Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota

Asimilazioaren zirimiriari aurre egiteko ariketa kolektiboa egin dute Leitzan

Euskal Herrian Euskaraz, Gure Esku eta Gu ere bai! herri ekimenek egun osoko egitarau oparo bat antolatu dute, hizkuntza, kirola eta lurraldetasuna oinarri hartuta.

Egun osoko egitaraua antolatu dute Leitzan.
Egun osoko egitaraua antolatu dute Leitzan. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Herri batekin bukatzeko bi bide daude, asimilazioa edo sarraskia». Jose Maria Carrion, Txepetx, soziolinguistaren aipu honekin hasi du Ibai Zabalak Leitzan, Gure Eskuko ordezkari Josu Etxabururekin emandako hitzaldi edo azkenerako «bertso libreen» solasaldi irekia. Berrizeko pilotari ohi eta euskaltzaleen irudikoz, Euskal Herrian saiatu ziren bigarrenarekin, baina azkenerako lehengoa askoz ere eraginkorragoa suertatu omen da. Ia oharkabean, poliki-poliki gainera erori zaigun zirimiri efektuarekin erabat blai eginda omen gaude.

Eta asimilazio prozesu horri nolabait aurre egiteko ariketa saio kolektibo moduko bat antolatu dute Euskal Herrian Euskaraz, Gure Esku eta Gu ere bai! herri ekimenek egun osoko egitarau oparo batekin. Euskara, kirola, kultura eta erabakitzeko eskubidea, bakoitza bere eremutik eta egiteko nahiz eragiteko moduetatik diharduten hiru herri ekimenek argi ikusi dute egungo egoerak elkarrekin aritzera behartzen dituela eta elkarlan horren adibide argia izan da Leitzako plaza bete duen ekitaldiak.

Eguna goiz xamar hasi da, Leitzako udaletxean antolatutako hausnarketarekin. Bertan norbere kezka, analisi eta esperantzak agertzeko modua izan du, kirolean aritzeko estrategia egoki batek izan dezakeen balioaz jakitun. Josu Etxaburuk zalantza agertu du; «ez dakit zenbateraino garen kontziente gure hizkuntza eta kultura arriskuan ditugunik». Euskarak azkenaldian jasandako oldarraldiak erabili ditu ahoan, Donostiako Udalean euskarazko B eskakizuna eskatzea gehiegizkoa dela esaten duen epaiaren erabakia aitzaki hartuta. Eraso hauei erantzuten herri zaildua garela argi du Gure eskuren eledunak, baina oldarraldi horiei erantzun partzialak eman beharrean, «herri gisa» jokatzea aldarrikatu du, erantzun partzial horiek «ahuldu egiten gaituztelakoan.

Bi Estatu eta hiru administrazioaren baitan zatitutako herrialde bat izanda, «erresilientzian» mundu mailako potentzia bat izan da Euskal Herria, baina itxaropentsu izan nahi duen Ibai Zabalak «noraez» moduko bat sumatzen du eta «kontra egiteko, desobedientziarako gaitasuna galdu dugula» sumatzen du. Publikotik gogorarazi diote aurten bertan pilotari multzo zabal batek uko egin diola Iruñean jokatu den pilotako munduko txapelketan parte hartzeari.

Hor hasi da gure herrian hainbestetan errepikatu den botila erdi hutsik edo erdi beteta dagoela defendatzen dutenen arteko lehia. Amets Arzallusek Villabonan EHE-k egindako mintegi batean esandakoak ekarri ditu solasaldian parte hartu duen herritar batek, «Frantzia eta Espainia bezalako bi potentzia handiren artean orain arte eutsi izanak» suposatzen duen garaipena balorean jarriz.

«Baina eustearekin nahikoa al da?». Azkar irten da galdera. Josu Etxaburuk «motz» geratzearen arriskuaz ohartarazi du eta norabide zehatz bat hartzearen garrantziaz aritu da. «Lan hori Gure Eskuk ezingo du bakarrik egin eta aldarria beste zenbait eragilerekin herri gisako planteamendu bat egitetik etorriko da. Amesten dugun herri libre horrek ameskeriatik ez du ezer. Bere etorkizuna libreki erabaki nahi duen gehiengo abertzale bat badago, eskubidea du erabakitzen joateko, inor baztertu gabe, inork abertzaletasun horri mugarik jarri gabe».

Adostasuna erabatekoa izan da herri nortasunean hizkuntzak eta kulturak eragin izugarria dutela nabarmentzerakoan eta fondoko lasterketa horretan «optimista kritikoak» izatera behartuta omen gaude Ibai Zabalaren arabera. Berriztarrak gogoratu du «soziolinguista baikorrenek» diotela XXI. mendean munduan diren 6.000 hizkuntzetatik erdiak desagertuko direla, ezkorrenek ordea, galera hori %90era ere hel daitekeela aipatzen omen dute.

«Aho biko ezpata»

Kirola egin beharreko lanketa horretan tresna erabakigarria izan daitekeela nabarmen du Gu ere Bai elkarteko Patxi Gaztelumendik eta Espainiak Eurocopa irabazi ondorengo ospakizunak Athleticek berriz ere Gabarra atera zuenean izandakoekin alderatu ditu, baita iaz Tourrak Euskal Herria zeharkatu zuenean errepide ertzetan azaldu ziren ikurriña uholdeak. Berrizko «optimista kritikoak», ordea, kirolarena aho biko ezpata bat izan daitekeela plazaratu du. «Aldeko eta kontrako aukera bat izan daiteke. Williamstarrak komunikabideetan euskaraz mintzatuko balira, euskararentzat ikaragarria litzateke. Kontua da ez dela gertatzen, kontrakoa baizik. Athleticek Espainiako Kopa irabaztea ere ona da, baina baita txarra ere. Kirola aktibo garrantzitsu bat izan daiteke, baina kontrakoa ere bai».

Baina ariketa fisikoa egitea inoiz kaltegarri ez denez, egitarauari kirol erakustaldi batek hartu dio lekukoa, Leitzako plaza ederrean karatean, gimnasia artistikoan eta herri kiroletan aritu dira herriko eta inguruko gaztetxoak, azkenerako agertu den eguzkipean.

Eta «Herri libre bat» izan den Leitzan lehiarik ez, baina sari eta omenaldirik izan da, hamar urte bete dituen bertako Euskal Herria Mendi Erronka lasterketak, Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak eta Union Tutera kirol elkarteak bertaratutakoen goxotasuna jaso dute.

Eguna osatzeko, triki-poteoak eta, nola ez, emakumezko eta gizonezkoen pilota partidek itxiko dute asimilazioaren zirimiriari aurre egiteko ariketa kolektiboak.