NAIZ

«Zinemagintzako langile guztiei» eskaini die Ane Gabarainek II. Gure Zinema Saria

«Hau talde lana da, nahiz eta batzuk soilik agertu pantaila aurrean», azpimarratu ondoren «zinemagintzako langile guztiei» eskaini die Ane Gabarainek II. Gure Zinema Saria ostiral honetan.

Elena Iruretak eman dio saria Ane Gabaraini.
Elena Iruretak eman dio saria Ane Gabaraini. (Maialen ANDRES | FOKU)

«Hau talde lana da, nahiz eta batzuk soilik agertu pantaila aurrean» esanez jaso du gaur Ane Gabarainek II. Gure Zinema Saria. Ikus-entzunezkoen industria osatzen duten lanbide guztiak banan-banan zerrendatu ditu ekitaldian: ekoizleak, gidoilariak, makillatzaileak, jantzien arduradunak, elektrikoak, laguntzaileak, gidariak eta teknikariak, besteak beste.

Elena Irureta lankide eta lagunak eman dio garaikurra. Gabarain hunkitu egin da saria jasotzean, eta aitortu du ilusio berezia egin diola bere lankideak ematea. Gainera, Euskal Herriko zinemaren industria gero eta indartsuagoa dela azpimarratu du, eta zinemaren etorkizuna goretsiz amaitu du hizketaldia.

Gabarainekiko maitasuna, konplizitatea eta miresmena adierazi du aktore zumaiarrak, aurtengo Zinemira Sariak. «Zuk denerako balio duzu; oso harro nago zutaz, eta hain ondo pasatzen dugu elkarrekin lan egiten dugunean...». Iruretaren hitzak etengabe eteten zituzten bi lagunen algarek, barreari eutsi ezinik. 

Elkar ezagutu zutenean bien artean sortu zen «lotura berezia» ekarri du gogora Iruretak. «Laster konturatu nintzen benetako laguna lortu nuela», esan du.

Gure Zinema

Gure Zinema plataforma duela bi urte sortu zen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikus-entzunezkoen sektoreko eragile guztiak batuta. Aurten, bigarrengoz, euskal sektoreak saria eman dio zinemagintzako ordezkari bati.

Arrakastaz beteriko ibilbidea eta euskal kulturari eta, zehazki, ikus-entzunezkoen munduari egindako ekarpen handia ditu arrazoi aktore donostiarra saritzerakoan.

Marian Fernandez EPE-IBAIAko presidenteak gogorarazi du bi urte hauetan Gure Zinema Kluba 1.300 harpidedunetara heldu dela. Pertsona horiek euskal zinema babesteko eta aparteko esperientziez gozatzeko interesa dute, besteak beste, filmaketez, proiekzio bereziez eta zozketez.

«Bide onetik»

Marian Fernandezen hitzetan, «Gure Zinema oraindik lehen urratsak ematen ari den arren, bide onetik doa eta helburu argiak ditu: Euskadin egindako filmak aretoetara eramatea».

Iaz, ‘Cinco Lobitos’ filmak irabazi zuen I. Gure Zinema Saria eta Alauda Ruiz de Azua zuzendari eta gidoilariak jaso zuen garaikurra.

Ane Gabarainek (1963, Donostia) Antzerti antzerki eskolan eman zituen lehen urratsak aktore gisa. Hala, berrogei urte daramatza etengabe lanean antzerkian, zineman eta telebistan.

Gure Zinemako kide dira ekoiztetxeen elkarteak, EZAE, EiTB, zinema jaialdiak, kultur erakundeak, baita aktoreen eta gidoilarien elkarteak. Lakuako Gobernuaren Kultura Sailaren laguntza du.