Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Pello Gutierrez
‘Erreplika’ dokumentalaren idazlea eta zuzendaria

«Zinemagile txikiok elkartu egin behar dugu gure zinema pertsonala eta propioa egiteko»

Aitak –Juanmi Gutierrez– utzitako hutsunea du sorburu Pello Gutierrezen ‘Erreplika’ dokumentalak. Galera horri beste hainbat gehitu zaizkio bidean, Zazpi T'erdi ekoiztetxearen lan berrian. Zinemiran aurkeztuko dute astelehen honetan.

Pello Gutierrez zine zuzendaria eta ekoizlea Zazpi T'erdi enpresaren bulegoan.
Pello Gutierrez zine zuzendaria eta ekoizlea Zazpi T'erdi enpresaren bulegoan. (Jon URBE | FOKU)

Hutsuneak. Galerak. Irudiak. Barruan hainbat ezusteko dituzten matrioskak bailiran, istorio txiki bezain esanguratsuak josi ditu Pello Gutierrezek ‘Erreplika’ filman. Memoria ariketa pertsonaletik abiatu eta hainbat gai unibertsalez hausnartzera garamatzana. 

Bidean galderak.

Bidean, galdera asko. Bat, nagusia: Irudi baten ausentzia bere presentzia bezain indartsua izan al daiteke? Eta hala bada, zer egin hutsune horrekin? «Hau hutsuneei buruzko film bat da. Nire aita, Juanmi Gutierrez zinegilea, duela urte batzuk hil zen. Orain, denbora tarte bat pasa denean, bere filmetara itzuli naiz memoria pertsonaleko ariketan. Irudien bitartez egiten dut memoria. Edo hobeto esanda, irudi ezaren bitartez», azaldu du zinemagileak.

1978. Juanmi Gutierrez Marquez Hernaniko ‘Zikuñagako Ama’ trainerua filmatu asmo du. Hernanitik Donostiararako bidea egin, portuan entrenamendua egin eta trainerua bedeinkatzeko aprobetxatuko dute arraunlariek. Hasieran dena ondo doa baina portuan dauden guardia zibilak grabatuak sentitu eta zinta kenduko diote. Aske uztean berriz itsasoratu eta bertan harrapatuko ditu arraunlariak eta orduan bai, grabatu.

1979. Zikuñagako Ama Birjina desagertu egin da.

2019. Juanmi Gutierrez Marquez hil da.

Hiru gertaerak ditu mugarri ‘Erreplika’ proiektuak. Azkena izan du abiapuntu Pello Gutierrez Peñalbak. «Aitaren heriotza izan zen detonantea. Gure barruan sentitzen dugun hutsunea familiako kide bat hiltzen denean», aitortu du.

Deskubrimenduak

Eta galeren atzetik aurkikuntzak datoz. «Insomnio gau batean gauzak begiratzen hasi eta bapatean deskubrimendu txikiak egin nituen. Aita hil berria zen eta ‘Zikuñagako Ama’ film zaharra aurkitu nuen, Amabirjinaren lapurreteren berri izan nuen gero, nire aitonarekin lotura zuena…», gogoratu du.

Nondik hasi? «Dokumentazio lan dezentekoa eskatu zuen. Garaiko berriak irakurri –Eginek asko jarraitu zuen albistea–, apaizarekin hitz egin... Informazioa jasotzeko helburuarekin testigantzak bildu nituen, nahiz asmoa ez zen pelikulan agertzea. Gidoiak bakarrik ez, muntaketak pisu handia izan du istorioak harilkatzeko unean. Oso lan konplexua izan da film honetan. Gidoiak ez zuen funtzionatu muntaketan eta erabat deuseztu genuen dena», argitu du.

Juanmi Gutierrezen pelikula ‘ofiziala’ Euskadiko Filmategian dago gordeta. «Ez du off-ahotsik, irudiak dira, hutsean. Baina Hernaniko Arraun Taldeak bigarren kopia bat zeukan. Bertan off-eko ahotsak Guardia Zibilak aitari zinta konfiskatu zionekoa gogoratzen du», dio.

