertu beharra dagoela «dibertsitatea kudeatu» nahi bada, behintzat. Kokapenei dagokionez, Bilbon bizi da %19, Gasteizen %15 eta Donostialdean %9a.
Migrazio eredu feminizatua
Bertako biztanleria eta kanpoko jatorria duen biztanleria non kokatzen diren begiratuta, azaldu du bi puntutan ematen dela asimetria, Bilbon eta Gasteizen: «Hiri horietan migrazioaren portzentaia altuagoa da bertakoa baino, beste herietan, parekatuta doaz bertako biztanleriaren eta etorkinen kopuruak».
Hiriguneetatik aldenduz, badela adibide esanguratsu bat azpimarratu du soziologoak, Goierrikoa. %14,9a baita kanpoko jatorrikoa. «Goierrin lan industriala %40a da, horrek suposatzen du oinarri sendo bat duzuela etorkizunari begira. Hori beti da mesedegarria, ziurrenik Goierriko immigrazioak Espainiatik etorri zenaren baldintzak eta proiektu biografiko antzekoak izango ditu», argitu du.
«Herrialde batek immigrazio eredu bat hasten duenean, eredu hori mantendu egiten da. Horregatik, zein azpi joera dauden begiratu behar da eta horren araberako politikak egin», ohartarazi du Aierdik. Eta Euskal Herriko immigrazio eredua «oso feminizatua» dela esan du; batez ere, Nikaraguako eta Honduraseko emakumeak dira gure lurraldia bizitokitzat hartzen dutenak.
«Herrialde batek immigrazio eredu bat hasten duenean, eredu hori mantendu egiten da».
Indizeen gorabeherak
Zenbakietatik harago, bestelako zenbait datuk ere laguntzen dute Euskal Herriko immigrazioa ulertzen. Aierdik, Begirunek egindako inkesta sakon baten ondorioak aurkeztu ditu, 500 adierazle neurtzen ditu. Batetik, integrazioa nola bizi duten galdetu zieten etorri berriei; integrazio prozesuan gehien laguntzen duena enplegua dela erantzun zuten. Ondoren, ongizatea, soziokonomia egongo litzateke hurrengo postuan eta identitatea segidan.
Argentinarrak, Txiletarrak, Paraguaitarrak edota Europatik iritsitakoak dira euskal jendartean integratuen sentitzen direnak inkesta horren arabera, eta gutxien, magrebtarrak. Emakume eta gizonen artean ere bada aldea, «gizonen integrazioa sendoagoa da», bota du.
«Gure gizarteak nola eutsiko dio honi? Elkartasunaren neke bat dago?», galdegin dio entzuleari Aierdik, eta jarraian tolerantziaren indizearen datuak aurkeztu ditu. 2024ko datuek diote, biztanleriaren tolerantzia maila 6,3koa dela; eta pandemian tolerantziaren indizeak pixka bat gora egin bazuen ere, azken bi urteetan behera egin duela. Datuak argiak dira: %35a da tolerantea; %40 anbibalentea eta %25 aurka dago.
Gure gizarteak elkartasun neke bat du?
Hiru taldeetako ezaugarriak xehetu ditu soziologoak gizartea nolabait irakurri nahian: «Tolerantzia jarrera txikiena dutenak kontserbadoreak dira maila ideologiko eta sozialean, zaharragoak dira, espainiartasun sentimendua dute eta katoliko tradizioanalak dira». Aierdiren ustez, kezkatzeko taldea hurrengoa da: «Arrazoi ezberdinak egon daitezke, beldurra izan daiteke bat, baina talde honi erreparatzea garrantzitsua da hortik sortu daitezkeelako zenbait erreakzio: gutxi irabazten du, ez dago pozik bere bizitzarekin, migratzaileekin borrokatzen du baliabide publiko berengatik talde honetako profilak». Eta azkenik, tolerantzia jarrera handiena dutenak daude bere aburuz: «Gehienak ondo bizi dira, ezkerrekoak dira, nazionalistagoak, euskaldunagoak, agnostikoagoak eta unibertsitate ikasketak dituzte».
