NAIZ

Sambou Diaby aktorea, aurtengo Besarkada sarituen artean

Euskal Aktoreen Batasunaren (EAB ) hogeigarren Besarkada Sarietan Gorka Otxoa, Eneko Sagardoy edo Ane Gabarain bezalako aktore ezagunen lana saritzeaz gain, hasi berriei bidea eman zitzaien. Horien artean dago Sambou Diaby, ‘Itsaso’ telesailean egindako lanagatik. Aurki ‘Miñan’ bihurtuko da.

Sambou Diaby eta Kepa Errasti, beraien sariekin
Sambou Diaby eta Kepa Errasti, beraien sariekin (Ainhoa Resano (@ainhoa_resano) )

Euskal Aktoreen Batasunak (EABk) Besarkada Sarien 20. edizioko irabazleak iragarri ziren asteazken gauean Bilboko Campos aretoan. Bertan aktoreek beraiek lankideak egindako lanengatik saritzen dituzte. 

Galan Palestina herriarekiko elkartasuna adierazi zen, Alizia Otxoa idazkari nagusiak egin zuen diskurtsoan. Bertaratu ziren gehiengoenen pegatinek zeramatzaten genozidioaren aurka.

Telebistan

Telebistan, emakumezko aktore onenaren saria Itziar Atienzak eskuratu zuen, ‘Entrevías’ telesail arrakastatsuan egindako lanagatik, eta gizonezko aktore onenarena, bestalde, Gorka Otxoak eskuratu zuen, ‘Machos Alfa’ telesailean egindako lanagatik.

Otxoak hunkituta jaso zuen saria bere familiaz inguratuta, berotasun eta hurbiltasunez beteriko momentu batean.

Telebistako errebelazio saria Sambou Diabyri banatu zitzaion, ETBko ‘Itsaso’ telesailean lan bikaina egin duen aktorea, eta laister Artedramaren eskutik urriaren 24an Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko den ‘Miñan’ liburuaren bertsioaren protagonista izango dena. Sambou Diabyr Ibrahima Balderen azalean sartuko da, basamortua zeharkatu eta Afrikatik Europarako ibilbidea egin zuena.

‘Miñan’ (anaiatxoa) Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da, Amets Arzallusek lehen pertsonan kontatua eta Artedramak antzerkira egokitua.

Zineman

Zinemako sariak bi izen ezagunen eskuetara joan ziren. Ane Gabarain, ‘20.000 especies de abejas’ film txalotuan egindako lanagatik errekonozimendu ugari jaso dituen aktorea izan zen Emakumezko Aktore Onenaren saria jaso zuena.

Bestalde, Eneko Sagardoy nabarmendu zen Gizonezko Aktore Onenaren saria irabaziz, ‘Irati-n’, 2023an euskeraz ekoiztutako pelikula bakarrean egindako lanagatik.

Antzerki kategoria

Antzerki kategorian, erabakigarrriak izan ziren azkeneko botu gutxi batzuk, hainbat izendatu egon baitziren irabaztetik hurbil. Azkenik, Olatz Ganboak eskuratu zuen Emakumezko Aktore Onenaren saria, ‘Festen’ antzezlanean egindako lan zirraragarriagatik, eta Kepa Errasti izan zen Gizonezko Aktore Onenaren saria jaso zuena, ‘Posdatarik gabeko gutunak’ lanean egindako lanagatik.

Antzerkiko Errebelazio Saria Leire Ormazabalek jaso zuen, Ramon Bareak zuzendutako Pio Barojaren ‘La lucha por la vida’ eleberriaren egokitzapenean interpretatu zituen pertsonaiei eman dizkien ñabarduren aniztasunagatik arrasto ezabaezina utzi baitu. Ormazabalek «ez dagoela rol txikirik, aktore handiak baizik» ikusarazi digu.

Ohorezko Saria

Golden Apple Quartet talde ikonikoarentzat izan zen, eta haiek hobe egiten dutena eginez jaso zuten saria: abesten. Taldearen agerraldia gaueko unerik hunkigarrienetako bat izan zen, eta honela, laukoteak amaiera bikaina eman zion musika eta umoreari eskaini dioten hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbideari.

Hodei Arrastoa eta Kepa Errastik gidatutako galak umorea erabili zuen antzezle gehienen lan ikusezinari balioa emateko, aurpegi ezagunak ez izan arren, Euskal Herriko arte bizien ekosistemaren sostengatzaile nagusiak baitira.

Galako aurkezleak, Alazne Astorga, Ima Koiote, Mirena Nafarrete eta Jaione Urtasun, guztiak euren karreren hasieran dabiltzak aktoresak, Xanti Konkorstegirekin batera egon ziren, aurreko edizioan Errebelazio Saria izan zena.

Ekitaldiari amaiera emateko, euskal aktoreen arteko babesa eta batasuna adierazten zuen mezua zabaldu zen, kolektiboak «kultur-eszena bizi, anitz eta konprometitu baten eraikuntzan duen garrantzia» azpimarratu nahian.