«Ondo dagoena ez aldatzea hobe» esaldiak ez du balio Bidasoa eta Anaitasunarentzat. Bakoitzak bere mailan, helburuak ondo baina hobeto bete zituzten irundarrek bezala iruindarrek, baina denboraldi berriari aldaketa nabarmenekin ekingo diote batzuek bezala besteek. Hori bai, taldea eraberritzeko bide desberdinak hartu dituzte Artaleku eta Anaitasuna pabiloietako bulegoetan.
Barcelonak beste liga batean jokatzen jarraitzen badu ere, Aginagalde anaiak ez dira iazko bigarren postuarekin –gainontzeko talde guztientzat hautsi ezinezko sabaia dirudienarekin– konformatzen, eta taldeak beste erregistro batzuetan hazten jarrai dezan bilatu dute Alex Mozas gaztearen fitxaketarekin, ikaragarri arrakastatsua izan den Jacobo Cuetararen etapa inor gutxik espero zuenean amaitutzat emanez. Aulkikoa da aldaketa nagusi eta ia bakarra, jokalariei dagokionez justuko fitxaketak baino ez direlako egon. Atean Dunkerkequerako bidea hartu duen Mehdi Harbaouiren hutsunea Leo Maciel argentinarrak beteko du, eta ezker hegalean hasiera batean pentsatuta ez zegoen fitxaketa bat egin behar izan dute, denboraldiaurrean luzerako min hartu duen Tito Diaz ordezkatzeko Theodoros Boskos, iazko Puente Genilen golegilerik nagusiena ekarrita.
«Mozas eta Cuetara oso desberdinak dira. Entrenamenduak oso desberdinak izan dira. Orain defendatzen dugun modua asko aldatu da, eta erasoan ere antzeko, baina jokalariek jarrera ona izan dugu aldaketa horri aurre egiteko. Denboraldiaurre luze honetan sentsazioak onak dira, eta konfiantza osoa dugu Alex Mozasengan», azaldu du aste honetan Asier Nieto, Bidasoako jokalariak, NAIZ Irratiko mikrofonoetan.
Sakoneko aldaketa honekin, pentsatzekoa da taldeak denbora bat beharko duela teknikari berriaren ideiak barneratzeko, baina Etxebarriko jokalariak argi dauka Bidasoan ez dela trantsiziorako astirik. «Badakigu zein taldetan jokatzen ari garen. Bidasoak emaitzak lortu behar ditu. Derrigorrezkoa da hor goian egotea ligan, eta horrek izan behar du helburua. Badakigu aldaketekin pazientzia apur bat izan behar dela, baina konfiantza daukat igandean irabaziko dugula eta horrek bultzada ona emango digula.
Aranda igo berria izango da horien lehen arerioa igande honetan bertan etxetik kanpo eta, iaz bezala, Artalekuko lehen bisitaria Barcelona izango da. Iaz puntu bat lapurtzea lortu zuten, eta aurten, zaleen babesarekin, errepikatzen saiatuko dira. Nolanahi dela, gaur egun, utopia bat dirudi Asobaleko lehen postu hori culeekin borrokatzea, eta Europan izan dezakete hazteko modua. «Paper on bat egiteko ilusioa daukagu. Badakigu oso zaila dela, baina helburuetako bat Europan urrutiago heltzea izango da».
Gazte gara gazte
Anaitasunan hazteko beste bide desberdin bat urratuko dute, beste urtebetez Quique Dominguez lemazain dutela. Ez da berria, taldeak berriz ere berrasmatu behar izan du uda honetan Juan Bar, Nico Bonnano, Ander Torriko, Edu Fernandez, Alvaro Gaston, Antonio Bazan, Miko Artinovic edo Iñaki Martinezek, arrazoi desberdinengatik, taldea utzi eta gero. Pablo Castro, Dani Santamaria, Alonso Moreno, Samuel Pereiro eta Nico Zungri dira tartean pisu handiko jokalariak ordezkatzera etorriak, harrobitik jauzia eman dezaketen gazteak ahaztu gabe.
Horrenbeste aldaketarekin, taldeari ondo etorri omen zaio aurtengoa bezalako denboraldiaurre luze bat. «Hazten joan gara. Hainbeste jokalari berri izateak egokitzapen prozesu bat behar du, eta nik uste behetik gora egin dugula. Denboraldiaurrea ondo amaitu dugu, ez dugu lesio larririk izan eta ekiteko prest gaude», azaldu du Martin Ganuzak, Navaren aurrean debuta egin baino lehen.
30 punturekin, bederatzigarren postuan amaitu zuten liga, eta hasierako ortzimuga iazkoa hobetzea izango litzateke. «Gure entrenatzaileak asko nabarmendu digu emaitzetan ez dugula arreta handirik jarri behar, horiek ez baitaude gure esku, baina bai gure jokatzeko moduan tematzea. Hori da gehien nabarmendu duena, hori izango da garaipenetara hurbilduko gaituena», azaldu du aldagelan pisu gero eta handiagoa hartu beharko duen jokalari nafarrak, izan ere 6. sasoia hasiko baitu Anaitasunaren lehen taldean.