Eduardo Chillidaren obraren eta bizitzaren inguruan hamaika lan egin dira hamaika formatu ezberdinetan. Ostegun honetan aurkeztu dute ordea Chillidaren obren inguruko lehen eleberri grafikoa, David Martok (Toledo, 1994) idatziriko ‘Chillidaren mapa’ (Norma argitaletxea). Zehazki Chillidaren obra publikoak lantzen ditu eleberriak, Mikel Chillida bilobak Chillida Lekuko Zabalaga baserriko aurkezpenean esan duenez, «pertsonen arteko elkarrizketak eta bat egiteen ingurukoa» da.
Marta da eleberri grafikoko protagonista, Arte Ederretako ikaslea eta bere ametsa Estatu espainolean dauden Eduardo Chillidaren monumentu nagusiak aitonarekin batera bisitatzea da. Aitona hiltzean erabakiko du hari gorazarre eginez bere ametsa betetzea, eta eskulturen atzetik egingo du bidaia. Toledon hasiko da (egileak aitortu du keinu egin nahi izan diola bere jaioterriari), eta Chillida Lekun bertan amaituko da.
Martok bere txikitako ametsa bete du lehen komikia argitaratzerakoan. Izan ere, Arte Ederren gradua ikasi zuen Toledon, eta bertan izan zuen lehen aldiz Chillidaren obra publikoen berri. Reina Sofia museoan lanean zegoela sakondu zuen Chillidaren obran eta bizitzan, bere esanetan «Chillidaren friki bat» bihurtzeraino: «Bere filosofia eta ideiak gero eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago gustatzen zitzaidan eta ezagutzeko gero eta gehiago nuela iruditzen zitzaidan».
Hasieratik argi zuen ez zuela biografia bat egin nahi, eta Marta pertsonaiaren bidez lortu du «istorio pertsonal bat eta Chillidaren obrak uztartzea. Gainera, «didaktikoa eta entretenitua» izatea nahi zuen, eta Martaren bidaiaren bidez bidez kontatzeak lagundu omen dio horretan. Chillidaren obretan zehar egindako bidaia bat dago oinarrian, eta obrak nola aukeratu zituen galdetuta Martok azaldu du «kontzeptu, material eta garai ezberdinetako» obrak erakutsi nahi izan dituela.
Irudiei dagokionean, angelu zuzenak erabili ditu marrazkilariak, bere ohiko estilotik zertxobait aldenduz. Hiru kolore bakarrik erabili ditu apropos: zuria, beltza eta bolumena emateko urdina.
Gazteengana hurbiltzeko ahalegina
«Hurbila eta optimista da, aditua eta kritikoa baino gehiago», aitortu du egileak aurkezpenean. Izan ere, belaunaldi berriei Chillidaren obra gerturatzea da helburua, bide berrietatik publiko berriarengana iristea. Horretarako Chillida Lekuko Hezkuntza Arduraduna den Nausica Sanchezek azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegi publiko eta eskoletara bideratzea dute asmoen artean, tresna baliagarria izango delakoan.
Norma argitaletxearekin batera argitaratu dute eleberri grafikoa, mota horretako liburuetan sona handia duen argitaletxearekin, eta aurkezpenean izan da bertako sortzaile eta presidentea den Rafa Martinez. Fundazioak egin zion proposamena berari eta pozarren hartu zuen albistea: «Chillida asko gustatu izan zait beti, eta liburuarekin bere eskultura bakoitzaren mezua ulertu dut».
Martinezek azaldu du argitaletxean artisten inguruko liburuak egiten dituztenean, hauek «hobe ezagutzeko» amaieran dossier bat gehitzen dietela, beraien bizitzaren eta obraren datu errealekin. Gauza bera egin dute oraingoan ere, eta liburuaren amaieran Chillidaren bizitzaren eta obraren inguruko 24 orrialdeko txosten bat dago. Alvaro Martinez Bueno artista eta komikigilearen hitzaurrea du hasieran.
Mikel Chillidak izenburuarekin jolas eginez, irakurritakoan «Chillidaren mapa ez, Chillidaren bihotza» aurkitu duela kontatu du eta publiko gazteenak Chillida sortzen ari zen garaia bizi ez badu ere, komiki honen bidez bere arima ikusiko duela uste du.