Jon Ormazabal

Nekez izan zezakeen Artola baino aitabitxi hoberik Salaverrik torneo batean estreinatzeko

Lehen erdi orekatuaren ostean (12-11) alegiarrak eta errioxarrak errenkadan egin dituzte partidako azken hamar tantoak.

Grina eta sasoi izugarriarekin, erakustaldia eman du Artolak Logroñoko feriaren hasieran.
Grina eta sasoi izugarriarekin, erakustaldia eman du Artolak Logroñoko feriaren hasieran. (Endika PORTILLO/FOKU)

Bere ibilbidean lehen mailako torneo batean, gainera etxean bertan, izan zezakeen bikoterik onena izan da Iñaki Artola Ruben Salaverrirentzat. Hasierako zalantza unetan atzelaria lagundu –azkenerako bikoteak baino 41 pilotakada gehiago jo ditu–, aurkariek egin aurretik erritmoa ezarri, zuloak ireki, tantoak amaitu... eta azkenerako Fuenmayorrekoari luzimendurako pilotak ere utzi dizkio. Grina izugarri eta sasoi are hobearekin, alegiarrak aparteko erakustaldia eman du Logroñoko feriaren lehen egunean eta gipuzkoarra eta errioxarra finalerdietako ligaxkarako sailkatu dira, Larrazabal-Imazi 22-11 gailenduta. Salaverri bera ere maila ederrean aritu da –bere bikoteak bezala errebote bat ere jo du–, nahiz eta Artolaren distirak beste guztiak itzal xamarrean utzi dituen.

Partidak bi zati oso desberdin izan ditu. Hasiera gogorra eta luzea izan da, markagailuan eta piloteoan oreka handiarekin. Gorrien artean Iñaki Artolak hasiera-hasieratik jakin izan du berak eraman behar zuela bikotearen zama eta txispa handiarekin ekin dio lehiari, jokoa aurreko koadroetara eramaten saiatu bai, baina tarteka bere buruari aukerak sortuz eta errematean fin arituta. Pilotakada kopuruan ere nabarmena izan da alegiarrak bere atzelariak baino asko jo dituela debutaria lagundu asmoz.

Urdinak euren aldetik, jokoa atzeko koadroetan kargatzen saiatu dira, nahiz eta tarteka Larrazabalek ere jo dituen pilotakada elektriko batzuk. Hala ere, Artola izan da partidako protagonista nagusiena eta honek lehen atsedenaldira hiru tantotako aldearekin ahalbidetu die (12-9).

10-0eko partziala

Lehia luzatu den eran, bazirudien txintxariari hartutako arduren pilaketak faktura pasa ziezaiokeela, baina baina justu kontrakoa gertatu da. Gerturatu dira Larrazabal-Imaz tanto bakarrera 12-11koan, baina hortik aurrera Iñaki Artolaren erakustaldia are handiagoa izan da, Salaverri txukun batek lagunduta. Bere lehen helburuetako bat Larrazabali zalantzak sortzea bazen, erabat asmatu du langintza horretan, amurrioarra erabat irten baita partidatik eta, gainera, Imazek ere ez du ohikoa duen lehiakortasunik izan. Gauzak maldan gora jarri zaizkienean ez dute bikote moduan batere batu eta errazegi eman dute amore.

 

FITXA TEKNIKOA:

Artola-Salaverri: 22

Larrazabal-Imaz: 11

Pilotakadak: 523. Iraupena: 56,24 minutu. Markagailua: 0-2, 4-2, 4-6, 7-6, 7-8, 11-8, 11-9, 12-9, 12-11, 22-11. Sakeak: 3 Artolak eta 2 Larrazabalek. Egindakoak: 11 Artolak, 2 Salaverrik, 5 Larrazabalek eta 1 Imazek. Galdutakoak: 1 Artolak, 2 Salaverrik, 2 Larrazabalek eta 2 Imazek. Gorabeherak:  Sarrera erdi inguru Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Estelarraren aurretik omenaldi txiki bat egin diete Adarragako taberna 28 urtez eraman dute Espiga neba-arrebei. Lehen sakea gorri.