Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevista
Aiora Belartieta
Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlaria

«Taldea pixkanaka loratzen joan da, eta aurten izan da leherketa»

Historia egin du “Lugañene" traineruak jokoan egon diren bandera guztiak astinduta: Euskotren Ligako hamabost banderak, Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako Txapelketakoak, eta Kontxakoa. «Ametsetako» denboraldia izan da Belartietarentzat. «Bandera bakoitza lehenengoa balitz bezala ospatu dugu».

Aiora Belartieta Donostia Arraun Lagunakeko arraunlaria, Lasarte-Orian.
Aiora Belartieta Donostia Arraun Lagunakeko arraunlaria, Lasarte-Orian. (Jon URBE | FOKU)

Irrifartsu etorri da hitzordura Aiora Belartieta (Lasarte-Oria, 2002) Donostia Arraun Lagunak-eko aurrekalaria. Denboraldi gogoangarria osatu du taldeak, bigarrenez jarraian Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazita. Bi garaikurrak irabazi ditu taldeak hirugarrenez, baita Belartietak ere. Guztira hemeretzi bandera astindu dituzte. Hori egiteko gakoa taldean egon den «giroa, jarrera eta gogoa» dira. Momenturen batean haien «esentzia» galdu bazuten ere, arraunlariak adierazi du taldeak «ez duela sabairik». Marea Bizian saioko azken atalean duzue elkarrizketa osoa entzungai.

Atseden hartzeko garaia da.

Bai, deskantsua behar dugu. Hilabete asko goaz entrenatzen, eta ondo etortzen da baita ere deskantsua, pixka bat burua argitzeko, eta egin duguna balioan jartzeko.

Deskantsua eta larunbatean Bermeon parranda.

Bai, hori da. Data hori beti dugu gorriz markatuta, estropadekin esaten dugun bezala. Bermeora beti joaten gara parrandara. Mutilen liga ikusten dugu, baita kanporaketak ere.

ETE ligako lehen bi ontziek lortu dute mailaz igotzera.

Larunbatean jada ikusi zen zein diren indartsuenak, eta uste dut merezi duten bi traineru direla. Zorionak haiei ere.

Ametsetako denboraldia osatu duzue. Ez dakit kontziente zareten egin duzuenaz.

Oraindik ez dut sinesten. Orain dela gutxi izan da, eta uste dut hau gehiago baloratuko dudala datorren denboraldian edo hemendik denbora luze batera.

Denborarekin balio handiagoa emango diozue?

Bai, hala ere, egia da balioan jartzen dugula. Azkenean beste urteetan estropadak galdu edo bigarren eta hirugarren postuan geratu gara. Momentuan disfrutatu edo baloratu dugu hori, baina egindako guztia uste dut datorren denboraldietan gehiago jarriko dugula balioan.

Zer balorazio egiten duzu ligaz?

Sekulako denboraldia egin dugu. Batzuk lehen esaten zuten, eta guk ere bai, lehen ez genuen nahi itsasoan metro bat baino gehiagoko olatuak egotea. Azkenean bai genuela beldurra ez ginela hain ondo moldatzen, baina egia da aurten horretarako entrenatu dugula; ibaian, erlojupekoan eta itsasoan ondo ibiltzeko eta azkenean lortu dugu. Emaitzetan ikusi da lortu dugula. Oso harro gaude, eta oso pozik egin dugun guztiarekin.

«Gaur Andrearengatik [Astudillo, patroia], bihar Maiderrengatik [Bereau, arraunlaria], Oriokoa ez dugulako inoiz lortu eta guregatik. Beti zegoen motibazioa irabazteko»

Zein izan da Arraun Lagunak-en gakoa?

Uste dut taldean egon den giroa, jarrera eta gogoa. Bakoitza hartuta, ez zegoen ezta bat ere, esaten zenuena alferkerian ibiltzen zela. Denak bat gara, eta eduki dugun jarrera entrenatzeko. Egia da asko entrenatu dugun denboraldia izan dela. Entrenamendu hauek ere orain dela lau urteetatik datozela, eta pixkanaka taldea loratzen joan dela, eta aurten izan da leherketa. 

Bandera bat bestearen atzetik irabazten ari zinetenean, poztasuna nabaria zen guztietan.

Kanpotik ere esan didate, telebistan ikusten zenarengatik ematen zuela, nahiz eta hamargarren bandera izan, lehenengoa izango balitz bezala ospatzen genuela. Guk horrela bizitu dugu, eta gure artean ere esaten genuen, goazen disfrutatzea. Estropada guztietan beti berdina, denak etxera eraman ditugu. Asko disfrutatu dugun urtea izan da.

Bandera guztientzat aitzakiaren bat baliatu duzue, motibazio bilakatu dena gero, helburu guztiak betetzeko.

Bai, denentzat. Batzuk bizkaitarrak direla, edo bestea Zierbenakoa... Orduan esaten genuen gaur Andrearengatik [Astudillo, patroia], bihar Maiderrengatik [Bereau, arraunlaria], Oriokoa ez dugulako inoiz lortu eta guregatik. Beti zegoen motibazioa irabazteko.

Askotan dena irabazten zoazenean, pixka bat lasaitzea ohikoa izaten da, baina zuen kasuan, behintzat, hori banderetan ez da islatu. Izan duzue halakorik?

