Urriaren 7tik urtebete pasa denean agerraldia egin du Gernika Palestina Herri Ekimenak Aieteko jauregian, Donostian, astelehen honetan, hamabi hilabetekoaren balantzea egiteko. Honekin batera, ekimena osatzen duten eragileek bilera egin dute. Aipagarria da lortu duen indar metaketa: EAJ, EH Bildu, PSE, Sumar, Ahal Dugu, ELA, LAB, Steilas...
«2023ko urriaren 7tik aurrera, Palestinaren kontra areagotu den biolentziak eta genozidioak inoiz ezagutu ez den ezberdinen arteko elkarlana eta mobilizazioa ekarri dute Euskal Herrira. Ugariak eta arrakastatsuak izan dira Palestinaren kontrako genozidioa salatzeklo egindako ekimenak. Atzitik, Ekialde Hurbiletik iritsitako azken berriek eta Palestinaren suntsiketa egoerak ezintasunez betetzen gaituzte. Israelen bortxa eta inpunitateak ez du mugarik», nabarmendu dute eragile guztien izenean Ibon Meñikak eta Jone Bilbaok.
Eragile ugari, esparru zabala
Gaur Donostian ere eragile ugari, esparru desberdinetakoak eta ikuspegi anitzetatakoak bildu ditu Gernika Palestina Herri Ekimenak. Donostiako alkatearen izenean Ana Lopez Loyarte EAJko zinegotzia izan da. EH Bilduren izenean Diana Urrea, Pernando Barrena europarlamentaria, Juankar Izagirre eta Itziar Iturri izan dira; EAEko Podemos-Ahal Duguren izenean, Maite Gartzia eta Maribi Izagirre; Sumar ordezkatuz, Alba Garcia eta Azahara Botella; Ezker Anitza-IUren izenean Juan Luis Merino izan da; eta PSE ordezkatuz, Arritxu Marañon, Iñaki Ruiz, Maider Lainez, Itxaso Asensio eta Iñigo Garcia.
Arlo sindikalari dagokionez ere ordezkaritza zabala izan da. ELAren izenean Ioritz Iglesia eta Leire Gallego izan dira; LABen ordezkaritza Koldo Saenz, Amanda Verrone eta Txente Rekondok osatu dute; Steilasen izenean Nagore Iturrioz eta Lide Arluziaga izan dira; EAEko CCOO ordezkatuz Arkaitz Antizar eta Nafarroako sindikatuaren izenean Ioseba Eceolaza; EHNEren ordezkaritza Patxiku Irisarriren eskuetan izan da eta Etxalderena Maite Aristegirenean.
Hauekin batera, Eneko Gerrikabeitia, Igor Otxoa (kultur eragilea), Nekane Balluerka (EHUko errektore ohia), Andre de Vicente (EHU), Maitane Azurmendi (Gernika Memoria Lekuko), Ina Robles (suhiltzailea eta aktibista), Fernando Armendariz (Giza eskubideen aldeko aktibista), Txemi Perez (Foro Gogoa), Javier Zulaika (Gerrarik ez), Iñaki Etxandi (Gernika-Palestina) Maritxu Serrano eta Miguel Angel Barcenilla (EH Pentsionistak), June Iartza eta Amaiur Egurrola (Ernai) eta Estitxu Ezpeleta eta Maialen Frantsesena (Ernai UNI) izan dira.
«Okupazioa ez da legitimatzen»
«Ezerk ez du inoren lurraldea okupatzea legitimatzen, ezta gerraren ondorio krudelak ere, ez eta populazio oso bat suntsitzea, giltzapetzea edota ukatzea ere. 2024. urte honetan, ordea, inoiz gertatu den genozidiorik krudelenetariko baten lekuko gara, eta halere, nazioarteko komunitateak ez du izugerrikeria honekin bukatzea lortu», salatu dute.
Izugarrikeri hitza erabiltzea justifikatua dela nabarmendu dute. Horretarako, bi datu jarri dituzte mahai gainean. Israelek urte honetan 41.000 palestinar hil dituela eta Gazako kaleen eta azpiegituren %70a suntsitu duela.
«Ondorio humano, sozial eta politiko larriak dituen Nakba baten aurrean baieztatzen dute datu hauek. Israelek Libanori eraso eginda, milaka hildako eta suntsipen gehiago eragingo duen urratsa egin du. Non eta nola amaituko den ez dakigun espirala abiatu da», gaineratu dute.
Honen aurrean nazioarteko ordena noraezaren zantzuak ikusten direla adierazi dute. Ildo honetan, urte luze honetan Euskal Herrian, munduko beste tokitan bezala, kale eta instituzioetan «bakea eta nazioarteko zuzenbidea erdigunean jarri nahi izan dugu, biak txanpon berean bi aldeak baitira». EBko hauteskundetan Israelekin merkataritza akordioak eteteko eskaria egin zutela gogoratu dute.
Bakea eta justizia helburu
Une hauetan, Gernika Palestina Herri Ekimeneko kideak bakea eta justizian oinarrituriko orden baten alde azaldu dira. Hori lortzeko ezinbestekotzat jo dute Palestinan berehalako su-etena ezartzea. Honekin batera, Mendebaldeko Estatuek Israeli armak eta baliabide militarrak erosi eta saltzeari utzi behar dietela aldarrikatu dute.
«Inongo Estatu edota potentziaren esku-hartzea ez Palestinan, eta bere autodeterminazio-eskubidearen errespetua funtsezko abiapuntutzat jotzen ditugu. Palestinako biztanleek baliabide material eta politikoak behar dituzte beraien lurraldean gelditu eta duintasunez bizi ahal izateko», gaineratu dute.
«Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, elkarrizketa eta negoziazioa dira egoera krudel honi irtenbidea emateko elementu nagusiak. Nazioarteko komunitatearen parte-hartze aktiboa funtsezko gakoa da. Horren bidez, aldeak negoziatzera bultzatu eta nazioarteko zuzenbidean eta NBEren ebazpenak zorrotz betetzeko modu bakarra da», nabarmendu dute.
Mobilizazioaren garrantzia
Gauzak horrela, mundua mailan zein Euskal Herrian indarrak batzeko mobilizazio masiboak beharrezkoak direla adierazi dute. «Genozidioa geldiarazteko eta konponbidea aldarrikatzeko jendarte zibilak duen aukera eta itxaropenerako leihoa hauxe baita: mobilizazioa», azaldu dute.
Hilaren 21ean, Donostian egin zen manifestazio handiaren urteurrenean, herri guztietako udaletxeen aurrean elkarretaratzeak egiteko deialdia egin dute.