Ibone Bengoetxeak, Lakuako Kultura sailburuak, aitortu du Guggenheim Urdaibai proiektua ez dutela Busturialdeko herritarrekin kontrastatu oraindik. EH Bilduko Oihana Etxebarrietak Gasteizko Legebiltzarrean botatako galderari erantzunez ziurtatu du «elkarrizketa eta kontraste» prozesua abiatuko dutela eskualdean, noiz zehaztu gabe, baina «berehala».
Etxebarrietak proiektuaren inguruan behar bezalako azalpenik eman ez izana leporatu die Lakuako Gobernuari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, eta Busturialdearen suspertze ekonomikorako plan baten beharra azpimarratu du, Guggenheim Urdaibai bezalako «makroproiektuen» ordez. Gaineratu du proiektua abian jartzeko lehen saiakera 2008an izan bazen ere, oraindik ere «ingurumen azterketarik egin gabe, hirigintza moldaketek ekarriko dituzten ondorioak aztertu gabe jarraitzen» dutela.
Halaber, Etxebarrietak EH Bilduren proiektuaren aurkako jarrera berretsi du, Busturialdean sortu diren plataformek eskatutakoarekin bat eginez, eta zalantzan jarri du Bengoetxeak azkenaldian eragileekin izandako bileretan hitz egindakoak kontuan hartuko dituenik: «Argi dago guk ez forman, ez fondoan ez dugula momentuan proiektu horrek proposatzen duenarekin bat egiten, turistifikazio eredu bat sustatuko duelako, ikuspuntu ekologikotik ez duelako bermerik eskaintzen».
Era berean, Euskal Kultur Sistemaren Legeari heltzeko eskatu du eta benetako «entzute fasea» abiatzea, «gobernantza kolaboratiboa» posible izan dadin. Etxebarrietak Bengoetxeak «eskualdeak behar duen plan sozio ekonomikoan zentratzeko» hitzartzean hartu duen tartea txalotu du, bidea hori dela azpimarratuz. Hala ere, azpimarratu du «entzuteak soilik» ez duela balio «hitz egiten ari denari kontuan artuko zaiolaren ziurtasuna ematen ez bazaio». Hori dela eta, gogoratu nahi izan du herritarrak ez direla proiektuaren nolakotasuna eztabaidatzen ari, baizik eta proiektua bera ari direla zalantzan jartzen.
Bengoetxeak «posizio dogmatikoak» alde batera uzteko eskatu dio eta erantzun dio «datozen asteetan» aurkeztu eta martxan jarriko dutela entzuteko eta «eztabaida sosegaturako prozesu zabal bat», horretarako propio sortu duten erakunde arteko lan talde batek ondutakoa.