NAIZ

Beste lau migratzaile hil dira Mantxako Kanala zeharkatu nahian, tartean 2 urteko haurra

Lau migratzaile hil dira, horien artean 2 urteko haur bat, Mantxako Kanala zeharkatu nahian zihoazen ontziak hondoratuta. Aurten dagoeneko 51 dira egoera berberean hildako etorkinak.

Migratzaile talde bat Dover-en, erreskatatu dituen barkuan.
Migratzaile talde bat Dover-en, erreskatatu dituen barkuan. (Gareth FULLER | DPA/EUROPA PRESS)

Bi ontzitan zihoazen eta Ingalaterrara iristeko Mantxako Kanala zeharkatu nahi zuten lau migratzaile hil dira ostiral eta larunbat artean, frantziar agintariek baieztatu dutenez. Horien artean 2 urteko haurra dago.

Lau horiekin, dagoeneko 51 etorkin hil dira Mantxako Kanalean 2024an eta laukoiztu egin dira 2023. urte osoko heriotzak.

Jacques Billant Pas-de-Calais departamenduko prefetak prentsaren aurrean egindako agerraldian azaldu duenez, lehen zantzuen arabera, haurra txalupa batek zanpatuta hil zen, eta ez itota, hasiera batean esan zuten bezala.

Hasiera batean haurra hil zen ezbeharraren berri eman zuten –17 urteko nerabe bat ere zauritu zen–, eta, horren ondorein, beste tragedia bat gertatu zen beste ontzi batean. Bigarren horretan beste hiru migratzaile hil ziren, baina haien jatorria eta adina ez dute zabaldu.

«Pertsona batzuk hil dira Mantxa zeharkatu nahian. Ume bat hil da ontzi batean, zapalduta. Drama izugarria, gertatzen ari den tragediaz jabetzea ahalbidetzen diguna. Trafikatzaileek eskuak odolez zikinduta dituzte», adierazi du sareetan Bruno Retailleau frantziar Barne ministroak.

Pasa den irailean gutxienez 20 etorkin hil ziren Mantxako Kanala gurutzatu nahian, bi hondoratze desberdinetan. Ezbeharretako bat hilaren hasieran gertatu zen, hamabi hildakorekin, eta bestea erdialdean, zortzi hildakorekin.

Frantziako eta Erresuma Batuko gobernuek pertsonen trafikoen sareei aurre egiteko eta Mantxako Kanalaren segurtasuna indartzeko iragarpenak egin dituzte –35 kilometroko tarteak banatzen ditu bi herrialdeak–. Hala ere, 2024. urtea, 51 hildakorekin,  2023koa baino lau aldiz hilgarriagoa izan da, orduan 12 zenbatu baitziren.

Aurten, agintari britainiarren kalkuluen arabera, gutxienez 22.000 etorkin eta asilo eskatzaile iritsi dira Erresuma Batuko kostaldera frantziar Estatuko iparraldetik, normalean Calais eta Dunkerque hiri inguruetatik. Horiek dira Britainia Handiko lurretatik hurbilen dauden tokiak, eta historikoki Europako migrazio punturik delikatuenetako bat izan dira.

Joan den hamarkadan, Calaisko migranteen kanpalekua desegin zuen franziar Gobernuak (2015-2016). Han, Afganistan, Siria eta Sudan bezalako herrialdeetatik ihes egiten zuten 10.000 pertsona bizitzera iritsi ziren, oso bizi baldintza kaskarretan.

Britainia Handia erakargarria da etorkin askorentzat, herrialde anglofonoa delako eta bertan senideak eta lagunak dituztelako. Herrialde horretan agiriak erregularizatzea posible da, lan bat izanez gero, ezkutuan iritsita ere; prozesu hori askoz ere geldoagoa eta korapilatsuagoa da franziar Estatuan.

Duela urte batzuk Calaisetik Erresuma Batura zihoazen kamioietan ezkutatzen ziren migratzaileak, baina azken urteetan ontzi edo txalupa prekarioetan egiten dituzte Ingalaterrako kostalderaino dauden 35 kilometroak.

2018an britainiar Gobernua etorkinen itsaso bidezko iritsierak kontatzen hasi zenetik, 136.000 pertsona inguruk lortu dute Mantxako Kanala zeharkatzea.