EuskoTreneko 2022ko EPE estabilizazio prozesuan euskara eskakizunaren aurka UGT sindikatuak aurkeztutako inpugnazioaren epaiketa astearte honetan izan da. Sindikatuaren jarrera eta erabakia salatu dute ELAk eta LABek, zerbitzu publikoetan gutxieneko euskara maila bat eskatzearen aurka agertu delako berriro.
Horretarako, elkarretaratzea egin dute goizean Bilboko epaitegiaren aurrean, LABek azaldu duenez, «eraso honen aurrean erantzun irmo bat eman eta zerbitzu publiko eta euskaldun bat aldarrikatzeko».
ELArentzat, «halako erasoek zuzenean urratzen dituzte hizkuntza eskubideak», izan ere «EuskoTreneko langileek euskaraz lan egiteko eskubidea dute, eta erabiltzaileek euskarazko zerbitzua jasotzekoa».
«Gure hizkuntzaren etorkizuna jokoan dagoen testuinguru berezi honetan, sistematikoak izaten ari dira euskarak eta euskal hiztunok gure herrian bizi dugun subordinazio egoera bere horretan jarraitzeko jasaten ari garen erasoak. Euskararen aurkako oldarraldiaren baitan kokatzen dugun eraso berri honek denboran hainbat hamarkada atzera egin eta euskararen normalizazio prozesuan azkenengo urteetan Euskotrenen egindako lan guztia baliogabetzea du helburu», laburbildu dute LABetik.
Sindikatu honek gaineratu duenez, «UGT bezalako sindikatu espainolistek euskararen aurkako erasoak normalizatzeko erabakia hartu dute». Horren aurrean, euskararen ezagutza bermatzeko garrantzia eta berdintasunean oinarritzen diren hizkuntza-politikak aldarrikatzen jarraitzeko asmoa nabarmendu ditu.