Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Trail running-aren “negozioak” ateak ixtera eraman du Azkaingo Skyrhune lasterketa

Joan den irailaren 21ean jokatutako azken hitzorduan Sara Alonsok eta Sylvain Cachardek irabazi zuten. Antolatzaileek diote kirol horrek daraman bilakaerak eraman duela erabaki hori hartzera. Denera, hamar ekitaldi izan dira.

Joan den irailean, Skyrhune lasterketak azken ekitaldia izan zuen.
Joan den irailean, Skyrhune lasterketak azken ekitaldia izan zuen. (SKYRHUNE)

Azken urteotan trail running-a izaten ari den ibilbideak kirol horren zimenduak erabat astindu ditu. Horrek guztiak hainbat lasterketen izaera aldatu du. Nortasunari dagokionez, gaur egun denetarik ikus dezakegu: hitzordu oso herrikoiak, herrikoiak, profesionalak… 

Aipatu dugun eboluzio hori ere, eragin zuzena izaten ari da euskal lasterketetan. Azkainen antolatzen den Skyrhunek, adibidez, ateak itxi berri ditu. Hots, aurrerantzean ez dute hitzordurik antolatutako. Azkena, hamargarren ekitaldia, joan den irailaren 21ean jokatu zen: Sara Alonso eta Sylvain Cachard izan ziren irabazleak.

Denboraren poderioz, Skyrhunek indarra hartu zuen. 21 kilometro eta 1.700 metroko desnibel positiboa zituen proposamenak, ibilbidean zehar biltzen zen jende andanak, sortzen zen giro bikainak… makina bat korrikalari erakarri zituen. Herrikoiak zein elitekoak. Lasai asko esan dezakegu Euskal Herrian zein Estatu frantziarrean sona handia hartu zuela.

Baina diogun bezala, Azkaingo hitzordu hori ez da berriro jokatuko. Skyrhune lasterketaren antolatzaileek Liberation agerkariari baieztatu diote proiektuarekin jarraitzea ezinezkoa zela: «Beti bezala gogo handiarekin antolatu dugu, baina ez dugu nahi egungo sisteman parte hartu. Horrek gure oinarrizko printzipioetan atzera egitera behartzen zigun. Egun, dirua oso presente dago, eta aurrera jarraitzeko hainbat kontutan amore eman behar genuen. Besteak beste, dortsalaren prezioa bikoiztu edo hirukoiztu».

Bide batez, antolatzaileek gogorarazi nahi dute Skyrhune sortu zenetik aurrekontua hirukoiztu dela. Azken ekitaldiarena, lasterkarien kopurua handitu gabe, 90.000 eurokoa izan zen. Horrekin batera argi utzi nahi dute garestitu egin duena ez dela korrikalaria bera, baizik eta zerbitzuak: «Lasterketen inguruan lanbide asko sortzen ari dira; adibidez, irudiak hartzen dituztenen artean. Bai, pastel hori handitzen ari da, besteak beste, den-denek bizimodu bezala hartu nahi dutelako. Hori ez dugu kritikatzen, baina ondorioak ditu. Bestalde, duela sei urte aztertu genuen dortsalaren salneurria handitzea; hain zuzen ere, 15 eurotik 25era handitu genuenean. Egun, 35ekoa zen. Helburua zen lasterkari guztientzat eskuragarria izatea, eta ez soilik pribilegiatu batzuentzat».

Gai hori aipatu dugunez, Outside.fr atari espezializatuak sona handia duten hainbat lasterketen inguruan datu oso argiak azaldu ditu. 2018 eta 2024 urteen artean, adibidez, UTMB ekimenak %60 garestitu du dortsala (400 euro) eta Diagonale des Fous-ek %23.

Herrikoia

Behin betiko erabaki hori hartzeaz gain, Skyrhuneko antolatzaileak oso haserre daude hainbat eta hainbat lasterkariren jarrerarekin. Onartu dute iraileko azken ekitaldian 80 dortsal “zintzilik” zeudela. Horrekin esan nahi dute izena eman bai baina azken momentuan kirolari horiek ez zirela Azkainera hurbildu: «Hori badaezpada ere egiten dute, eta ez soilik gure lasterketan. Makina bat hitzordutan izena ematen dute, eta badakite den-denak ezingo dituztela korritu. Horrek eraman gaitu gogor entrenatu den gazte bati dortsala ez ematea kopura beteta zegoelako».

Hein handi batean, profesionalizazioak elitekoentzat onura asko ekarri ditu, baina, kirol honen inguruan dauden eragile askok dioten bezala, herrikoien kaltetan. Azkaindarrentzat argi dago trail running-ak egun bi aurpegi dituela: «Lasterketa handiek aurrekontu itzelak dituzte. Baina badira desagertuko ez diren hitzordu herrikoiak. Arazoa da handienak ez direla eskuragarriak izaten korrikalari herrikoientzat. Hor dago UTMB, bere aurrean dagoen guztia zapaltzen duena. Ekimen horrek egun 11.000 korrikalari eta 50 lasterketa ditu. Zenbaki horiek guztiek ez dute zentzurik. Gure izaera herrikoia zen».