NAIZ

Datorren astean estreinatuko duten ‘Miñan’ antzezlanaren teaserra argitaratu dute

Urriaren 18an, 20:30ean, eskainiko dute lehenengoz ‘Miñan’ antzezlana Luhusoko Harri Xuri aretoan. Ibrahima Balde eta Amets Arzallusen idatzizko lanaren arrakastaren ostean, orain agertokietara egingo du salto. Teaserra eman dute ezagutzera.

Artedramak antzerkira egokitu du Ibrahima Balde eta Amets Arzallusen ‘Miñan’ lana eta ostiral honetan teaserra aurkeztu dute. Antzezlana ikusteko lehen aukera urriaren 18an, 20:30ean, Luhusoko Harri Xuri aretoan izanen da.

Balde kamioi batean zebilen lanbidea ikasten Ginean, egun batean amak deitu zion arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu, pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin, egarria, gosea eta mina ezagutu. Milaka lagunek urtero egiten duten Afrikatik Europarako bide ankerra ezagutu zuen.

«Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko», dio sinopsiak. «Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala».

Balderen bizitzaren kronika da antzezlan hau, hark ahoz kontatua, Amets Arzallusek idatziz jasoa, eta Artedramak antzerkira egokitua.

Istorioak argia ikusi zuenetik aitorpen ugari jaso ditu. Aita santuak berak ere erabili zuen migrazioaren dramaren inguruan hitz egiteko. Migrazioa alde askotatik lantzeko ere balio izan du hainbat proiektutan, Hernaniko insitutuan besteak beste, eta baita euskara ikasteko ere.