Hernaniko biztanleek irudi ikoniko bat galdu zuten. Zulo bat horma-hobian. Juanmi Gutierrezi konfiskatutako irudiaren lekuan hutsune beltza uztea erabaki zuen bigarren bertsioan. Zulo beltza zintan.  

Sinboloak

Errealitatearen sinbolo dira irudiak. «Zikuñagako Amabirjinaren kasuan garbi dago auzoko biztanleak bere irudiarekin bizi direla. Nahiz 45 urte hauetan ez duten eduki. Jaietan beti mural handia jartzen dute amabirjina eta ermita irudikatzen duena. Festa Asanblada ez da batere erligiosoa baina haientzako oso garrrantzitsua da zeren auzoaren kohesiorako eta nortasunarentzat sinbolo handia dira. Horregatik zen hain inportantea ermita berreraikitzea, nahiz ez diren inoiz joango bertara errezatzera. Fabrikaz inguratutako auzoa da, lauzpabost etxez osatua. Oso idiosinkrasia berezia du. Beti bizi izan dira irudi gabeziarekin eta horrek eman die nortasuna», egin du gogoeta Gutierrezek.



«Duela urte batzuk egin zen Zikuñagako Amabirjinaren lehenengo erreplika, baina Hernaniko eliza nagusian gordetzen da. Orain, ermita berreraikitzean, bigarren erreplika egin dute. XIII. mendeko taila gotikoa zen Amabirjina. 1946-1948 urte inguruan zahaberritzera Bartzelonara bidali eta beltza bueltatu zen. Bien argazkiak parez pare jarri eta oso desberdinak dira. Hainbat teoria daude, zuriz margotuta zegoela eta zaharberritze prozesuan jatorrizko kolorea berreskuratu zuela edo norbaitek aldatu egin zurela. Aukera bat da 1979an lapurtutakoa ez izatea benetako amabirjina, benetakoa lehenago lapurtu izana», esan du.

«Paper-enpresak bere eremua handitu nahi eta ermitak traba egiten zien. Egoera kaskarrean zegoen eta esaten zen ez zuela asko iraungo. Handik bospasei urtera ermita bota eta harriak paper-enpresan bertan gorde ziren, berriz eraiki ondoren 2022ko martxoan inauguratu arte. «Ermitaren suntsiketan ardura izan du paper-enpresak baina egia da oso ondo gorde dituela 45 urtez harriak. Bere garaian diru kopuru bat ere jarri zuen paper-enpresak horretarako. Kontu korronteak egon da denbora guztian eta iristen ez zenez diru dezente jarri du berreraikuntzarako», jarraitu du. 



Gertutik ikutzen dituen kontakizunak dira. Izan ere, Felipe Peñalba –On Felipe herritarrentzat eta langileentzat– Zikuñaga paper-enpresaren jabea izan zen. «Aitonaren lanbidea eta ardura bai, baina amabirjinaren istorioa ez nekien. Nire aitona oso erligiosoa zen eta imajinatzen dut berarentzako gai nahiko serioa izango zela kontua. Baina nire amak eta izeba-osabek ez dute gogoratzen asko eragin zionik. Dena usteak dira.

 Paper-enpresa Errepublika garaian sortu zen, 1935ean. Aitona zuritzea da hein batean, baina... Frankismo garaian arazoak izan zituen gobernadoreekin diktadurak errepresaliatuako pertsonei lana emateagatik, ‘gorri’ fama zeukan jendeari. ‘Hauek langile onak dira eta kontratatu egiten ditut’, erantzuten omen zien aitonak. Nahiko serio jartzen zen horrekin. Garai hartako PNV alderdiko kidea zen, abertzalea», argitu du Gutierrezek.


