‘Black Basque Power’: futbola, arrazakeria eta migrazioa
‘LOS WILLIAMS’. Euskal Herria, Estatu espainiarra. 2024, 85’ Zuzendaria: Raul de la Fuente. Gidoia: Amaia Remírez. Musika: Mikel Salas Argazkilaritza: Raul de la Fuente, Gorka Gomez Andreu.
Zinemira salieko irekierak kutsu futbolzalea eta ‘bilbotarra’ izan du, Raul de la Fuente zinemagile nafarrak (‘Minerita’, ‘Another day of life’…). ‘Los Williams’ dokumentala estreinatu baitu; Athletic Clubeko jokalari diren bi anaiaren eta horien familiaren historiaren inguruko lanarekin, hain justu.
De la Fuente eta lantaldea bi urtez ibili dira Athletic-eko jokalarien atzetik, Qatarko Munduko Txapelketan parte hartu zutenetik bukatu berri den Eurokopara arte. Narrazioa osatzeko familiaren artxibo pertsonala eta Iñakiren, Nicoren eta amaren arteko bideodei eta ahots oharrak ere erabili dituzte –lanari naturaltasun handia ematen diotena–, iraganeko hainbat gertakari antzeztu dituzte eta elkarrizketak egin dizkie Williamstarrei, baita haurtzaroko lagunei eta zaleei ere.
Irekierak kutsu futbolzalea izan duela aipatu dut baina lan honek futbolaz harago doan istorio bat du oinarri, protagonisten ibilbidean garrantzitsuak izan diren zenbait gatazken bidez gerturatzen baita dokumentala euren bizitzara; migrazioari, identitateari, familiari eta, tamalez, arrazakeriari buruzko kontakizun bat da.
Osagaiak erakargarriak izanik ere ezinbestekoa zen guztiari forma eta zentzua ematea; Amaia Remirez-ek ezin hobeto egituratu du materiala gidoi organiko eta bizi baten bidez. Gidoia nahiko askea izan denez, gertakari ugari ezin zirelako aurretik iragarri –Errege Kopa irabaztea edota aitonaren heriotza esaterako–, muntaia lanak protagonismo handiagoa bereganatu du.
Afrika eta Euskal Herriaren arteko istorioen, testigantzen eta irudien dantza honetan, musikak ere pisu nabarmena du: Mikel Salasek nahasketa ausarta eta polita osatu du. Txalaparta eta irrintziekin batera, Sierra Leonako Chennor Bah musikarien rap doinuak bikainki uztartu ditu. Zenbait abestirekin ere elikatu du soinu banda nagusia: Nina Simo-ren ‘Sinnerman’ kantaren unea bereziki indartsua iruditu zait.
Futbolaren alde ilunak ezagutzen ditugu, baina behar den moduan erabiliz gero bozgorailu garrantzitsua izan daiteke: migrazioa edota arrazakeria bezalako gaiei ikusgarritasuna emateko adibidez. De la Fuentek Williams anaien erreferentzialtasuna baliatu dute horretarako.
Futbolzalea –edota Athleticzalea– izan ala ez, edonork gozatzeko moduko lana iruditu zait.