Etxabe beti egon da guri ohartarazpenak ematen. Nahiz eta berak jakin ondo ibiliko ginela, beti egon da esaten ez lasaitzeko, besteak ere ondoan daudela, eta gu ere kontziente ginen. Momentu batean ere ez gara lasaitu. Lasaitzen baginen, bagenekien Tolosaldea, Orio edo Donostiarra hor egongo zirela, eta hori pasatzen bazen, ez genituela ligako hamabost banderak edukiko.

Gehien bat Tolosaldea egon da gertuen. Baina parean jarri zaizuenean ere, ez zarete kikildu, zuen arraunketari eutsi diozue.

Gure traineruan eskarmentu handiagoa duen jendea dago, eta sinesten dugu egin dugun lanean. Egia da beste urteetan bai jartzen ginela urduriago, aurten ere urduritasun puntu hori jartzen zaizu, estropada batzuetan bai sentitu dugula tentsioa Tolosaldea gure ondoan jartzen zelako. Baina uste dut gehiago izan dela sinesten dugula zenbat entrenatzen dugun eta esan dugu; «ez dira pasako, gu gehiago garelako». Pixka bat kirolarien mentalitate horrekin.

Gorabeherarik izan al duzue?

Aurten ez. Ametsetako denboraldia izan da, perfektua. Esan zigutenean bandera guztiak irabazteko erronka, azken estropadetan ez genituen sentsazioak aurkitzen arraunketan, eta hor pixka bat bai galdu genuela esentzia. Azken lauzpabost estropadetan. Denboraldia bukatu zenean, taldekideetako batek esan zuen guretzat egin behar genuela arraun, ez jendearentzat. Liga bukatu zenean, berriro hankak lurrean jarri genituen. Goazen disfrutatzera, denboraldi hasieran egin genuena egitera, eta horixe egin genuen.

Ba al du sabairik talde honek?

Ez [barrez]. Sekulakoa da. Denok esaten dugu beti gehiago nahi dugun taldea garela. Zirikatzen ibiltzen gara, edozer dela ere. Gogoan dut Orioko jaitsiera baino lehen lehia izan genuela, ea nork egiten zituen dominada gehiago. Beti dago zerbait gehiago, ez da inor erlaxatzen.

Aurkariak nola ikusi dituzu?

Uste dut Tolosaldeak ere sekulako denboraldia egin duela. Azken urteetan gora egin duen talde bat da, eta etorkizuna duena. Orio ere ikusi da kanpotik etorritakoak, nahiz eta arraunlariak izan, bloke falta eduki dutela, eta Donostiarra bere mailan.

Eta ligaren maila igo egin da?

Bai, uste dut nesken ligan urtetik urtera maila igotzen ari dela, eta aurten ere saltoa egon dela.

Datorrenari begira, ikusita kanporaketetan gertatu dena, ematen du Astillero eta Zumaia gertuago egon daitezkeela, adibidez, Hondarribiarekiko.

Uste dut bi ontzi horiek datorren sasoia gogoz eta indarrez hartuko dutela, motibazio handiarekin. Lehen txandan ibiltzen direnen artean lehia estuagoa egongo da, baita ohorezko txandara igotzeko ere, erraztasun eta aukera gehiago izango dituzte.

Kontxako Banderan ere nagusi. Hirugarrena du taldeak, baita zuk ere. Ligaren isla izan da Kontxako Bandera?

Bai, azkenean ligan dena oso-oso ondo joan da, asko gozatu dugu, nahiz eta azken estropadak intentsuago edo beste modu batean bizi. Orokorrean disfrutatu egin dugu, eta Kontxan ere berdin, eta berriz ere emaitza berdina.

«Egin dugun denboraldi guztia ikusita, eta huts horiek ateratzea... Horretaz hitz egiten da gehien, eta beste guztia ezkutatu edo itzalean geratzen da»

Lehen estropadaren emaitza ikusita, nola joan zen astea?

Urduri zaude, baina lasaitasunarekin. Joan den urtekoarekin alderatzen baduzu, lau traineru geundela lau segundoan... Aste hori kaos bat izan zen, nire etxekoak zeuden ezin zutela nirekin. Aurten egia da jende guztiak esan digula: «Lasai zaudete, ezta?» Lasai ez, Kontxa da, eta beti gauzak gertatzen dira. Tentsioarekin baina aldi berean, lasaitasunarekin.

Behin bandera eskuan, nola joan zen eguna?

Sekulako poza. Urte osoan zehar itxaroten ari zaren eguna da, eta zuk irabazten duzunean, emozioen leherketa da.

Kritikak jaso dituzue sare sozialetan. Taldeak zer pentsatzen du horri buruz?

Pertsona guztiak desberdinak gara, batzuei beste batzuei baino gehiago eragiten die. Nire kasuan bai irakurri ditudala egin dizkiguten iruzkinak, baina nik horiek alde batera uzten ditut, eta nire taldean jartzen dut arreta osoa. Niri asko ez didate eragin, baina taldean asko gara, eta pertsona bakoitzari modu batera eragiten dio.

Egin duzuen denboraldia eta gero, mina ematen du horrelakoak entzutea?

Bai, egin dugun denboraldi guztia ikusita, eta hori baloratzea edo huts horiek ateratzea... Horretaz hitz egiten da gehien, eta beste guztia ezkutatu edo itzalean geratzen da. Amorrua ematen du.

Datorren urtean multzoak jarraipena izango du, ezta?

Bai, multzoak jarraitzen du. Pare bat arraunlari daude ez dutenak jarraituko, baina uste dut osatuko dugula beste talde on bat. Gogoarekin jarraitzen badugu, ea aukerarik dugun beste denboraldi polit bat egiteko.

Eta Exabek ere jarraituko du.

Bai.