Pandemiari nolabait aurre egiteko sortu zen udako Mastersa indarra hartuz joan da urteen poderioz eta bere bosgarren edizioaren azken fasea jokatuko da urri hasieran Nafarroa Arenan. Iruñeko pilotalekua ere, pixkanaka ari da zirkuito profesionalean bere tokitxoa egiten eta hirugarren urtez jarraian uda nolabait ardaztu duen lehiaketaren azken txanpa hartuko du urriaren hasieran. Hilaren 4an, ostiral gauez, bi finalerdiak jokatuko dira 22.15etan hasita; Etxeberria-Mariezkurrena / Peña II.a-Zabaleta eta Altuna-Iztueta / Zabala-Imaz eta finala berriz igande arratsaldez jokatuko dute bi bikote irabazleek, arratsaldeko 17.00etan hasiko den jaialdian.
Oraindik ere askorentzat pilotaleku ezezaguna den arren –Martxel Iztuetak, esaterako ez du sekula bertan jokatu–, bertan jokatutako partidek argi utzi dute atzelari jotzaile handien oso gustuko pilotalekua dela Arenakoa, frontis bizikoa eta atzean pilotak pisu handia hartzen duen horietakoa. Eta sentsazio hori berresteko, bertan jokatutako binakako finalak errepasatzea besterik ez dago. Mastersari dagokionean, azken bi urteetan Jon Mariezkurrenak jantzi du txapela, bietan Joseba Ezkurdia, beste pilotari indartsu batek lagunduta. Baina Binakako txapelketa nagusiko beste bi final ere jokatu dira bertan eta bietan Berriozarkoarekin batera, pilota urrutien jartzen duen beste atzelariak lortu du bertan txapela janztea, Jose Javier Zabaletak. 2023an Elordirekin (22-13 Laso-Imazen aurka) eta aurten bertan Peio Etxeberriarekin (22-10 Altuna-Martijari gailenduta).
Bada, jotzaileen erreinuan, bi jotzailerik handienek irekiko dituzte aurtengo Mastersaren finalerdiak, elkarren aurka jokatuz. Peio Etxeberriarekin txapelketako bikoterik onena osatu du Berriozarkoak eta parean behetik gora nabarneb egindako bikote bat izango dute parean. Zabaletak, min hartuta, Mastersaren lehen partidak galdu zituen, baina behin osatuta, bikain moldatu da Peña eraginkor batekin. «Lesio batetik dator baina dagoeneko ondo jarrita, aso fresko nabari zaio eta ea partida txukun bat egiten dugun», adierazi du hirugarren txapela nahi duen Mariezkurrenak.
Altunaren erronka
Beste finalerdia Altuna-Iztueta eta Zabala-Imazek jokatuko dute, tolosarrarentzat eta Logroñokoarentzat lehena izango den finalerdian. «Halako egunetan nahiko maila ona eman dudala uste dut baina ez dago jakiterik, lehen torneo handia lehen mailan eta ez dago jakiterik», adierazi du atzelari gazteak.
«Iruditzen zait beretzat frontoi ona dala, kolpea garbi soltatzen dion pilotaria da eta hemen uste dut mina egitea baduela», gaineratu du bere aurrelaria izango den Jokin Altunak. Erronka zalea, profesional mailan irabazteke geratzen zaion lehiaketa bakarra da Mastersa, nahiz eta dagoeneko hiru final jokatu dituen. Nafarroa Arena ere ez da bere jokoari hobekien doakion pilotalekua, nahiz eta aurten sanferminetako lau eta erdikoa Peñari kostata irabazita, orain arte bertan zuen madarikazioa hautsi duela ematen duen. Indarreko pilotarientzat pilotaleku aproposagoa dirudi Nafarroa Arenak, baina amezketarrarekin ez dago ezer ziurtzat jotzerik.