Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
CRíTICA ZINEMIRA

Zinemarekiko maitasuna lau haizeetara

‘ESTO NO ES HOLLYWOOD’
Euskal Herria, 2024. 80’. Zuzen.: Jone Ibarretxe de la Cal, Nere Falagan. Gidoia: Jone Ibarretxe de la Cal, Nere Falagan, Maria Maestre, Garazi Velasco del Pino, Javier Felix Etxaniz. Musika: Santiago Ibarretxe. Argazkia: Nere Falagan.

‘Esto no es Hollywood’ filmeko fotograma.
‘Esto no es Hollywood’ filmeko fotograma. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Ibarretxe anaien heriotza goiztiarraren ondoren, Jone Ibarretxek, Josemiren alabak, Ibarretxetarren unibertsoa eta Ibarretxe & Co ekoiztetxearen ondarea berraurkitu nahi izan ditu Nere Falagan-ekin batera. Horretarako dokumentalgintzaren bidea jorratu dute eta ‘Esto no es Hollywood’ izeneko lan polita osatu dute. Ezusteko oso atsegina jaso dut dokumental berezi honi esker.

Ibarretxe anaiei buruzko dokumental bat egitea ez zen lan makala; horien filmografia eta lana errepasatuz gero, bertatik atera daitekeen irudi, elkarrizketa eta materiala itzela delako, mugagabea. Hori guztia sailkatu, forma eman eta gidoira eramatea nekeza izan dela suposatzen dut, baina 80 minututan bikainki kondentsatu dute anaia karismatiko eta dibertigarri hauen izpiritua eta arima. 

Gidoian zer jarri eta zer ez garrantzitsua izanagatik ere, honako ezaugarriak dituen lan batean, muntaia lan txukuna ere nahitaezkoa da. Bada hemen ere itzel aritu da Ainara Lopez, M. Eunate muntatzailea, erritmo bizia eta oso arina gailentzen baita ikustaldi osoan zehar; ikuserraza da oso. Istorio gehienen moduan honek ere bazituen argi-ilunak, baina oso tonu orekatua erabili dute; lorpenak erakusten dira baina baita porrotak ere.

Artxibo irudiak erabiltzeaz gain zenbait pertsona ere elkarrizketatu dituzte, gozamena izan da zinemaren munduarekin loturiko pasadizo eta bitxikeria horiek guztiak entzutea; finantziazio arazoak, Oscar sarietako uneak, ‘Sabotage!’ film gatazkatsuaren gorabeherak, ‘Las memorias de Karbo Vantas’ eta abar. Bereziki hunkigarriak eta dibertigarriak dira familian grabatu dituzten irudi intimistak, eremu oso pertsonalean murgiltzen gaituztenak; hori zen azken finean anaia hauek egiten zutenaren oinarria, ofizio eta afizio zena familiakoekin egitea.

Aitzindariak euskal ikus-entzunezkoen sektorean, eklektikoak, sormen handikoak eta batez ere geldiezinak. Bilbollywood egitearekin amets egiten zuten 90eko hamarkadan eta hori gauzatzea lortu ez zuten arren, zinema hemendik egitearen aldarrira oso irmo eta tinko mantendu zuten ibilbide osoan zehar.

Anaia hauek zinemarekiko sentitzen zuten pasioa eta maitasuna ikus-entzunezko honen bidez ezin hobeto iristen zaio ikusleari. Horren arrazoia topatzea erraza da oso: Jone Ibarretxek eta Nere Falaganek, Javi, Josemi eta Estebane-k egiten zuten moduan, errespetuz, sentiberatasunez, goxotasunez eta kariñoz busti dutelako ‘Esto no es Hollywood’ dokumental hunkigarria.