Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

‘Zenbat lo’ album ilustratua, preso dagoen amaren eta alabaren erresistentzia istorioa

‘Zenbat lo’ album ilustratua aurkeztu zuten atzo Hernanin Nekane Txapartegik, Izaro Lizarraga Galdosek eta Iraitz Lizarraga Gomezek. Lau eskutara idatzitako lana da; Txapartegiren eta bere alabaren bizipenak oinarri, Izaro Lizarragarenak dira ilustrazioak eta Iraitz Lizarragarena, testua.

Iraitz Lizarraga, Nekane Txapartegi eta Izaro Lizarraga, albumaren egileak.
Iraitz Lizarraga, Nekane Txapartegi eta Izaro Lizarraga, albumaren egileak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Zenbat lo loreak usteltzeko. Zenbat lo begirik bildu gabe. Zenbat lo zurekin amesten. Zenbat lo harresia zeharkatzeko. Zenbat lo zu besarkatzeko. Zenbat lo ur freskotan oinak bustitzeko. Zenbat lo?». ‘Zenbat lo’ album ilustratuak hizkuntza ederrean josten du gutxitan kontatu den erresistentzia istorioa. Hitz ederrak eta gordinak, errealitateak agintzen dituenak. Kontrazaleko istorioa da, artean merezi adinako orrialderik eta gogoetarik bete ez duena. Haur batek kartzelarekin eta preso dagoen amarekin zer harreman duen kontatzen du. Oinarrian Nekane Txapartegi eta bere alabaren istorioa dago. Baina ama-alabak, protagonista ez ezik, liburuaren egile ere badira, bi urteko sorkuntza prozesua erabat kolektiboa izan delako, lau eskutara jositako lana da. Hernanin aurkeztu zuten atzo, baina egunotan Euskal Herriko bazter desberdinetan dute hitzordua.

2016an Zurichen atxilotu zuten Nekane Txapartegi, zazpi urteko alaba eskolara zeramala.

«1999an kartzelan egona nintzen, baina orduan ez nintzen ama. Berriz atxilotu ninduten Zurichen, 2016an, eta berriro ere zapalkuntza guztiek bat egiten duten eremu horretan sartu ninduten. Egunean 23 ordu ematen nituen ziegan, zazpi urteko alabarengandik banatuta. Sasitik espetxera sartu nindutenean, ikusgarri egin ginen alaba eta biok. Eta kartzelan nengoela, argi nuen borrokan jarraitu behar nuela, bai hara eraman ninduten ideiengatik eta baita nire alabarekin berriro kalean, askatasunean, egoteko. Espetxetik asko idatzi nuen, Suitzan espetxeen gaia tabua delako. Une horretan ni nintzen kartzelan zegoen preso politiko bakarra. Espetxean jende behartsua eta migrantea zegoen eta inork ez zuen jakin nahi harresi horien atzean zer pasatzen zen. Nik argi nuen espetxe barruan ematen diren zapalkuntzak kontatu behar nituela, bereziki emakume, ama eta migrante bezala, eta konturatu nintzen kanpoan batzuek entzun egin nahi zutela. Eskura nituen tresnekin, hitza eta papera, hori egin nahi nuen, barruan gertatzen zena kontatu. Eta, bestetik, niretzat oso garrantzitsua zen nire alabari esatea ez nuela abandonatu, baizik eta banatu egin gintuztela. Eta esan nahi nion nork eta zergatik banatu gintuen. Batzuetan joera dago, babestu nahi horretan, isilik geratzeko edo egia ez kontatzeko. Baina nik garbi nuen bera babesteko gertatu zena kontatu behar niola eta hitz gordinak jarri behar nizkiola gutun horietan», azaldu zuen Txapartegik aurkezpenean.

Lehen gutun horri ‘Ilargiaren negarra’ izena eman zion. «Zazpi urte zituen eta banekien hitz batzuk gehiegi zirela, baina garbi utzi nahi nion nik ez nuela abandonatu eta borrokan jarraituko nuela berarekin elkartzeko. Joera daukat mina antolatu eta min horretatik sortzeko, mina erresistentzia bilakatzeko». Urte eta erdi ondoren atera zen kalera Txapartegi. Beste proiektu baterako material bila zebilela, kartzelatik alabari bidalitako gutunak topatu zituen, karpeta batean gordeta, txukun-txukun, kronologikoki ordenatuta. Horrela zituen jasoak alabak.

