Entrevista
Maider Castillo
Futbolari ohia

«Blokeari eustea oso garrantzitsua da proiektu baten arrakastarako»

Eibarrek egoera ekonomiko larriaren ondorioak sufritzen ari den Levanteren bisita hartuko du larunbatean. Eta klub granotaren historiako mitoetakoa den Maider Castillo (Eibar, 1976) egongo da Ipuruako harmailan. Behingoz, bihotza zatiturik duela ikusiko du partida.

Maider Castillo.
Maider Castillo. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arraro samarra da «ohia» hitza irakurtzea Maider Castilloren izenaren alboan, mende erdi eman baitu baloiarekin lanean etxetik kanpo. Geldirik ere ez dago egun, eta bere bizikletako kilometroen kontagailua erakusle argia da, baina Levanteren Kirol Zuzendaritza utzi eta Eibarrera arnasa hartzera itzultzea erabaki du.

Torrejonen bi denboraldi jokatu ondoren, Levanten eman dituzu 23 urte, han dena izanez; jokalaria, kapitaina, teknikaria eta Kirol Zuzendaria. Zergatik erabaki duzu sorterrira itzultzea?

Jokalaria nintzenean, egunerokotasunaz gozatzeari uzten nion egunean erretiratuko nintzela esaten nuen eta horrela egin nuen. Eta antzekoa izan da. Kostatu egiten zitzaidan, denbora asko neraman kanpoan. Aitarena ere gertatu zen (orain dela bi urte hil zen). Gauzak desberdin ikusarazten dizkizu... Egunerokotasunaz gozatzeari utzi nion eta aldaketa bat behar nuela ikusi nuen. Gainera, ez naiz atzerrira joan, etxera itzuli naiz, nire jendearengana. Ez zait kostatu egokitzapena.

Oxigenazio tarte honen ondoren, zer ikusten duzu? Futbola, oraindik ere?

Bai. Futbol asko ikusten ari naiz, entrenamenduak... Ez dakit nire bidea nora joango den, baina ez dut futboletik deskonektatu eta ez dut deskonektatu nahi. Bizitza osoa daramat futbolean eta jarraitu ahal izatea espero dut.

Edozein postutan? Entrenatzailea eta Kirol zuzendaria izan zara.

Aulkian bi urte bakarrik eman nituen. Agian goizegi etorri zitzaidan aldaketa, nire asmoa entrenatzen denbora gehiago jarraitzea baitzen. Baina horrela etorri zen, eta kito. Eta orain arlo horretan eroso nago, Kirol Zuzendaritzan aritu naiz azken urteotan, kudeaketan, eta gustukoa dut. Iruditzen zait Levanten gauza oso onak egin ditugula, gure aukeren gainetik, diru asko duten klubekin lehiatuz.

Badakit horrek ez dizkidala orain bat-batean ate guztiak irekiko; emakumezkoen futbolaren egiturak gizonezkoenak baino askoz txikiagoak dira, leku gutxiago dago... Ez da erraza baina erabakia ondorio guztiekin hartu nuen. Arriskutsua da? Seguruenik. Baina gorputzak eta buruak eskatzen dizutenean... unea da.

Zein Levante utzi duzu?

Trantsizio une batean dago. Ez da lehen aldia, Konkurtso lege bat ere gainditu genuen bere unean. Pasatu beharreko unea. Diru gutxiago dago, aldaketa asko egon dira eta horrek beste profileko jokalariak, langileak... bilatzera eramaten zaitu. Baina denboraldi ona egingo duelakoan dago.

«Gelditzeko erabakia ondorio guztiekin hartu nuen. Arriskutsua da? Seguruenik. Baina gorputzak eta buruak eskatzen dizutenean, unea da»

Aurreko urteotakoa baino, derrigortuta, xumeagoa izanda, talde polita egin du. Baina gauzak ez dira ondo hasi, Liga F-n punturik lortu ez duen bakarra da.

Fitxaketa onak egin ditu, tradizionalki egin duenari jarraituz, baina soldatak ez dira berdinak eta profila ere ez, beraz. Baina uste dut gaitasuna sobera dagoela eta Levante lehiakor bat ikusiko dugula. Athleticen aurka, adibidez, oso ondo jokatu zuen, eta Realaren aurkako lehen zatian ere ondo egon zen. Beti behar da denbora egokitzeko. Eta sailkapenean gaizki ikusteak, punturik ez edukitzeak, ez du laguntzen, presioa handitzen du.

Ipurua ez omen da lekurik onena horrelako egoeran etortzeko.

Ez horretan, ez beste batean. Eibarrek ondo jokatu du Betisen eta Valentziaren aurka, sei puntuek ematen dioten konfiantzarekin dago... Oso ondo defendatzen duen taldea da, barrutik asko babesten duena eta eraginkortasun handia izaten ari dena. Bere nortasun ikurra da, badaki zertara jokatzen duen, horretan lan egiten du eta ondo doakio. Hori oso garrantzitsua da, argi izatea zer egiten duzun ondo, eta Eibarrek badaki hori.

Iazko Levantek ere sufritu zuen Ipuruan.

Eibarri pixka bat kostatu zitzaion Lehen Mailara egokitzea, jauzia handia delako. Baina bigarren itzuli oso ona egin zuen. Bloke ona zuen, partida guztietan lehiatzen diren jokalarien nahasketa onarekin, superlehiakorrak... Eta onena da blokeari eutsi diola. Hori oso garrantzitsua da proiektu baten arrakastarako. Blokea mantentzea eta, hiruzpalau jokalari joaten badira, datozenekin hobetzea, hori da hazteko modua. Eta horixe egin duela iruditzen zait.

Berriz ere mailari aise eusteko gai ikusten duzu? Bi porroten ondoren denboraldi osoa sufritzen eta bi garaipenen ondoren ilusionatuta igarotzearen arteko marra oso mehea dela ematen du.

Diru askoko klub horiek kenduta, gainerakoak asko berdintzen ari dira. Klase ertaina gero eta zabalagoa da, aldeak asko murriztu dira. Ikusten da zeinen estuak izaten ari diren emaitzak. Eta horrek zail egiten du zer gertatuko den aurreratzea.

Berdintasuna ondo dago, emozioa sortzen baitu. Baina sentsazioa da Liga F-n lehen bi postuak erabakita daudela eta emozioak jaitsierari eta, agian, hirugarren postuari dagokiela bakarrik.

Bartzelonarena argi dago, momentuz harrapaezina da. Real Madrilena eta Atleticorena ez hainbeste. Goian egongo dira Athletic, Madril CFF, Reala seguru, agian Sevilla... Txapeldunen Liga lehiatzeko adina? Auskalo. Gakoa da izango duzun une txarra, talde guztiek dutelako, ahalik laburrena izan dadin lortzea. Badaude borroka horretan egoteko aukerak dituzten taldeak.