Jon Ormazabal

Zubizarretaren txinpartak Urrutikoetxearen erresilientzia agortu du Agoitzen

Ataundarrak ederki mugitu du alderik-alde aurkariari mina egitea asko kostatu arren, bere porrota garesti saldu nahi izan duen beteranoa (22-14).

Iraitz Zubizarretak beste partida borobil bat jokatu du.
Iraitz Zubizarretak beste partida borobil bat jokatu du. (Oskar_MATXIN_EDESA/FOKU)

Iraitz Zubizarreta ataundarrak, ziurrenik, bere ibilbideko garaipenik sonatuena lortu du gaur gauean Agoitzen eta lehen mailako Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkan arituko da lehen aldiz Erik Jaka, Jokin Altuna eta igandean Lekunberrin garaipena eskuratzen duen Ezkurdia edo Artolarekin taldea osatuz. Kaiolakoari hasiera eman dion belaunaldi arteko talkan, goierritarraren txinparta bere garaipena garesti saldu nahi izan duen Urrutikoetxearen erresilientzia baino gehiago izan da.

Berez pilotari bakoitzak zekarren presioari Agoizko pilotalekuaren frontis bihurriak tentsio gehiago ezarri die, aurrelari bakoitzak, koxkaren bat  pasa bat egin baitu saketik bere bigarren ahaleginean, hurrengoak ere baldintzatuz.

Kontua da, aurreko astean partida bat irabazita zetorren ataundarra askoz hobeto egokitu dela kaiolara eta azkar irabazi ditu kantxaren erdia eta, horrekin batera, jokoaren ekimena. Mikel Urrutikoetxea, aldiz, kantxan kokatu ezinik bezala aritu da, tantoa frontisetik urrundu ezinean eta, angelurik topatu ezinik, piloteoan ekimena eramateko aukerarik gabe.

Joko motzean oso nagusi

Eta joko motz horretan eroso aritu da pilota alderik alde bikain mugitu duen Iraitz Zubizarreta. Efektuekin eta bi paretakoari etekina aterata, alderik alde ibili du Zaratamokoa eta pilotakada askorik eman beharrik izan gabe (96), zazpi tantotako aldearekin joan da lehen atsedenaldi luzera (5-12). Alde hori beste lau tantotan ere handitzea lortu du goierritarrak bizkaitarraren ezinari etekina aterata.

Baina sasoi eta azkartasun puntu bat galdu baditu ere, Mikel Urrutikoetxeak bere horretan mantentzen du partidei eusteko eta zailtasunei aurre egiteko beti izan duen sailez aparteko gaitasun hori eta ordura arte erakutsi ez duen erabakigarritasunarekin, lehia ekartzea lortu du. Sakea izan da krisi garai horretan Zaratamokoaren helduleku nagusia. Ordura arte lotuta izan duen korapiloa askatuta, lau tanto lortu ditu jarraian lehen pilotakadarekin eta kanporaketaren inertzia errotik aldatu du lau tantotara gerturatua (12-16).

Aldea are gehiago murrizteko aukera ere izan du aurrelari beteranoak, baina sake-erremate batean ez du gantxoa behar bezala gurutzatu eta ataundarrak buruzgain pasa du bere aurkaria, bere bizkarrean pilatzen ari zitzaion zama, nolabait askatuz.

Izan du beste oldarralditxo bat Mikel Urrutikoetxeak, baina ez du partidari buelta emateko beharrezkoa zen determinaziorik izan eta nork daki Agoizko hau ez den bere ibilbideko buruz buruko azken partida izan.

 

FITXA TEKNIKOA:

Urrutikoetxea: 14

Zubizarreta: 22

Pilotakadak: 209. Iraupena: 52,04 minutu. Markagailua: 1-0, 1-2, 2-2, 2-7, 3-7, 3-9, 4-9, 4-10, 5-10, 5-16, 12-16, 12-19, 14-19, 14-22. Sakeak: 4 (falta 1) Urrutikoetxeak eta 3 (falta 1) Zubizarretak. Egindakoak: 7 Urrutikoetxeak eta 16 Zubizarretak. Galdutakoak: 3 Urrutikoetxeak eta 2 Zubizarretak. Gorabeherak: Sarrera polita Agoizko pilotalekuan.  Inar Jaka aritu da Urrutikoetxearen botilero lanetan eta Endika Apalategi egon da Zubizarretaren. Lehen sakea gorri.