Azpeitiko Soreasu antzokiak hartu du larunbat honetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren azken final-zortzirena, jokatu den zazpigarrena. Irabazlea Maider Arregi Markuleta izan da, 489,5 punturekin.
Horrela, final-laurdenetarako sailkatu da bertsolaria eta Tolosan izango da berriz oholtzaren gainean, heldu den azaroaren 3an.
Arregiren ondoren bigarren postuan Asier Azpiroz Iztueta geratu da (489,5 punturekin), ondoren Haizea Arana Cardenal (484,5 puntu), jarraian Aitor Tatiegi Loidi (469,5 puntu), bosgarren lekua Maialen Akizu Bidegainek eskuratu du (457,5 puntu) eta azkena German Urteaga Garmendia izan da (423,5 puntu).
Gaiak jartzen Iker Iriarte Iribar ibili da. Epaitzen, ostera, honako hauek: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Iñigo Legorburu Arregi, Jon Diaz de Mendibil Sarasti eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan, aldiz, Aratz Irazustabarrena Garmendia aritu da.
Honekin ere final-zortzirenetako sailkapen orokorra osatu da. 2019ko txapelketatik sei bertsolari izango dira, zuzenean sailkatutako beste zazpi eta puntuazioz sailkatutakoak 17 dira. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren datorren saioa urriaren 19an izango da, Eibarren.
Azken faseak NAIZ Irratian, zuzenean
NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko ditu final-laurdenak, finalerdiak eta finala. Aimar Sorazu Roteta aurkezle, ondoan izango ditu bertsoak komentatzen saioz saio Uxue Alkorta, Ekiñe Zapiain eta Aitor Sarriegi bertsolariak. Zuzenekoak txapelketa saioa baino ordu erdi lehenago hasiko dira, 16:30ean.
Urriaren 19an Eibarren hasi, eta Errenteria, Azkoitia, Irun, Tolosa, Oiartzun, Zarautz, Arrasate eta Donostiako ibilbidea egingo du saioz saio NAIZ Irratiak. Finala abenduaren 14an izango da Ilunben eta egun horretan ere, noski, emankizun berezia osatuko du.