Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Bera Berak Benficaren aurka gogotik sufritu badu ere, bidea egiten jarraituko du Europan

Azken momentura arte gogotik sufritu du Bera Berak Gascan Benficaren aurkako bueltako partidan (32-32), baina azken momentuan markagailua berdindu, eta aurrera doaz Europan. Alba Menendez kapitainak eta Imanol Alvarez entrenatzaileak bat egin dute esanez, «oraindik taldeak asko duela hobetzeko».

Bera Berako jokalariak, ImanoL Alvarez prestatzailea tartean, Europan aurrera egin dutela ospatzen.
Bera Berako jokalariak, ImanoL Alvarez prestatzailea tartean, Europan aurrera egin dutela ospatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Neurketa amaitu berritan, azkar batean gogora ekarri du Alba Menendez Bera Berako kapitainak Benficaren aurkako joaneko partida NAIZ Irratiko mikrofonoan. «Partidak erakusten du zein garrantzitsua den hango partida; kakotxen artean, bukaeran galdutako sei gol horiek. Berdinketa positiboa da guretzat, pasatu garela, baina uste dut talde honentzat ez dela nahikoa».

Gaur Gascan larrutik ordaintzekotan egon dira Portugalen azken minutuetan galdutako zortzi punturen errenta. Partidako azken bost minutuak frenetikoak izan dira. Pentsa, 28.minutuan portugaldarrak 30-32 aurretik zihoazen markagailuan -kanporaketa berdinduta zegoen momentu horretan-. Marie Louisek eta Maitane Etxeberriak azken unean sartutako bi golekin arnasa hartu dute donostiarrek. Europan aurrera egitea lortu dute, eta azken kanporaketa gainditzea falta zaie Europako multzoen fasean sartzeko. MKS Lublin talde poloniarra izango dute aurkari azaroan.

Imanol Alvarezek zazpikote honekin ekin dio lehiari: Tamara Kostic (atean), Elba Alvarez, Esther Arrojeria, Maitane Etxeberria, Alba Menendez, Carmen Arroyo eta Lyndia Tchapchet. Lehen zatia oso parekatua izan da, eta berdintasun hori markagailuan islatu da. Ez donostiarrek, ez portugaldarrek ez dute lortu aurkariari hiru puntu baino gehiagoko aldea ateratzea.

Defentsan sendo aritu da Bera Bera, eta kontraerasoan bizi-bizi atera dira aukerak ondo aprobetxatuta. Bereziki nabarmentzekoa Anne Erauskinek lehen zatiaren bigarren erdian kontraerasoan sartu dituen golak. Bost egin ditu guztira ermuarrak. Lehen zatian bakarrik ez, neurketa osoan distira egin duen jokalaria Elba Alvarez izan da, zazpi golekin, baita Carmen Arroyo ere, bostekin. Atsedenaldira etxekoak aurretik 16-15.

Elba Alvarez Bera Berako jokalaria (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bigarren zatia nahiko parekatua izan den arren, Imanol Alvarezek gidatutako taldeak dezente sufritu du amaiera aldean. 20. minutuan 27-25 zihoazela markagailuan, eta ematen zuenean Bera Berak oso bideratuta zuela kanporaketa, portugaldarrek aldea murriztu ez ezik, bi aurretik ere jarri dira markagailuan, kanporaketa berdinduta. 30-30 zihoazela markagailuan Laura Hernandezek penaltia huts egin du, eta txartel gorria adierazi dio epaileak, atezainari aurpegira jaurtitzeagatik.

Gauzak horrela, dena donostiarren kontra bazegoen ere, Marie Louisen eta inoiz huts egiten ez duen Maitane Etxeberriaren golei esker, donostiarrek partida berdintzea lortu dute (32-32).

Imanol Alvarez: «Momentu gogorrak jokatzean kosta egiten zaigu»

Partida amaitu berritan, Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzailea oraindik tentsioa gorputzetik atera ezinik zegoen. «Pozik bai, baina oraindik pixka bat urduri. Azkenean asko sufritu dugu. Gaurko partida ez zen erraza jokatzeko, ikusita han nola jokatu genuen, izan genuen abantaila, eta han bederatzi minututan sei goleko errenta jan zigutela. Idatzita zegoen sufritzeko partida izango zela».

Alvarezek Gascara gerturatu den jendeari eskerrak eman dizkio, «nola eraman duen taldea, zer zegoen jokoan jakin arren». Oraindik jende gaztea dutela nabarmendu du: «Nahiz eta Bera Bera izan, nahiz eta faboritoak izan, momentu gogorrak jokatzean kosta egiten zaigu pixka bat. Gaur aukera bat izan dugu ikasteko, irabazi egin dugun arren».

Benficaren aurkako partidan taldea ondo ikusi al duen galdetuta, ermuarrak adierazi du «beti» ikusten dituela akatsak, baina «pozik» dagoela egoerari berriro ere buelta eman diotelako.

Azaroan jokatuko dute Europako bigarren eta azken kanporaketa MKS Lublin talde poloniarraren aurka. Horren inguruan, Bera Berako entrenatzaileak adierazi du Benficaren aurkako partida baino «zailagoa» izango dela. Hala ere, Alvarezek nabarmendu du haiek ere «beste egoera batean» egongo direla. «Beste hilabete bat dugu partida hori prestatzeko. Azken kanporaketa da, eta buru-belarri jarriko gara horri begira».

Alba Menendez: «Taldeak denbora behar du»

Alvarezek esandakoarekin bat egin du Alba Menendez taldeko kapitainak. «Gaur berriz ere hiru gora jarri garenean hamar minuturen faltan, agian hor errematatu behar genuen partida, eta berriro ere ez gara kapazak izan. Beraiek aurretik jarri dira, eta azkenean berdinketa guretzat, baina asko dugu ikasteko. Uste dut taldeak denbora behar duela. Oso talde ona izateko aukera dugu».

«Tentsio askorekin» bizitu du kapitainak partidaren amaiera. Azken minutuetan aulkian egon da, eta eseri eta altxa ibili da. «Erdi zorabiatuta nengoen. Horrelako partidak beti dira tentsio askokoak, baina disfrutatu ere egin dugu. Publikoak ere disfrutatu du, eta harmaila horrela ikusten dugunean, guk are gehiago gozatzen dugu».

Poloniako taldearen aurkako Europako kanporaketari begira, kapitainak argi eta garbi esan du helburua multzoen fasera iristea dela. «Aurreneko pausoa eman dugu, bigarren pausoa askoz ere zailagoa izango da. Zorionez denbora dugu kanporaketa horretara iritsi arte gaurko akatsak hobetzeko. Helburua zein den argi dugu, eta horren bila joango gara».