Ermita eraitsi zen garaian aitona Felipe dagoeneko ez zegoen enpresan. Urte asko geroago, hartutako ‘sustoa’ gogoratu du irribarre artean Pello Gutierrezek: «Une batean pentsatu nuen aiton-amonen etxean zegoen amabirjina Zikuñagakoa ote zen. Baina ez, ez da. Lehenengo momentuan beldurtu egin nintzen! ‘Elementu asko daude lotura dutenak, nahiz ez dakidan ze forma emango diogun’», pentsatu nuen.

Erik Belgiarrak ere badu bere lekua dokumentalean. Pertsonaia bitxia. «Hasieran askok esan zuten bera izan zitekeela lapurtu zuena eta egia da urte hartan bertan Aralarko San Migelen erretaula lapurtu zuela baina bere garaian baztertu egin zen hipotesia. Kartzelan sartzean zer lapurtu zuen eta nori eman zion zerrendatu zuen zigorra arintze aldera eta Zikuñagako Ama ez zegoen. Halere, gauza berriak ateratzen aridira zerrendatik kanpo, beraz izan daitekeela dio hainbatek. 
Sekulako pertsonaia da eta bere memoriak oso politak dira irakurtzeko. Istorio fantasioso asko kontatzen du. Bertan dio ez duela inoiz herri bateko amabirjina zaindaria lapurtuko. Zikuñagakoa halaxe da, Hernaniko zaindaria».

Beste pasarte batean honakoa botatzen du Erik Belgiarrak: «Guri esker baloratu da ondare erligiosoa Espainian, aurretik ez zion inori kasurik egiten». «Berak zioen berarentzat errezagoa zela zuzenean herriko apaizari erostea. Gehienak prest zeuden, ezkutuan saldu eta ‘lapurtu egin digute’ esateko, gero igual elizako teilatua konpontzeko. Hala zioen.

Lan esperimentala den heinean bideak berak eramate ditu zinemagileak. «Errodajea hasi aurretik buruan garbi daukagu dena baina prozesuak berak bere bidea bilatzen du. Filmaketan ikusten duzu zerbaitek funtzionatzen duen edo beste hari bat dakarren berarekin».

Filmak bide luzea du atzean. «Duela bost urte hasi nintzen pentsatzen. Errodajea oso luzea eta espaziatua izan da denboran, izan ere errodajea eta muntaketa paraleloki egin ditugu. Ez da oso ohikoa. Normalean bat bukatutakoan hasten da bestea. Nahiago dugu astean behin edo bitan grabatu eta muntatzen joan. Lantalde txikia da eta horrela ondo moldatzen gara. Ia urtebete iraun du filmaketak», esan du.



Aitaren objektuez inguratuta ikus daiteke zuzendaria filman. Zazpi T’erdi ekoiztetxearen bulegoa da. Bertan aritzen zen Juanmi Gutierrez lanean. «Objektu bakoitzak bere istorioa du atzean eta objektu eta irudien pelikula da. Gogoratzeko balio digute. Zertarako sortu irudiak? Filma bera ere zertarako sortu dut nik? Igual aitaren hutsunea betetzeko da. Nik galdetu egiten dut zertarako sortzen diren objektuak eta pelia bera objektu bat da, helburu batekin sortua
». 



Iñaki Sagastume eta David Aguilar Iñigo izan ditu ondoan Gutierrezek proiektu honetan. Lehenak ekoizle lanak egin ditu eta bigarrena muntaketan eta argazki zuzendaritzan aritu da. Hiruak dira Zazpi T'erdi ekoiztetxeko kideak. Arte zuzendaria Arrate Rodriguez du filmak, soinuaren burua Maitane Carballo izan da, Josu Gonzalez soinu diseinu lanetan ibili da eta Maider Blazquez Gonzalezek egin ditu nahasketak. Maite Larburuk konposatu du soinu banda.

Zazpi T’erdiko kideak pozik daude filmak Zinenaldian hartu duelako. «Ondo baloratu dute eta aukeratzea erabaki du. Gure lana estreinatzeko leku aparta da, etxean gertatzea ondo dago. Pelikula lokala da, oso kontu zehatzei buruz hitz egiten du, nahiz baduen unibertsaltasun izpiritua ere. Ilusioa egiten digu filman parte hartu dutenak estreinaldian egoteak». Lehendik ere aurkeztuak dituzte euren lanak Donostiako zinema jaialdian. Izan ere dokumental sorta ondua du Zazpi T'erdi ekoiztetxeak.

