Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Dhaulagiri eta Jannu East mendietan izandako hildakoek jarduerak ilundu dituzte

Bost mendizale errusiar amildu dira zortzimilakoan; espedizioa erabat autonomoa zen. Zazpimilakoaren iparraldeko horma zorrotzean, berriz, Mike Gardner betiko geratu da.

Irudian, Sam Hennessey eta Mike Gardner; Jannu East mendian zendu berri da azkena.
Irudian, Sam Hennessey eta Mike Gardner; Jannu East mendian zendu berri da azkena. (@michaelgardner)

Himalaiako montzoi osteko edo udazkeneko denboraldiak, momentuz, sei hildako utzi ditu. Gainera, ezbehar horiek oso tarte txikian gertatu dira. Dhaulagirin (8.163 m), adibidez, espedizio errusiar batek amaiera oso tragikoa izan du; izan ere, bost alpinista zendu dira zortzimilakoaren magaletan.

Talde horrek Dhaulagirin eginiko bisita, gainera, berezia izan da. Izan ere, espedizio komertzialen zurrunbilotik at jardun du; egun, hori zortzimilako batean ez da batere ohikoa. Kanpaleku nagusian bakarrik egoteaz gaiz, erabat autonomoa izan da. Hots, taldeak ez du mendiko langileen laguntzarik izan eta oxigeno gehigarriaren erabilera baztertu du.

Joan den igandean, espedizio klasiko horrek alarmak piztu zituen. Izan ere, bost espediziokideren kontaktua galdu zuten. Erreskate taldea martxan jarri zen, eta helikoptero batek alpiniston hilotzak 7.100 metrora aurkitu zituen. Nahiz eta oraindik istripuaren zergatiak erabat argitu gabe dauden, errusiarrek aurreratu dute bost mendizale horiek amildu zirela 7.600 metroko garaieran zirela. Honakook dira: Alexander Dusheyko, Oleg Kruglov, Vladimir Christikov, Mikhail Nosenko eta Dmitrii Shpilevoi.

Mountain.ru atari errusiarrak dio Dusheyko izan zela espedizioa antolatu zuena eta talde horrek ohiko oxigeno artifizialaren eta soka finkoen erabiletik ihes egin nahi zuela. Horrekin batera dio iragan igandean sei lagunez osatutako talde bat gailurrera abiatu zela. Talde horretako alpinista zailduenak, Valery Shamalok, atzera egin zuen. Handik gutxira erabaki bera hartu zuten beste taldekideek.

Shamalok hiru egun egin zituen 7.000 metrotik gora, baina aukera izan zuen 6.000 metroko kotara jaisteko. Han helikoptero batek ebakuatu zuen. Aipatutako beste bostak, aldiz, betiko geratu dira Dhaulagiriko aldatsetan. Atari berak aurreratu du zendutakoek bazutela eskarmentua mendi garaietan. Batzuek zortzimilakoetan; beste batzuek, berriz, zazpimilakoetan.

Alpinista indartua

Bestalde, Jannu East edo Kumbakharna mendian (7.468 m) bestelako berri atseginagoak itxaroten ziren. Bi taldek zazpimilakoaren iparraldeko horma zorrotza zein zaila helburu zuten; hots, oraindik ukitu gabe dagoen zazpimilakoaren tontorra. Sam Hennessey eta Mike Gardner estatubatuarrek osatzen zuten sokada bat. Nicolan Jean, Leo Billon eta Benjamin Vedrines frantziarrek bigarrena.

Estatubatuarrei dagokienez, begitan hartuta zuten xede hori; izan ere, hirugarren ekinaldia edo urtea zuten. Eta azken horretan Gardner zendu da. Horren berri alpinista frantziarrek eman zuten. Vedrinesek dio estatubatuarrak baino lehenago irten zirela ekinaldi bat egitera: «Hiru eguneko leiho on bat iragarri ziguten. Lehen eskalada egunean, 6.300 metrora ginela, elurrean zulo bat egin eta bibaka egin genuen. Biharamunean, luze batzuk gehiago eskalatu genituen. Gailurra gertu genuela, Leo ondoezik aurkitu zen. Erabakia oso argia zen, eta jaitsi ginen».

Igotako bide bera rappelatzen ari zirela, Hennessey bakarrik ikusi zuten. Estatubatuarrak keinu batzuk egin zizkien, eta frantziarrak harengana hurbildu ziren. Elkarrekin zeundenean, Hennesseyk esan zien kideak erorikoa izan zuela. 700 metro rappelatu zituzten, eta hormaren oinarrira iritsi zirenean Gardner-en tresneria ikusi zuten; ez ordea, hilotza.

Mendi horretan zendu den alpinista eta mendi gidaria oso zaildua zen. Ekarpen handiak egin ditu Alaskan. Adibidez, duela bi urte Rob Smith eta Hennesseyrekin batera Denaliko ‘Slovak Direct’ bidea 17 ordu eta 10 minutuan igo zuen. Errekor horrekin batera, aurten, Smith berarekin Hunter mendian zabaldutako bide izugarria sortu zuen: ‘One way out9 (AI6, M6+, R, 2.000 m).