Zortzi ipuin jasotzen ditu Uxue Alberdik argitaratu berri duen ‘Hetero’ (Susa) liburuak. Emakumezkoak dira ia protagonista guztiak, eta euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez mintzo dira, «gizonekiko espektatibez eta dezepzioez: unean bertan egin eta esan ez ziren horiez». Bere barneko lorratzei lekua eginda idatzi ditu ipuin hauek.
Donostian egin du aurkezpena lagunez inguratuta eta Leire Lopez editoreak izenburuari heldu dio: «Izenburuak ikusi ohi ez dena ikusarazten digu, eta marko bat ematen die ipuinei. Heterotasuna da markoa, baina ez da bikote harreman heterosexualen inguruko liburu bat. Gehiago da heteroarauak nola zeharkatzen duen bizitza oso bat, nola sortzen duen munduan egoteko modu bat, gatazka jakin batzuk». Eta ez dela marko itxi bat azpimarratu du, badagoela gozamenerako espazioa ere.
Idazleak berak kontatu du azken hiru urteetako lanaren emaitza izan dela, azaldu du hainbat istorio kontatu nahi zituela, ez zuela heteroarauaren inguruko zerbait idazteko asmorik, eta bakoitzarentzat forma narratibo baten bila aritu dela. «Ez da ideia baten edo gai baten bueltan idatzitako liburu bat, ipuinak sortzen joan naiz barruak eskatu ahala, eta izenburua bidera atera zitzaidan, ohartu bainintzen Leireri (editoreari) ipuin bat bidaltzen nion bakoitzean eskusatzen nintzela, ‘barka, oso heteroa da’ esanez», onartu du.
Azaldu du, izenburua idazketa prozesuaren nahiko amaieran aukeratu zuela, baina izenburu hori jarri ez balio jende gutxik pentsatuko lukeela heteroarauaz ere ari denik liburua, «bollerek eta marikek bakarrik», zehaztu du irri txikiarekin. Eta gehitu du «giza harremanen inguruko» liburu bat dela esanez gero ere, ez litzatekeela gezurra, baina «ordena heteropatriarkalaren barruan» mugitzen direla idatzi dituen ipuinak eta pertsonaiak. «Protagonistak ez daude eroso jokoaren barruan, baina ez dute jokoa uzten» esan du. Eta tentsioa ere nagusi da liburuan, izan ere, idazlearen arabera, protagonistek aldi berean nahi dute «hor egon eta alde egin».
Oso liburu pertsonala dela aitortu du Alberdik, baina uste du idazlearen begirada bezain presenta dagoela egilearen eta ipuinetako narratzaileen arteko distantzia. Ipuinen abiapuntuan esperientzia pertsonal bat egon daiteke, eta sarritan «intuitu» daitekeela kontatu du, baina berari errealitatetik ondorengo fikzioara edota ipuinetara dagoen tartea interesatzen zaiola gehien nabarmendu du.
«Heteroa izateaz baino, hetero jarduteaz» hitz egin beharko litzateke Alberdiren iritziz, heterosexualitatea erregimen politiko bat izateaz harago eguneroko ekintzetan dagoelako. Aitortu du berak sarritan pentsatu izan duela «hondo-hondoan denok dakigula berdinak garela, antzezten genuela hor batzuk gizonaren rola egiten zutela eta beste batzuk emakumearena, baina denok genekiela berdinak garela, gaitasun intelektual edota eskubideei dagokionez. Baina konturatu naiz ezetz, gizon askok ezetz, eta horrekin harritu naiz. Nire bizitzan egon dira momentu jakin batzuk jarri nautenak berriro ere emakumearen kasillan gizatasunarenetik aterata». Eta momentu horiek uztitako arrastoari begiratuta fikziora eraman ditu lan honetan.
Askotariko ipuinak eta pertsonaiak
Aitaren figurak pisu nabarmena duela liburuan esan du, «odoleko aitek, eta aita kultural zein poiltikoek», zehaztu du; eta galdera bat pausatu: «Zer gertatzen da aldi berean aita hiltzeko, sinbolikoki, eta bizirik iraunarazteko bulkada duzuenean? Lau ipuinetan agertzen da kinka hori, desira kontrajarri eta aldiberekoa». ‘Irla’ ipuinean esaterako kinka hori ageri dela kontatu du, «errefuxiatu politiko miretsiekiko desengainua gorpuzten da». Eta ‘Literatura lezioak’ ipuinean, bestalde, aita kulturalekiko harreman itogarriak lantzen ditu.
Askotariko ipuinak bildu ditu Alberdik kaleratu berri duen liburuan: bi ipuin dialogatu (bata antzerki formatuan eta bestea Whats Appeko elkarrizketa forman, biak ahozkotik gertu), ipuin fragmentatu bat 2025-1975erako atzeranzko kronologia marrazten duena, eta bost ipuin narratibo.
Pertsonaien hitz egiteko modua asko landu duela aitortu du, «pertsonaien nortasuna ezaugarritzeko bereziki baliatu dut haien hizketa, berbaz espresatzeko duten modu partikularra, eta uste dut horrek musikalitatea ematen diela ipuinei, geografia batean eta garai batean kokatzen dituela, gorputz eta posizio jakin batzuetan».
Alain Urrutiarena da azala, benetakoa dirudi azalean dagoen begiak, baina margotutakoa da, eta urrezko behatxulo batek inguratzen du, «begirada errealista gordetzen duen urrezko kaiola, behatxuloa», eta behatxulo hori iltze batekin dago horman ezarria. Badu istorio kurioso bat azalak ere, izan ere, Alberduk iridologo bati erakusti zion begi eta hark erantzun begi horrek «nerbio sistema ukitua» duela. Ipuin liburuko pertsonaiek bezalaxe, ondorioztatu du idazleak.