Gauzak beste modu batera kontatzea, hauxe helburua. «Ez dugu ohiko dokumental bat egin nahi, non jendeak hitz egin eta gauzak esplikatzen dituen. Ez zaigu gustatzen gauzak publikoari erabat murtxikatuta ematea. Pelikulan puzzlearen piezak enkajatzen joan behar duzu eta zentzua bilatzen. Ez da gure eginkizuna erantzunak ematea, publikoarena baizik. Dena irekita uzten dugu. Poesiak bezala,  gauzak esan gabe kontatzea da gure nahia, publikoak bere ideiak sor ditzan».

Doluaren amaiera

Aitaren heriotzaren aurreko doluari amaiera eman nahi dio, nolabait, Gutierrezek. «Hil zenean egon zen gauza bat oso gaizki eraman nuena, nahiz polita zen. Ez dakit zenbat proiekzio antolatu ziren berak egindako dokumentalena hainbat lekutan... Bera omentzeko modua zen haientzat. Aitak oso filmografia zabala dauka eta ni gonbidatu ninduten urtebetez, ia asteburuero. Behin eta berriz ari nintzen aitaren dolua egiten. Orain nik egingo dut nire erritual modukoa. Filmaren amaieran ikusten da nola objektu guztiak kaxetan gordetzen ditudan. Etapa berri bat hasten da bizitzan niretzat, hemendik aurrera beste modu batean bizitzeko aukera izango dut. ’Oso pertsonala den hau dena nola egin interesgarri ikusleari?’, zen nire buruari egiten nion galdera. Ez baitut niretzat egin filma. Jakinmina daukat ea ikuslea pelikulan sartzen den, ulertzen duen, emozionatzen den... ea ulertzen duten barruan duen poetika propioa», aitortu du.

Kany Peñalba ama ere agertzen da lanean, semearekin hizketan, egunerokoari lotutako eszenan. «Nahi genuen pixka bat hizketaldi arina sartzea, off-eko nire ahots grabearekin filmak duen pisua orekatzeko», argitu du.

Globalizazio garai honetan, «zinemaren estandarizazioaz» kezkatuta ageri da Gutierrez. «Gaur egun Internet bidez eskuragarri dituzu hainbat proiektu. Lehen ezinezkoa zen. Baina Interneten maremagnum horretan galduta geratzen dira lan bereziak direnak eta oso pertsonala direnak. Betiko pelikulak dira iristen direnak, betiko narratiba tradizionalarekin. Ez nago horien kontra, baina iruditzen zait beste zinema bat egin dezakegula eta hori auspotu beharra dagoela. Duela urte batzuk egon zen zinemaren boom txiki bat baina jaisten ari da», dio.

«Geroz eta gehiago elkartu behar dugu zinemagile txikiak gure zinema pertsonala eta propioa egiteko. Ni zinema txikiaren alde nago. Filma batek 100 milioi kostatzea izugarria iruditzen zait, etikoki. Hainbeste diru horretara bideratzea… Diru gutxirekin oso pelikua interesgarriak eta baliagarriak egin daitezke», adierazi du.

Kooperatiba da Zazpi T'erdi. «Hiruon artean egiten dugu dena eta proiektu jakin bakoitzean partaide gehiago izaten gara. ‘Erreplika’ nik sinatu dut, nire bizipenetik datorrelako, baina denon artean egin dugu. Erabaki bakoitza denon artean hartzen dugu. Dena luzatzen da, astebete pasatzen dugu erabakia hartzen baina ez dakigu berste modu batean lan egiten. Enkarguzko lanak hainbeste hartu baino gure proiektu pertsonaletik bizitzen lortzea da gure apustua une honetan», esan du.