‘The Last Showgirl’, norberaren ametsa betetzeko bidean geratzen dena

Bere dantzari ametsa betetzeko apustua egin zuen Shellyk iraganean, 30 urteren ostean berak lan egiten zuen ikuskizuna amaitzea erabakitzen dute eta lanik gabe geratzen da. Ama eta alabaren arteko gatazka, belaunaldi ezberdinen artekoa, eta ikuskizunaren munduan adinak duen eragina lantzen dira.

Pamela Anderson eta Gia Coppola photocallean.
Pamela Anderson eta Gia Coppola photocallean. (Jon Urbe | FOKU)

Sail Ofizialeko lehiaketa ixteko, ostiral arratsalde honetan aurkeztu du Gia Coppola zuzendariak ‘The Last Showgirl’ filma. «Jostailu apurtuak» ekarri ditu pantailara, 30 urte dantzari gisa lanean egon ondoren ikuskizuna amaitzear dela eta lanik gabe geratuko da protagonista, «jada ez baita orduko neska gazte eta liraina». Pamela Andersonek gorpuzten du Shelly protagonista, eta interes handia sortu du aktorea zineman ikusteak berriro ere. Dantzari izateko bere ametsa jarraitu izanagatik, alabarekin harremana galdu zuen, eta hori izango da filmaren bigarren gatazka nagusia, amatasuna eta emakume artista izateko bidea.

Las Vegasen grabatu zuten, zuzendariak oso argi baitzuen bertako eszenografia probestu behar zuela, eta aspaldidanik zuen bertan grabatzeko gogoa. Metafora bat egin du Andersonek: «Las Vegas egunez makillajerik gabeko emakume bat bezala da, hauskorragoa da».

«Emakumea, sortzailea eta ama izateak eraman zaitzake posizio batera zeinetan arteak ez dizun bultatzen zuk sentitzen duzun maitasun hori, eta adina edozein delarik ere amesten jarraitzearen aldeko filma da», azaldu du zuzendariak, eta kontatu du umeen zaintzak gizonengan beste pisu bat duela.

Andersonek aitortu du protagonistarekin bat egin zuela berehala, eta bere «esperientzia propioa» erabili duela aitortu du: «Bizitza hori artikulatzea ia ezinezkoa da, nik bizi dut hori; nire ezkontzetan, haurretan, ibilbidean… sentitu izan ditut protaginistak izandako sentsazioak».

Gorputza eta adina

Nahiz eta protagonista nagusia Andersonek interpretatutako Shelly izan, azaldu dute oso film «korala» dela, eta garrantzia eman diote belaunaldi ezberdinetako aktoreak elkartzeari, aktorearen arabera, oso jarrera ezberdinak ditu pertsona batek bere bizitzako etapa bakoitzean, eta filmean ere hori isladatu dutela gaineratu du.

Shelly protagonistari filmean zehar behin baino gehiagotan esaten diote bere fisikoarengatik egin duela lan, eta prentsaurrekoan Andersonek kontatu du nola ari den aldatzen gorputzen trataera Hollywoden: «Nire ibilbidearen zati handi bat alderdi fisikoarekin egon da lotuta, horregatik egin dut esperimentu bat, geruza horiek denak kendu ditut, hemen axola duena ez da zer egin duen jendeak nirekin, baizik eta nik zer egin dudan, eta nik bizitzan aurrera jarraitzeko pozez inguratzea erabaki dut. Lehen glamourra modu batean ulertzen nuen, eta orain beste batera».

Grabaketaren zatirik zailena itxuraz dantza koreografiak izan badaitezke ere, zuzendari eta aktoreak onartu zuten jantzitegia izan zela konplikatuena. Izan ere, museoan daude dantzariek erabilitako jantziak, beraz ondo zaindu behar zituzten eta izugarrizko pisua omen zuten.