Adegiren aurreikuspenen arabera, Gipuzkoan 3.500 eta 4.000 lanpostu bitartean sortuko dira urtea amaitu orduko. Azaldu dutenez, 2024rako %1,8 eta %2,2 arteko hazkundea espero dute. Gipuzkoako enpresei egindako inkestaren emaitzetatik ateratako ondorioak plazaratu dituzte gaur.
Gipuzkoaren egoera ekonomikoa «positiboa» dela azaldu dute, eta hori dela eta sortuko direla lanpostuak. Hala ere, inkestan enpresek adierazitakoaren arabera, enpresen konfiantza, salmentak, eskaerak eta enplegua ahuldu egin dira, kasu batzuetan «pandemiaren okerrenetik izandako mailarik baxuenera arte jaitsiz edo 2020 eta 2021eko mailetan kokatu arte», hau da, nahiko egoera kaskarrean. Ahultze hori nabarmenagoa da industria-enpresetan oro har eta metalurgian eta produktu metalikoetan bereziki, Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusiak esan duenez.
«Ahultze hori zuzenean lotuta dago nazioarteko merkatuen eta, batez ere, Europar Batasunaren bilakaerarekin eta, bereziki, Alemaniarekin», gaineratu du Ayerzak, «zuzenean eragiten baitie Gipuzkoako industria-enpresei, ia gehienak, esportatzaileak direlako». Halaber, jakitera eman du asteon ezagutu duten PMI indizearen arabera Gipuzkoako «industria-gainbeherak okerrera egin duela».
Nazioarteko inguru zaila
Nazioartera salto eginda, adierazi du Estatu frantseseko industriak atzeraldi egoeran jarraitzen duela eta Italia azken bi hilabeteetako mailarik apalenean dagoela. «Volkswagenek bere historian lehen aldiz Alemanian lantegiak ixteko asmoa du, ingurune ekonomikoa are gogorragoa bihurtu delako, eta aktore berriak, bereziki Txina, Europan kokatzen direlako», azaldu du Adegiko buruak, kezkaz.
Kezka adieraztearen arrazoia da Alemania dela Gipuzkoako industria sektorearen bezero nagusia eta, beraz, lehiakortasunari dagokionez atzean geratuz gero, nahi eta nahi ez izango du eragina bertako industria-enpresetan. Hori dela eta, bere «erronka nagusietako bat» izan den lehiakortasunari are garrantzi gehiago emango diotela adierazi du Ayerzak.
Izan ere, Estatu Batuekiko eta Txinarekiko galdutakoa berreskuratzea «hil ala biziko erronka» da Adegirentzat. Horretarako, «ahaleginak areagotu» beharko dituztela azaldu du, «berrikuntza bizkortzeko; deskarbonizazioaren eta gure industria lehiakortasunaren babesaren arteko oreka aurkitzeko; inbertsio estrategikoen finantzaketa hobetzeko edo gobernantza aldatzeko». Era berean, «burokraziaz eta gehiegizko erregulazioaz» kexatu da, «lehiakortasunerako oztopo» direla iritzita.