NAIZ

Gazako Gobernua: «Israelen okupazioak 902 familia palestinar akabatu eta ezabatu ditu»

Ia urte batean Israelek 902 familia guztiz «suntsitu eta ezabatu» dituela salatu du asteazken honetan Gazako Gobernuak. Gainera, beste 1.364 familiatan kide bakarra eta 3.472 familiatan bi geratzen direla bizirik jakinarazi du. Israel eta babesten duten herrialdeak auzitegietara eramatea eskatu du.

Israelgo bonbardaketetan hildako biktimen gorpuak, urriaren 2an Gaza hiriko ospitale batean.
Israelgo bonbardaketetan hildako biktimen gorpuak, urriaren 2an Gaza hiriko ospitale batean. (Omar AL-QATTAA | AFP)

Gazako Gobernuak asteazken honetan salatu duenez, Israelgo Armadak 902 familia palestinarren kide guztiak hil ditu urtebeteko erasoaldian.

«Israelen okupazioak 902 familia palestinar hil eta erregistro zibiletik ezabatu ditu, Gazako Zerrendan urtebetez genozidioa egin ostean», idatzi du Gobernu honek, Israelen eta talde islamista palestinarraren arteko gatazkaren lehen urteurrenerako egun gutxi falta direnean.

Gainera, agintari gazatarrek salatu dute beste 1.364 familiatan kide bakarra geratzen dela bizirik, eta beste 3.472 familiatan Israelgo Armadak kide guztiak hil dituela, bi izan ezik.

Kaleratu duen oharrean dionez, Israelen erasoaldia «genozidio krimena» da. AEBetako Administrazioari ere egotzi dio zibilen heriotzen erantzukizuna, erasoak «babesteagatik», baita «Europako eta Mendebaldeko» hainbat herrialderi ere. Besteak beste, Erresuma Batua, Alemania eta Estatu frantsesa aipatu ditu, erasoaldian «parte hartzea» egotzita, «nazioartean arma hilgarriak eta debekatuak» emanez.

Ohar horretan, Hamasek kontrolatutako Gobernuak «zibilen eta, batik bat, haurren eta emakumeen aurkako krimen sistematiko horiek» gaitzesteko deia egin dio nazioarteari, eta Israel eta babesa ematen dioten herrialdeak nazioarteko auzitegietara eta zigor auzitegietara eramateko eskatu du.

Komunikatua Gazako Zerrendako azken egunetako egun odoltsuekin bat dator. Izan ere, Israelgo indarren eraso gero eta gogorragoek ia 90 hildako utzi dituzte.

Israelek gogortu egin ditu dagoeneko zigortuta dagoen Gazaren aurkako bonbardaketak, bart Iranek bere lurraldeari egindako eraso masiboarekin bat eginez. Iranen 180 misilek alarmak piztu zituzten herrialde osoan.

2023ko urriaren 7tik, 41.680 pertsona baino gehiago hil eta beste 96.600 zauritu dira Palestinako eremu suntsitu horretan, osasun agintarien azken datuen arabera.