Lan egiturak
Enpresa handien titularrak irakurri ditu ahozgoran Aierdik, eta denek aipatzen dute egoerari aurre egin eta beharrezko 300.000 enpleguak betetzeko migratzaieak behar direla. Mahaigainean dagoen beste eztabaida bat ere ekarri du, lan industrialaren ordezkatze prozesuarena. «Orain arte etorri izan den migrazioa zaintzaren arlo globalarekin lotuta egon da; egun duguna jubilazio masiboa da, biztanleria bat lan industrialeko eremuetatik aterako da, eta plan bat pentsatu behar da zulo hori tapatzeko». Eta hainbat galdera pausatu ditu: «Zer egiten dute enpresariek? Zein plan prestatu dute? Behar direla esaten dute, baina zer nolako preskauntza behar da? Pentsatzea instituzioek eta hezkuntza sistemak prestatuko duela neurriko jendea aukera bat izan daiteke, baina ez da sekula gertatu».
Izan ere, duela 40 edo 60 urteko immigrazioan baldintza jakin batzuk ematen ziren, eta garrantzitsuena lan merkatua sendo zegola zela kontatu zuen. Ikuspegi horretatik, Gipuzkoa dela «lur gune aberatsena» esan zuen, lan industriala sendotuta dagoelako, eta Gipuzkoan zehar tokian tokiko migrazioak ere ematen ari direlako, «berregokitzapena bigarren fasea da, baina migrazioa beti da "a la carta"».
«Ez dago erronka demografikorik, immigrazio fluxuak kudeatzea da dagoen erronka».
Gainera, sarritan arreta hezkuntza eremuan jartzen den arren, lan egituretan jarri behar dela azpimarratu du behin baino gehiagotan. Izan ere, Euskal Herrira migratzen duen gehiengoa 20-40 urte bitartean iristen da eta beraz, lan egitura sendo batek lagundu dezakeela azaldu du.
Ustezko demografia arazoak
Ahoz aho dabilen bigarren eztabaida bat ere aipatu du bere hitzaldian, euskalduntzearena. Hasieran egindako aurreikuspenaren arabera, Euskal Herriko biztanleriaren zati handi batek ez duela bertako hizkuntza menperatuko ondorioztatu du Aierdik. Eta hori ezin dela hezkuntza sistemaren esku utzi aipatu du: «Gehienez etorriko direnen %13a pasatuko da hezkuntza sistematik, ia denak D eredutik, baina ari gara ikusten D eredua porrot bat dela gurasoek kapital kulturak eta ekonomikorik ez badute. D eredutik pasatzen direnen %45ak ezin ditu ikasketak jarraitu batxilergoan, eta B edo A ereduan ikasten dutenen %68ak ere ez». Eta beraz, kanpora zein barrura begirako lan bat egin behar dela ondorioztatu du, hezkuntza sistemaz harago ere lantzeko. Gaineratu du, EAEko hezkuntza legea, bere ustez, ez doala norantza onean «segregazioan oinarritu da».
«Ez dago erronka demografikorik, immigrazio fluxuak kudeatzea da dagoen erronka, horretan politika instituzional material egokiak ezartzea da gakoa, integrazio bidea bermatua izan dadin. Eta integrazio bidea bi elementutan oinarritzen da: eskolan eta enpleguan», ohartarazi du Aierdik.
Ondorio gisa, esaldi borobil bat bota du, «Immigrazioa behar dugu, baina ez dugu nahi». Bide eman dezakeen aldarri batek jarraitu dio: «Premia termino estrukturaletan dugu, eta mehatxua termino sozialetan». Horregatik, beharrezko jotzen ditu politika publikoak, baina baita gizartean egin beharreko lana ere. Beste alde batera ez begiratzeko deia egin du, eta egoera kudeatzeko estrategia baten beharra azpimarratu: «Immigrazioa hemen dago, azter dezagun. Begiratu behar da Kanarietara eta Melillara, baina begiratu behar da gure auzoetara, eta neurriak hartu behar dira».