Lointek Gernika Bizkaiak bere aurkezpen instituzionala izan du astelehen honetan talde gernikarraren babesle nagusian Urdulizen duen egoitzan. Bederatzi aurpegi berri daude iazko taldearekin alderatuta –Ane Olaeta, Irati Etxarri, Awa Fam, Elena Buenavida, Kendra Chery, Laura Westerik, Taylor Mikesel, Annika Soltau eta Naia Zubiaga–, eta aurten ez da Europako lehiaketarik izango, pasa den urtean bizkaitarrek ez zutelako Emakumeen Endesa Ligan zortzi onenetan sartzerik lortu. Nolanahi, betiko «ilusioa eta gogoak» nabarmendu dituzte 2024/25 denboraldirako.
Gerardo Candina Gernika KESBeko zuzendariak babesle nagusiaren «laguntza eta konpromisoa» berretsi ditu, batez ere orain arte Europako ibilbideari loturiko babeslea izan baita bizkaitarrentzat. «Babeslearen laguntza barik ez litzateke posible izango azken urteetan lortutako dena errepikatzea», aipatu du Candina presidenteak, eta alde horretatik, klubaren beraren konpromisoa berretsi ditu berriz ere onenen artean aritzeko ideian.
Alde horretatik, taldearen «gosea, esfortzua eta lana» ziurtzat eman ditu Candinak. Denboraldiaurrean egindako lana aintzat hartuta, kontuan hartzeko moduko taldea izango dela dirudi. Jokaturiko neurketetatik azkena baino ez du galdu Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldeak; hain zuzen, aurten Emakumeen Eurocupa jokatuko duen IDK Euskotren taldearen aurka, pasa den larunbatean 69-63 luzapenean galdu zuen. Oraindik Euskal Kopako neurketak falta dira denboraldiaurrea osatzeko, baina ez dauka itxura txarrik Gernikak.
«Orain arte ikusi den moduan, talde polita daukagu, langilea, eta giro oso oso ona dago. Nik uste orain arte jokatu ditugun neurketetan asko isladatu dela hori», adierazi du Marta Alberdik.
Itziar Ariztimuño kapitainak, berriz, «Europarik ez dugulako izango, agian asteak luzeagoak izango badira ere, entrenatzeko aukera gehiago izango dugu eta Emakumeen Ligan bakarrik zentratzeko moduan egongo gara eta partidak hobeto prestatuko ditugu», iritzi dio.
Antolatzaile bilbotarrak dagoeneko bederatzi urte daramatza Gernikan eta badaki zer ari den esaten, denetarik bizi izan duelako ia hamarkada oso honetan. «Lehiaketa bakarra izateak oraindik eta gogo gehiago emango dizkigu ligan gauzak ondo egiteko, tarteka entrenamenduz betetako astean luze egin badaitezke ere».
Esan bezala, Emakumeen Endesa Ligan parte hartzen duten lau euskal taldeetatik hiruk Euskal Kopa jokatuko dute ostegunetik aurrera Besaingo Antzizar kiroldegian. Hala Lointek Gerniika Bizkaiari dagokionez, ostegunean, hilaren 26an, 19.00etan Kutxabank Araski izango du aurrez aurre eta handik 24 ordura, ostiralean ere 19.00etan hasiko baita partida, IDK Euskotren izango da gernikarren arerioa. Igandean, hilaren 29an erabakiko da Euskal Kopa, 12.00etatik aurrera Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek jokatuko duten partidarekin.
«Badira urte batzuek killi-kolo ibili garela Euskal Kopan eta uste dut oraingoan itxaropena badaukagula daukagun talde honekin berau irabazteko», aipatu du Marta Alberdik denboraldiaurreko azken hitzorduaren harira.
Lan egiteko modu bat
Bere aldetik, Lucas Fernandez entrenatzaileak lehen taldeaz gain, babesleak harrobian duen presentzia nabarmendu du, nolabaiteko nortasun osagarri bat eratuz klubarekin. «Lan egiteko modu berezi bat dago herrian, eta erreferente izan nahi dugu. Hori da gure konpromisoa eta horretarako gure onena emango dugu egunero», azaldu du.
Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Foru Diputatuak Lointek Gernika Bizkaiak emakumeen kirolean duen «erreferentzialtasuna» nabarmendu du. «Kirola funtsezkoa da, eta emakumezkoena are gehiago. Berdintasuna inon baino hobeto erakusten da kirolean, eta taldea horren ordezkari onena da Bizkaian», azpimarratu du.
Azkenik, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariak Euskal Herrian dagoen saskibaloi maila «izugarria» adierazi du, bidenabar, «batez ere, emakumezkoetan».