«Gaur egungo kontakizunean, garaileak kontakizuna inposatu nahi duen honetan, hor material interesgarria zegoela konturatu nintzen. Astero gutunak bidaltzen nizkion alabari, piraten abenturekin. Kanpoan elkartasun kanpaina indartsua zegoen martxan, sekulako manisfestazioak egiten ari ziren… baina nire alaba bere erara borrokan ari zen, bisitetara etortzen, gutunak bidaltzen. Kanpainaren izena ‘Free Nekane’ zen baina berak esaten zuen ‘Free amatxo’. Ni espetxean nengoen bitartean beste familia batean egon zen alaba Zurichen eta beste bi ume zituzten. Horiek ziren nire gutunetako piratak, espetxera bisitan etortzen ziren bakoitzean ni askatzen nindutenak. Nolabait borroka horren parte sentitzen ziren eta iruditzen zitzaidan hori ere kontatu egin behar genuela. Gure haurrak borrokan aritu dira jaio direnetik eta borroka horrek aitortza bat merezi zuela. Egiletzatik kontatu nahi nuen, sujetu politiko bezala. Eta ez penatik, ‘gaixoek zer pasatu duten’ horretatik».

Elkarlana martxan

Nekane Txapartegik eta bere alabak bazuten, beraz, zer kontatu. Izaro Lizarraga eta Iraitz Lizarragarekin abiatu zuten elkarlana, proiektu hau «laguntasunetik eta militantziatik» elikatu baita. «Material mordoa bidali zigun Nekanek. Iraitz eta biok ohituta gaude elkarrekin lan egitera eta buru-belarri jarri ginen horretara. Zer hartu, zergatik, nola. Elkarrizketa askoren ondoren erabaki genuen 2016a izango zela liburua hasten den momentua eta bukatuko zela ama-alabak berriro elkartzen zirenean. Erabaki genuen umeentzako liburu bat izango zela, 7-8 urteko haurrei begirakoa, 2016an Nekaneren alabak zazpi urte zituelako. Zoritxarrez Euskal Herrian haur asko daude beren bizitzak ez dituztenak inongo liburuetan islatuta ikusten. Publiko horri zuzendua dago, nahiz eta publiko zabalagoak ere gustura jasoko duen», azaldu zuen Izaro Lizarragak.

Urteetan joera izan da, segur aski haurrak babesteko, Euskal Herriko gatazkak zeharkatutako haurren bizitzak albo batean uzteko, fokua hor ez jartzeko.

«Maiz, gatazkaren lehen lerroaz hitz egiten da, eta hala ere gutxi hitz egiten da. Baina umeak askotan albo-kalte bezala ikusi izan dira, kartzela inguruan zaintza lanetan ari diren emakumeak bezala. Nik kartzelan bizitu izan dut umeak zuzenean erasotuak direla, gu zigortzeko eta gu hausteko. Bisita bakoitzean, nik sentitzen nuen nire alaba politizatzen ari zirela, nire hitzarekin eta nire gorputzarekin egiten zuten bezala. Ni ez nengoen prest hori egiten uzteko, baina konturatzen nintzen nire alaba ere ez zegoela prest, nahiz eta mina egin. Bisitaro bere gorputza miatzen zutenean, bere marrazkia eman nahi eta zentsuratzera bidaltzen zutenean –hiru aste beranduago ematen zidaten–, bisita batean saiatzen zenean niri ezkutuan opari bat pasatzen… nik egiletza hori aitortu nahi nuen, haurrak beren modura gurekin batera borrokan ari direla. Nire alaba nirekin euskaraz ari denean ere borrokan ari da, euskara ezertarako behar ez duen herrialde batean. Bere minekin, bere beldurrekin… borrokan ari da. Guri maitatzea eta besarkatzea bera debekatu ziguten, bisitak kristalarekin eginarazten zizkiguten. Suitzan, mundu guztian bezala, kartzelak pobrezia kudeatzeko eta disidentzia politikoa zigortzeko eremuak dira. Eta kartzelan dauden amak gaiztoak dira; kriminalak, migranteak… gizartetik kanpo daudenak, huts egin dutenak eta bisitarik merezi ez dutenak. Normalean, ama bat espetxe prebentiboan sartzen dutenean, seme-alaben bisitak ukatu egiten dituzte. Nire alabak era horretako mezuak jasotzen zituen toki guztietatik eta nik egia eman behar nion, kartzelan zergatik nengoen azaldu eta nabarmendu ez geneukala zertan lotsatu eta gure borroka eta balioak zilegi zirela. Nirekin euskaraz hitz egitea ere debekatzen zioten ez zutelako ulertzen eta nik haurra ‘ideologizatu’ nezakeelako. Askotan alabari ez nion esan beharrik ere kartzelan zer egiten zuen, berak bere begiekin ikusten zuen. Askotan esaten zidan, ‘horiek zer uste dute?’».

Iraitz Lizarragak nabarmendu zuenez, «historia moretzeko beharra» dago. Errelatoaren lehia betean, «erresistentziaren errelatoa eta feminismotik» egiteko beharra nabarmendu zuten album ilustratutako egileek, hemendik urte batzuetara errelato horri ‘eranskin feminista’ bat jarri behar ez izateko. «Gure historia guk ez badugu kontatzen, beste batzuk kontatuko dute», nabarmendu zuten.